15 urte artea ospatzen

Bilboko Guggenheim Museoak programazio berezia antolatu du 2012rako, hainbat arte adarretako ekitaldiekin

Juan Ignacio Bidarte Guggenheim Museoko zuzendaria, atzo egindako aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Guggenheim Museoak programazio berezia dakar bere 15. urteurrena ospatzeko. Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak atzo azaldu zuenez, orotarako ospakizunak egingo dituzte: arte plastikoak, musika, dantza, moda, arkitektura, gastronomia eta arte eszenikoetako ekintzak antolatuko dituzte urte osoan.Zehaztutako ekintzei beste zenbait gehituko zaizkiela argitu zuen. Krisia dela eta, ez dute ezohiko aurrekonturik izan, eta, «irudimenaren» eta «kolaborazioen» bitartez, gabeziak betetzen saiatu behar izan dute. Bidarte oso pozik agertu zen museoaren ibilbidearekin, eta, orotara, oso balantze ona egin du. Ekintzetan parte hartuko dute, beste askoren artean, Josean Alija eta Ferran Adria sukaldariek, Ainhoa Arteta sopranoak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Esemble Kuraiak eta New York City Ballet-ak. 1997ko Urriaren 19an ireki zuten museoa.

1. Arte plastikoak

Urteko programazioari hasiera emango dio MACBA eta La Caixa Fundazioko bildumen fondoekin sortutako Ispilua Alderantziz erakusketak. Asteartetik eta irailaren 2ra bitartean, ikusgai izango da. Horrekin batera, David Hockney, Claes Oldenburg, Egon Schiele eta Cristina Garcia Roderoren erakusketak ikusteko aukera egongo da aurten.

Museoaren 15. urteurrena ospatzeko, EAEko artista gazteen erakusleiho izan nahi dute eta Guggenheim Bilbao Horma lehiaketa antolatuko dute. Proiektu irabazlea ikusgai izango da museoko erakusgela batean, martxotik abendura bitartean. EAEan lan egin edo berton bizi diren 30 urtetik beherako gazteek har dezakete parte. Bilboko zenbait arte erakunde eta aretotako profesionalek osatuko dute epaimahaia.

2. Arte eszenikoak

Antzerkiak eta dantzak ere bere tartetxoa izango dute ospakizunen artean, eta Dantzaldiak eta New York City Ballet-ak museoko programazioan parte hartuko dute. Roses & Beans performancearekin izango da lehenengo dantza ikuzkizuna, Bastardproduktion konpainia suediarraren eskutik. Lan esperimental horrekin, kafea eta pastela hartzen ari diren pertsonen arteko harreman pertsonala irudikatzen saiatu dira. Suediarrak martxoaren 21ean eta 22an izango dira berton.

Horrez gain, The New York City Ballet-ek bosgarren urtez hartuko du parte Work & Process at the Guggenheim egitarauan. Konpainia estatubatuarreko izarrak Bilboko museoan izango dira uztailean, lan klasiko eta berriak dantzatzeko.

Die Ordnung der Dinge talde alemaniarrak, ordea, musika-antzerkia aurkeztuko du. Musika, performancea, antzerkia eta bideo-artea uztartzen ditu bere ikuskizunetan. Museoan izango dira irailaren 27an.

3. Musika

Hainbat publiko mota izan dituzte gogoan musika ikuskizunak antolatzerakoan. Musika klasikoko ikuskizunekin batera, Art After Dark jaialdi bereziaz disfrutatzeko aukera izango dute musikazaleek. Horien artean, Ainhoa Arteta sopranoak Richard Straussen abestiak kantatuko ditu Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldiari amaiera emateko. Musikariak Euskalduna Jauregian izango dira ekainaren 7an eta 8an. Eta hil batzuk beranduago, azaroan, Esemble Kuraia taldeak Arnold Schonberg-en Ganbera sinfonia 1. zk. joko du, Egon Schieli eskainitako erakusketa dela-eta. Schonberg Vienako (Austria) espresionismo musikalaren sortzailea izan zen.

Publiko gazteago batentzat izango da Art After Dark-eko jaialdi berezia. Hileko azken ostiraleko gau elektronikoez gain, irailaren 21ean saio berezia ospatuko dute. Bidartek aurreratu zuenez, museoaren kanpoaldean «sona handiko» hiru taldek joko dute, okasiorako kokatutako agertokian. Barrualdean, berriz, nazioarteko DJek musika elektronikoa jarriko dute.

4. Arkitektura

Nazioarteko arkitektoen eta artisten jarduna eztabaidarako gai izango dute ekainaren 19an, Processing Envairoments arkitektura sinposioan. Londresko AA Architectural Association School of Architecturek Guggenheim-ean antolatuko du. Parte hartzaileen artean dira, besteak beste, Alejandro Zaera-Polo, Juan Herreros, Eva Castro & Alfredo Ramirez, Toni Kotnik eta Gramazio & Kohler.

5. Gastronomia

Bidartek adierazi zuenez, «gastronomiari eta sormenari lotutako jarduerak egongo dira». Ferran Adria, Josean Alija eta Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartearen eskutik, hainbat ikastaro eta hitzaldi egingo dituzte.

6. Bestelakoak

Jeff Koons-en Puppy eskulturak jantzi berezia izango du udaberritik aurrera, Koons-ek berak urteurrenerako bereziki diseinatua. Lorezko txakurrak ere 15 urte beteko ditu museoan; hori dela, eta Puppy-ren argazki lehiaketa berezia antolatuko dute. Horrez gain, hainbat lehiaketa egingo dituzte sare sozialetan. Gazte eta nagusientzako artearen inguruko beste zenbait ikastarok osatuko dute programazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.