0tik berriz hasteko xede

Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren karietara 0 kolektiboaren perkusio formazioa ariko da bihar Miarritzen

Musika estetika sinple eta aratz batean jotzeko gogotik abiatu zen 0 kolektiboa. 0 KOLEKTIBOA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Zero bezala ahoskatzen den 0 kolektiboaren ideia musika minimalista egiteko gogoak piztu zuen 2004an. Hastapen haietan,«Musika jotzeko manerak eta estetika musikalak galdekatu nahi genituen. Zerotik berriz abiatu nahi genuen zentzu batean», horra, nonbait, kolektiboaren lapurpena kolektiboko Joel Merahek laburbilduriz.

Stephane Garin eta Sylvain Chauveau hirukoteak osatzen du kolektiboaren bizkarrezurra. Hirurak musikari eta konpositore, hainbat proiektutan murgilduak bestalde, beren arteko adiskidantzak egiten du kolektiboa sortu zutenetik noiztenka elkartu, 0 zenbakia berenganatu, eta taula gainaren bidea hartzen dutela, bihar eginen duten bezala.

Merah bera Baionan da bizi, eta tokiko kontserbatorioan da irakasle. Stephane Garinek azken bi urte hauetan soinua eta zinema uztartzen dituen tailerrak proposatzen ditu Miarritzeko mediatekan, baina bizitokia Euskal Herritik kanpo du azken urte hauetan. Merahekin Garazi Philantropik Orchestra talde esperientzian parte hartu zuen.

Sylvain Chauveau Baionan sortua da, baina orain Bruselan bizi da. Luzaz aritu da Tolosako (Okzitania) Arca taldeko kide bezala. Azken urte hauetan, ordea, bakarkako bidean ari da sakontzen, eta fama bat biltzen ere badabil, pop rock estilotik hurbilduz doala. Kolektibo izaera taldearen geometria aldakorretik heldu da. Hirukotea bada mamia, ez dira beti hirurak ari, eta usu gomitatuak badituzte. Eta batzuetan gitarra dute nagusi, besteetan, bihar bezala adibidez, perkusioa. Stephane Garin, Julien Garin eta Maximilien Dazas ariko dira horretan, Celine Flamen ukanen dute biolontxeloan.

Horra taldearentzat. Eta beren musikaz, berriz, musika minimalista 70eko hamarkadako mugimendu bat dela bereziki zehazten du Merahek. «Behargabekoa, erromantizismoa nolazpait, kentzen duena. Informazio gutxi daukan musika da. Gure hasieretako lurbeltza hori izan zen. Estetikoki sinplea, aratza izan nahi zuen zerbait». Hasiera haietatik hamar urte iragan direla, urteetan metatu trukeekin, beren kolektiboaren nortasuna marraztuz joan da, eta hasieran «abstraktu» gisa ikus zitekeen musika, urteekin «humanoagoa egin da. Inkontzientzia kolektibotik hurbilago. Eskuragarriago», beti Merahen hitzetan.

Ematen dituzten lan guztiak dira oraingo konpositoreen lanak dira, tarteka beren propioak dituztelarik. Steve Reich, Aphex Twin eta Tristan Perich dira biharko hautatu dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.