Joana Maiz, batetik. Casting zuzendari bat da, Donald Fisherrek Euskal Herriaz, «Santimamiñeko kobazulotik Bilboko Athleticera» luzatzen den historiaz, egin nahi duen dokumentalean. Laura Odriozola Lauren, bestetik. Etxetik kaleratua izatekotan den andre zahar bat da, garai batean pop izarra izandakoa eta gaur egun bere burua artista polifazetikotzat jotzen duen semea ere baduena. Bi emakume, belaunaldi oso batek eta bizipenek bereizten dituztenak. Bakoitza bere erara bada ere, erresistentzian bizi direnak.
Erresistentzian bizi izateari buruzko gogoeta baita, neurri handi batean, Joana Maiz,Yurre Ugartek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) eta Joseba Larratxe Josevisky-k (Irun, Gipuzkoa, 1985), lau eskutara egin eta Harriet argitaletxeak kaleratu duen eleberri grafikoa. Maizek polaroid kamera erabiltzen du dokumentalerako casting horietan, eta argazki horietako batean harrapatuta geratuko da Laurenen irudia. Fisher hil ondoren, eta Jerry haren semeak dokumentalaren egiletza bere gain hartu nahi duela ikusita, Maizek bere lan propioa eramango du aurrera. Eta hor azalduko da Lauren. Ugarte: «Joana Maizek erabakiko du baztertua izan den emakume bat berreskuratzea bere lanaren ardatz bihurtzeko».
Izan ere, Euskal Herriaren historia jaso nahi duen dokumentalaren hastapen proiektuan historia horretako protagonista batzuk ikusiko ditu Maizek: Ignazio Loiolakoa, Eneko Aritza, Sabino Arana, Jorge Oteiza, Txabi Etxebarrieta... Denak, salbuespenik gabe, gizonak. «Topikoak baztertutako errealitatea» azaleratzeko nahia ere badago-eta komikian. «Nork baztertu du errealitate hori? Nork idazten du Historia? Hori bakarrik da Historia? Eta gaur egunari begiratzeko ere balio dute galderek. Gaur egungo jendarte plurala eta kontrastez beteriko errealitatea ere ez dira batzuek erakutsi nahi duten hori». Horri lotuta, Paul Klee artistaren aipu bat ekarri du Ugartek: «Arteak ikusgarri egiten du errealitatea».
Lauren ezagutzeak barrua astinduko dio Maizi. «Atso horren ezagutzak Joanarengan eragiten duena da istorioaren motorra», azaldu du Ugartek, «baina geruza gehiago ere sartzen ditu argumentuan». Hain zuzen ere, Lauren ezagutzean, Maizek bere nortasuna ere zalantzan ikusiko du: «Polaroida sartzea ez da kontu hutsala, identitateari eta nortasunari buruz ari baikara. Polaroidarekin pertsonen identitatean arakatzen du Maizek; baina Lauren ezagutzean, bere identitatea izango da zalantzan jarriko duena». Azken batean, Laurenengan ikusiko du bere «ifrentzua».
Ideia narratiboak
Ez da hau Ugartek eta Joseviskyk elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia. Katu hegoduna komiki digital laburra egin zuten 2014an Saure argitaletxearentzat, eta Xabiroi aldizkarian ere aritu dira elkarrekin lanean. Bat idazten eta bestea marrazten.
Orain dela urte batzuk beste proiektu handi bat izan zuten esku artean, «zientzia fikziozkoa eta 200 orrialdetara iristen zena», Joseviskyk azaldu duenez, baina bazter batean utzi zuten, eta Joana Maizi heldu zioten.
Ugartek istorio orokor bat proposatu bazuen ere, sormen prozesuan berean joan da garatzen komikia. «Yurrek gidoiaren parteak pasatu, nik zirriborroak egin, bion artean aldaketak proposatu... Lan egiteko modu organikoa izan da, sormen bikote batena».
Hiru kolore erabili ditu marrazkilariak istorioa ilustratzeko: zuria,beltza eta urdinaren eta berdearen artean dagoen beste bat, «urdin turkesa». Horrek balio izan dio kontakizunaren denbora ezberdinak bereizteko, flashback-ak zuri-beltzean irudikatu baititu. «Nire nahia da gidoiak ematen dizkidan gakoak erabiltzea narrazio bezala», zehaztu du Joseviskyk, elementu estetikoez harago, kontatzen duenari eman baitio garrantzia: «Ideia estetikoak ideia narratibo bihurtu behar dira».
Liburua Getxoko Komiki Azokan erakutsi zuten Ugartek eta Joseviskyk, eta han izandako harrerarekin pozik dago marrazkilaria, nahiz eta beretzat Durangoko Azokan aurkituko duen liburuak bere publiko naturala.
Hori baino lehen, hilaren 13an, Donostiako Tobacco Days liburu dendan solasaldi baten bitartez aurkeztuko dute.
Harrieten uzta
Joana Maiz-ez gain, Harriet argitaletxeak beste lau lan aurkeztu zituen, atzo, Donostian eginiko ekitaldian: Gregorio Muro Harriet-ek idatzi, Alex Machok marraztu eta Garlukek koloreztatutako Lotsa eta ahaztea, Didier Quella-Guyotek eta Sebastien Moricek osatutako bikotearen Oroiminaren uhartea, Mk Devillek idatzi eta Christophe Girardek marraztutako Virginia Hill eleberri grafiko biografikoa, eta Isaline, Sorginkeri izoztua, L’Hermenier eta Yllyaren haurrentzako lana.