Liburua album ilustratutzat har liteke, oinarrian poema bat duen arren. Pello Añorga idazle eta ipuin kontalaria du egilea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1956). Memoria berriak, berriz, idazketa sortzailearen gaineko «entsegu grafiko bat» da, Yolanda Arrieta idazleak ondua (Etxebarria, Bizkaia, 1963). Bakoitzak bere moldean, biek irakurketaren eta idazketaren bidez egin litekeen bidaia dute mintzagaia. 1545 argitaletxeko arduradun Xabi eta Eneko Salaberriak eta sortzaileek berek aurkeztu dituzte jendaurrean, proiektu zabalago baten parte gisa.
Añorgak liburuaren mekanika izan du abiapuntu: «Edozein liburu hartuta, zabaldu egiten dugu, eta haren azal-kontrazalek hegal itxura hartzen dute; liburua hegaldatu daiteke». Ideia hori harturik, ahotsa nori eman behar ote zion erabaki behar izan zuen hasteko eta behin. Zalantza handirik ez zuen izan: «Liburuak hitz egin behar du». Hortaz, liburua bera da bai protagonista bai eta narratzailea ere. Aitziber Alonsok egin ditu ilustrazioak.
Irakurlea, lagun kutuna
Liburuak bidaia liluragarriak ahalbidetzen ditu, baina lagun baten beharra dauka horretarako. Eta irakurlea du denetan kutunena. Hark hegoak zabaldu behar dizkio, eta bertan dagoena irakurtzearekin batera «preso dauden hitzak» askatzen ditu. Irakurlea eta liburua noranahi joan litezke elkarrekin, Añorgak azaldu duenez: «Espazioan eta denboran barrena, era guztietako munduak ezagutzen dituzte, batzuk elur malutak bezain isilak. Eta joaten dira hondora, eta hor emozioekin egiten dute topo, eta gauza berriak aurkitzen dira: sentimenduak, sorpresa, misterioa...».
«Liburuei oso eskertua sentitzen naiz. Oso urrutira joan naiz haiei esker, eta, era berean, baita oso gertura ere. Ondoan eta hondoan ibili naiz. Lagun zoragarria izan da»
PELLO AÑORGA Idazlea
Bidaia bukatu ahala, baina, hegoak ixten zaizkio liburuari, eta zain gelditu behar du berriro, beste lagun bat noiz etorriko. Ipuinaren amaiera hori den arren, bunbuilo handi bat dago azken orrialdean. Añorga: «Nahi den bezala interpreta liteke bunbuilo hori, jakina, baina 'zuk izan behar duzu nire irakurle, behar zaitut' esaten ari da, nolabait». Urte luzetako esperientzia baliatuz, Añorgak aipatu du haurrei «polita» egiten zaiela amaieran idazteko zerbait edukitzea. Bere buruaz ere hitz egin du: «Liburuei oso eskertua sentitzen naiz. Oso urrutira joan naiz haiei esker, eta, era berean, baita oso gertura ere. Ondoan eta hondoan ibili naiz. Lagun zoragarria izan da».
Arrietarena, «mugarri»
Xabi Salaberriak 1545 argitaletxearen sintonian kokatu du Yolanda Arrietaren ibilbidea eta, bereziki, haren saiakera grafikoa; «mugarri» gisa definitu du: «Arrietaren esperientziaren ondorioak jasotzen ditu, baina abiapuntu bat ere bada».
Izan ere, Arrietak urteak eta urteak daramatza idazketa ikastaroak gidatzen: «Idazten hasi nintzenean, tailerrak egiten ere hasi nintzen, konturatu nintzelako liburua motz gelditzen zitzaiela haurrei». Arrietaren aburuz, «heziketa literarioa» falta da: «Testugintza, irakurketa edota ulermena ez dira lantzen gauzak elkarri kontatzeko helburuz». Ez du galdu idaztearen funtzioak balioesteko aukerarik ere: «Aldarrikatu nahi dut idazketa ekintza soziala izan daitekeela, eta kendu nahi diot gaur egun duen lehia hori». Harentzat, idazketa tailerrak «bizitzan entrenatzeko guneak dira, idazleak fabrikatzeko tokiak baino gehiago».
«Aldarrikatu nahi dut idazketa ekintza soziala izan daitekeela, eta kendu nahi diot gaur egun duen lehia hori»
YOLANDA ARRIETA Idazlea
Halaxe dio liburuaren atzealdeak: «Izaki bizidunon oroitzapenak berreskuratzea irudimenari bidea irekitzen dion erresistentzia ekintza bat da. Idaztea, berriz, erresistentzia ekintza hori gorpuztea». Bada, ekintza horiei heldu die egileak, helburu argi batez: «Ni-tik gu-rako proiektu gisa proposatu, memoria berriak eratzeko».
Bi zati nabarmen ditu Memoria berriak entseguak, Xabi Salaberriaren hitzetan: «Bat praktikoagoa da, eta bestea teorikoagoa». Baina, batez ere, bertan batu dituen elementuek ematen dute arreta: besteak beste, loturek, mapek, iturriek, azalpenek eta argibideek. Horien guztien funtzioaz irmo hitz egin du entseguaren egileak: «Idazteko lagungarri izan daitezkeelako agertu ditut, baina baita prozesuak daudela esateko ere». Kexu agertu da prozesu horiei jaramonik egin gabe dena «di-da» egin nahi delako: «Baratzea behar dugu sortzeko; hor zaindu egiten dugu landatutakoa, eta gaur dena egin nahi da baratzerik gabe, sormenaren izenean gainera». Gaur egun bere leloa zein den azaldu du: «Bizitza zaindu, gezurrak harrapatu eta inertziari izkin egin».
Arrietak Eneko Salaberria argitaldari eta diseinatzailea izan du bidelaguna entseguan. Sarako Idazleen Biltzarrean elkar ezagutu zutenetik, buruz buru eta orriz orri aritu dira elkarrekin, Arrietaren paper, txosten eta zirriborroak «forma ederrean» josi arte. Eneko Salaberria: «Urtebeteko prozesua izan da, baina oso dinamikoa den zerbait lortu dugu, ordenarik gabekoa baina ordenatua».