“Euskal kultura garaikidearen lekukoak gara”. Esaldi horrekin laburbildu du Loraldia jaialdiaren misioa Imanol Agirre jaialdiko zuzendariak. Zehaztu duenez, euskal sorkuntza garaikidea sustatzea eta sortzaileak ikusgarri egitea dira jaialdiaren azken helburuak, eta horretarako osatu dute 22 egunez Bilboko aretoak hartuko dituen euskal kulturari eskainitako programazioa. Martxoaren 5ean hasiko da jaialdia, eta, guztira, 30 kultur ekitaldiko egitaraua antolatu dute hilaren 26ra arte. Estreinaldiak eta jaialdirako propio sortutako piezak izango dira haietariko asko.
Haien artean izango dira, besteak beste, Kukai dantza konpainiak Oteizari eskainitakoOteiza 110ikuskizuna, Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Ainara Ortega eta Petti musikariek Imanol abeslariaren omenez antolatutako Imanol Jazz emanaldia, Joseba Sarrionandiaren testua oinarri duen Herejeen alabasaioa, Ruper Ordorikari eskainitako Dabilen harriari so, azukre koxkorrak kontzertua, Mizel Theret dantzariak sortutako Lekeitioak ikuskizuna, Sagartu ikuskizunaren aretoko estreinaldia, eta Joxanton Artzeren omenez antolatutako Isturitzetik Etiopian barrena emanaldia. Horiek guztiak aurrenekoz. Eta hala, tantaz tanta, guztira, 120 sortzaile baino gehiago batu arte.
Krisialdi "txikia" eta egonkortzea
Laugarren edizioa izango du aurtengoa. Anton Abadiak euskal kultura sustatzeko XIX. mendean sortutako Lore Jokoak aipatu dituzte beti erreferentetzat antolatzaileek, eta, nolabait ere, asmo hura XXI. mendera egokitzea izan da erronka. “Finantzaketa aldetik eta diseinu artistikoaren aldetik egonkortuta dago jadanik jaialdia”, azaldu du Agirrek.
“Krisialdi txiki bat” ere onartu du zuzendariak, halere. Bilbao 700 fundazioaren bultzadaz, 360.000 euro inguruko aurrekontua izan zuen 2016an, baina aurten ez du fundazio horren babesik jaso, eta 150.000 eurokoa izango da aurrekontu artistikoa, Agirrek zehaztu duenez. “Atera gara krisialditik, eta orain esan dezakegu egonkortuta dagoela jaialdia. Orain badakigu zein den Loraldiaren markoa, eta marko hori da edizio honek markatu duena. 2016an handiago izan zen, baina oraingoa ere handia da, eta gure ametsetatik hurbil dago”.
Programa osoa eta aurkezpen bideoa
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute jaialdia oraingoan, eta ekitaldiaren garrantzia azpimarratu dute erakundeetako ordezkariek aurkezpen ekitaldian. “Erantzuna ona izan da”, esan du Agirrek. Ordezkari publikoekin batera, beste hainbat enpresa pribaturen sostengua ere jaso du Loraldiak, eta haien laguntza ere eskertu dute antolatzaileek. BERRIA egunkariarena eta Badok.eus atariarena, tartean.
Lau sormen-haizetara izango du leloa aurten, Loraldia jaialdiaren webgunean ikus daiteke egitarau osoa, eta jaialdiaren berri emateko bideoa ere zabaldu dute sarean, Robert Garai artistak hainbat euskal sortzaileren elkarlanarekin sortutako Land-art pieza oinarri hartuta.
[youtube]https://youtu.be/J13k7PtV60A[/youtube]