Musika

11 artista eta talde goratu dituzte Musika Bulegoaren IX. sariketan, tartean Bloñ, Libe eta Verde Prato

Ohorezko sari berezia Benito Lertxundiri eman diote, eta entzuleena Zabaldika Laukoteak irabazi du. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin dute sari banaketa.

Musika Bulegoaren IX. sariketaren ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Musika Bulegoaren IX. sariketaren ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko maiatzaren 14a
19:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Bederatzigarrenez egin du ariketa Euskal Herriko Musika Bulegoak. Bederatzigarrenez egin du pausa bat atzera begiratzeko. Aurreko urteko musika emariari erreparatzeko, eta zehazteko zein diren hamabi hilabete horietan kaleratutako proposamen musikal «esanguratsuenak», edo, bestela esanda, saria merezi dutenak. Irizpide horretan oinarrituta aukeratzen dituzte EHMBren sariketako irabazleak aldiro, eta gaur jakinarazi dituzte 2024. urteari dagozkionak. Guztira 11 artista eta talderi egin diete aitortza sariketaren IX. aldian. Hauek dira sarituak: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean, Verde Prato, Izaro, Benito Lertxundi eta Zabaldika Laukotea.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jakinarazi dute nor diren aurtengo sarituak; garaikur bana ere eman diete irabazleei, eta haietako batzuen musika emanaldiak ere izan dira tartean —gainera, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eman du gero—. Bai irabazleen zerrenda bai eta ekitaldia bera ere «euskal musikaren aniztasunaren isla» direla nabarmendu du, pozik, EHMB Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko lehendakari Maddi Aranak, aurtengo sarituen artean askotariko «erritmo, genero eta doinu motak» bistaratzen direlakoan.

Sariketaren aldi honetan, bederatzi kidek osatu dute epaimahaia. Besteak beste, Iban Urizar musikaria eta irakaslea, Iker Gurrutxaga esataria eta musikan aditua, Nahia Zubeldia kantaria eta musikaria, Teresa Catalan musikagilea, eta Yasmin Soud musikologoa eta musika kudeatzailea ibili dira epaile lanean. 2024an Euskal Herrian kaleratutako 190 proposamen musikal aztertu ditu epaimahaiak guztira —aurreko urtean baino 70 gehiago—, eta zortzi nabarmendu ditu horien artetik: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean, Verde Prato. Horiek guztiek 2.000 euroko saria jasoko dute, baita Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana ere.

Eneritz Furyak musikaria. 'hhh' da haren hirugarren lan luzea.
Eneritz Furyak musikaria. 'hhh' da haren hirugarren lan luzea.

Irabazleen zerrenda plazaratzeaz gain, haietako bakoitza zergatik saritu duten ere azaldu dute Gasteizko ekitaldian. Esaterako, Verde Pratoren Erromantizismoa «proposamenaren nortasunagatik» goraipatu dute, «modu paregabe eta original batean nahastu baititu abangoardia eta tradizioa». Eneritz Furyak artistaren hhh lanari so, berriz, hau azpimarratu dute epaileek, besteak beste: «Folk mundu esperimentalago batetik elektronikara salto egin du Eneritzek erabat, eta nola gainera. Zuzenekoari begira lanketa handia nabari zaio diskoari, dena bakarrik defendatzen baitu, eta abangoardian koka dezakegu lortu duen hori».

Beste hiru sari

Ohi denez, epaimahaiak emandako sariak ez ezik, beste hiru aitortza ere banatu ditu Musika Bulegoak. Besteak beste, Etxepare Institutuaren saria ere bada egitasmoaren parte: «Euskal musika nazioartera zabaltzen duten proiektuak» goraipatu ohi dira sari horren bitartez, eta Izaroren lana goratu dute aurten. Batik bat, azken hiru urteotan nazioartean eginiko kontzertuetan egin dute azpimarra.

Bestalde, Musika Bulegoak ohorezko sari berezi bat eman du atzera ere. EHMBko zuzendaritza batzordeak erabaki ohi du nori eman, eta Benito Lertxundik jaso du garaikurra azkenerako. Argudiatu dutenez, «Benito Lertxundiren ahotsak, doinuek eta hitzek belaunaldi osoak markatu dituzte azken hirurogei urteetan», eta, diotenez, omenaldia merezi du horregatik.

Joan den urtean eman zuten estreinako aldiz ikusleen saria, eta berriz egin dute aurten. Hau izan du funtzionatzeko manera: aplikazio baten bitartez, musika proiekturik kutunena bozkatzeko parada eman zaie herritarrei —30 proiektu jarri dizkiete aukeran, zehazki—. Zabaldika Laukoteak jaso du boto gehien; Joxetxo Goia saxofoi jotzailea da proiektu horren liderra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.