XIX. mende amaiera aldera estreinatu zuten Charles Colin konpositoreak eta Etienne Decrept idazleak sortutako euskarazko Maitena opera, eta, une hartan izandako arrakasta gorabehera, adituen arteko zurrumurru huts bilakatzeko arriskuan utzia zuen historiak. Musikologo askok aipatzen zuten lana mugarritzat, baina entzun, denbora luzez, inork ez du entzuterik izan. Orain arte. Bilboko Koral Elkartearen ekimenez, partitura eta libretoa artxibotik berreskuratu, zaharberritu, transkribatu, entseatu, estudioan interpretatu eta CD bikoitzean kaleratu dute orain, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren lankidetzarekin eta Ibs Classical diskoetxearen zigilupean. Irailaren 12an hasiko dute diskoaren banaketa fisikoa, eta irailaren 24tik aurrera jarriko dute entzungai musika entzuteko atari digitaletan.
«Zulo beltz bat» izan da Maitena euskal musikaren historian. Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak azaldu du zergatik. «Denek hitz egiten zuten hari buruz, baina ze musika zeukan?». Eta, ondorioz, berreskuratze lana ez ezik, interpretazio lan handia egitera behartu ditu hutsune horrek. «Garai hartako interpretazio modu batzuen lekukotzarik ez da geratu, eta asmatu egin behar izan ditugu». Eta, azaldu duenez, musikariek zein abeslariek ere ez dute beren lanari buruz gogoeta egin ahal izateko ispilu handirik topatu. «[Giuseppe Verdiren] La Traviata bat egiteko hogeita hamar mila bertsio daude, baina ‘Maitena’ egiteko ez dago inongo bertsiorik, eta horrek lana suposatzen du».
Pandemia garaiko grabazio bat
«Ardura» eta «erantzukizuna» dira, hain zuzen ere, Miren Urbieta-Vega sopranoak nabarmendu dituen bi hitzak. Berak jarri dio ahotsa Maitenari diskoan, eta kantaera lantzeko egin beharreko lan historikoa nabarmen du. «Lan hori egiten duzunean, argi dugu partitura berri bat ikasten ari zarela. Teknikoki ondo egin behar duzu lan hori, baina, gainera, disko hori hor geratuko da, eta hemendik aurrerako belaunaldi guztiek hori izango dute erreferentziatzat».
Grabazioan, Iker Sanchez zuzendariaren esanetara aritu da Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Urbieta-Vegarekin batera, ondokoek ere osatu dute abeslari taldea: Mikel Atxalandabaso tenoreak, Marife Nogales mezzosopranoak, Jose Manuel Diaz baritonoak, Fernando Latorre baxuak, Jabier Tome tenoreak, Estibaliz Sanchez sopranoa. Pandemia sasoi betean sartu ziren estudioan iaz, eta zailtasun bereziak ekarri dizkie horrek. Elkarrekiko distantziak mantenduz aritu behar izan dute musikariek, esaterako, eta bi txandatan egin dituzte lanak. Goizean aritzen zen orkestra, eta hark grabatutakoaren gainean kantatzen zuten koruko kideek arratsaldean. Emaitzaren kalitatea nabarmendu dute arduradunek.
Substratu komun bat
Maitena pertsonaia du ardatz Colinen eta Decrepten operak. Lapurdin kokatuta dago kontakizuna, Mendiburu baserrian, zehazki, hangoxe alaba baita protagonista, eta, funtsean, garaiko konbentzioen arabera sortutako maitasun istorio bat kontatzen du. Aitak, Ganitxekin ezkondu nahi du alaba, gizarte klase oneko gaztearekin, baina, Maitenak Domingo pilotaria maite du. Buenos Airesera joango dira ihesi maitaleak. Urte onak izango dituzte, hasieran, baina, gero, senarra eta semea galdu, eta jaioterrira itzultzea erabakiko du Maitenak. Ez du harrera onik jasoko hasieran, baina, azkenean, aitak geratzeko eskatuko dio, eta Ganitxekin ezkontzeko, hark ez baitu sekula ahaztu.
Euskarazko lan lirikoak sustatzea zen Bilboko Koral Elkartearen asmoa XIX. mende bukaeran, eta Colini ez ezik, beste hainbat euskal konpositoreri ere luzatu zieten eskaria, horregatik. Hala sortu zen Maitena, beraz, eta harekin batera, euskarazko lan lirikoen zerrenda horretan dira, besteak beste, Jose Mari Usandizagaren Mendi-Mendiyan, Santos Intxaustiren Lide ta Ixidor, eta Jesus Guridiren Mirentxu ere. Eta lan haiek eta euskaraz sortutako beste batzuk berreskuratu eta ezagutaraztea da orain elkartearen helburua. «Substratu komun bat dute lan horiek guztiek», azaldu du koraleko kudeatzaileak. Alberdi: «Pertsonaien rolak errepikatu egiten dira, pertsonaia tipoak, eta tramak ere antzekoak dira».
Ordea, multzo horren barruan Maitenak baditu bere berezitasunak, Alberdiren hitzetan. «Oso ondo idatzitako musika da. Euskal melodiak daude, baina lengoaia sinfonikora eraldatuta, eta konposizioaren aldetik zapore frantsesa du, Colin Baionakoa zelako, eta eragin hori igartzen zaiolako. Bere garaiko produktu bat da, maila handikoa».
Musikarien konpromisoa
Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Inaemen eta Petronorren laguntzari esker egin dute Maitena operaren ekoizpena, eta, 25.000 euroko aurrekontua izan du, guztira. Bilboko Koral Elkarteko ordezkariek abeslariek proiektuari azaldutako babesa eta izandako konpromisoa nabarmendu dituzte datu ekonomiko horren berri eman eta berehala.
2019an sortu zen ideia. Euskarazko opera lan haiek berreskuratu eta haiekin piano eta ahotserako egokitzapen xume batzuk egitea zen hasierako asmoa, baina proiektua hazten hasi, eta, azkenean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa zein Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ere batu dira, adibidez, eta hurrengo grabaketa ere bidean dutela jakinarazi du elkarteko kudeatzaileak: Intxaustiren Lide eta Ixidor umeentzako opera, hain zuzen ere. Euskal operak deitu dute.
Zuzeneko emanaldi eske
Diskoez gainera, zuzeneko emanaldiak egiteko aukera ere eskatu dute Marife Nogales eta Mikeldi Atxalandabaso abeslariek. «Gutxienez urtean behin taularatu beharko lukete euskal antzokiek ekoizpen honen mailako lanen bat, bestela ahaztu egiten direlako».
Aurelio Artetaren koadro bat hautatu dute diskoaren azalerako. Berez, margolariak bazuen operaren libretorako propio sortutako zuri beltzezko grabatu bat, baina «estetiko tristea» iruditu zitzaien irudia disko baten azalerako, eta, haren ordez, horregatik hautatu dute pintorearen garai bertsuko beste koadro koloretsuago baten detailea, Sardina saltzailea, eserita izenekoa, zehazki.