Donostiako Zinemaldiko gidoi onenaren saria eta zuzendari onenarena ez ezik, Irizar eta Feroz sariak eta Fipresci saria ere jaso zituen Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita filmak. Baliteke lorturiko sarien zerrenda handitzea laster, Goya sarietarako 15 izendapen lortu baititu filmak, tartean filmik onenari emango diotena.
Urtarrilaren 25ean banatuko dituzte sariak, Malagan (Espainia).
1936ko gerrako istorio bat kontatzen du filmak, egiazko hainbat kasutan oinarrituta: faxisten kolpearen biharamunean, errepresalien beldur etxean ezkutatu, eta 33 urtetik gorako itxialdia bizi izan zuen bikote baten istorioa. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreak dira protagonistak.