Literatura

1937ko Bilboko bonbardaketekin abiatzen den maitasun eta memoria istorio bat osatu du Kepa Larreak bere lehen eleberrian

Amodio hiruki bat da nobelaren hari nagusia, baina ahoz aho transmititutako beste hamaika kontakizun bilbatu ditu haren inguruan. 'Zubia' deitu du liburua, eta TZ Testu Zaharrak argitaletxeak eman du argitara.

Kepa Larrea idazlea, Bilbon, bere nobela eskuetan duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kepa Larrea idazela, Bilbon, bere nobela eskuetan duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko abenduaren 6a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

1936ko gerrak markatutako maitasun hiruki bat da Kepa Larrea idazlearen Zubia eleberriaren hari nagusia, baina, egileak aitortu duenez, zurtoina baino ez da hori, ahoz aho bildutako garai hari buruzko beste hamaika kontakizun eta lekukotza bilbatzeko ere baliatu baitu trama hori. Zehazki, 1937ko ekainaren 17ko Bilboren aurkako bonbardaketarekin abiatzen da kontakizuna, baina beste geruza batean, hamarkada batzuk geroago, gerra sasoian familian gertatu zirenak argitu nahian dabilen Jone izeneko pertsonaiaren peskizen berri ere ematen du liburuak. «Hau fikzioa da», azaldu du egileak, «baina egiazko kontaketetan oinarrituta dago, eta, Max Aubek esaten zuen moduan, ez dira ipuinak». TZ Testu Zaharrak argitaletxeak eman du argitara.

Ahanzturari aurre egin beharraz aritu da Larrea liburuaren aurkezpenean. «Isiltasuna izan da nagusi gerraostean. Isiltasunak ahaztura dakar, eta kontaketak, berriz, gogoratzea. Baina gerraosteko errepresioaren eta galtzaile izatearen sentimenduaren ondorioz, gure inguruko etxeetan isilik egon dira. Urteetan. Hori gertatu zitzaion liburu honetako protagonista bati, Joneri, eta hark aurkitu nahi du zer gertatu den eta zer den urteetan isildu diotena».

«Nobelako pertsonaiek espero ez zuten eta nahi ez zuten gerra bat jasan behar izan zuten, eta egoerara moldatu behar izan zuten, handik bizirik irtengo baziren»

KEPA LARREA Idazlea

Idazleak dioenez, eleberrian nagusiki «jende arrunta» topatuko du irakurleak: nekazariak, neskameak, graduaziorik gabeko edo graduazio apaleko militarrak… «Ez dira handinahiak hala beharrez; espero ez zuten eta nahi ez zuten gerra bat jasan behar izan zuten, eta egoerara moldatu egin behar izan zuten, handik bizirik irtengo baziren». Baina, jende xehe horrekin batera, benetako hainbat pertsonaia ere txertatu ditu kontakizunean, eta garai hartako bortizkeriaren neurria erakusten dute haien istorioek.

Edonola ere, egileak azaldu duenez, bortizkeria hori agertu agertzen den arren, ez du gehiegi azpimarratu nahi izan. «Liburuan badago ankerkeria, badaude hilketak eta badago errepresioa eta larderia ere, baina badago adiskidetasuna eta maitasuna ere. Bortizkeria hori esplizituki adierazi baino nahiago izan dut iradoki».

Berez, argitaletxearen izenak iradokitzen duen bezala, berreskuratzeko interesgarriak izan zitezkeela pentsatzen zuten «garai bateko» lanak eman izan ditu orain artean argitara nagusiki TZ Testu Zaharrak argitaletxeak, baina oraingoan «salbuespena» egin eta autore garaikide baten liburu berri bat ateratzea erabaki dutela azaldu du Xabier Monasterio argitaletxeko buruak. «Zergatik?», egin dio galdera bere buruari. «Bada, gure iritzian, gu denokin zerikusia duen gai historiko bat gogoraraztera datorrelako, eta euskaldunok gai honen inguruan idatzizko testigantza gutxi daukagunez, benetan egokia iruditu zaigulako».

Euskal Filologiako lizentziaduna eta Geografia eta Historiako doktorea da Larrea, eta Zubia du lehen fikziozko lana. Edonola ere, aurrez ere hainbat liburu eman izan ditu argitara. Euskalduntzeari eta euskalgintzari lotutako saiakerak izan dira haietako batzuk. Hori da 2004an Elkar eta Likiniano argitaletxeekin argitaratutako Nola Atera Ega (euskara Jakin Gabe) saiakeraren kasua, esaterako. Eta historiari lotutako liburu batzuk ere baditu kalean: hala nola, Mina edo libertatea! (2017, Pamiela), Xabier Mina militar eta gerrillari nafarrari eskainia, eta Biba Mina! Kontuak eta kantuak! (2017, Pamiela).

Paisaia baten heriotza

Jesus Etxezarraga idazleak egindako hitzaurrea ere badakar liburuak, eta Larrearen liburuaren garrantzia nabarmendu du aurkezpenean. Gogoratu duenez, adituek 1936ko gerrari buruzko fikziozko eta ez-fikziozko 50.000 titulu baino gehiago zenbatu dituzten arren, oraindik ere oso presente dago gaia gaur egun ere. «Egunotan aipatu den bezala, 50 urte bete dira egunotan [Francisco] Franco hil zela, baina oraindik bide bazter eta kanposantuetako hilobietan hor daude gorpuak».

«Bilbo inguruko landa munduaren ordez, baditugu pinu xixtrinen batzuk, harrobiak, biltegiak, errepideak... eta Pagasarri mendiak gruyere gazta zulatu bat dirudi»

KEPA LARREA Idazlea

Etxezarretak aipatu duenez, ordea, 1936ko gerra ez ezik, Bizkaian industrializazioak eragindako aldaketak ere deskribatzen ditu Larreraren liburuak. «Arrigorriagatik behera, Ibaizabali jarraitu, ezkerraldeko eskualdeak jasan duen degradazioaz ere ari da. Kontrolik gabeko garapenak paisaia horretan eragindako triskantzagatik dolua adierazten du nobela honek».

Larreak ere aitortu du hori. Azaldu duenez, Bilboren eta haren inguruko herri eta eskualdeen memoria berreskuratu nahi izan du eleberriarekin, eta, horregatik, liburuan aipatzen dituen baserri guztiak benetan existitu zirela zehaztu du egileak —«gaur egun denak suntsituta daude»— eta eskualde horren bi mapa ere gehitu dituzte liburuan. «Mundu hori jada ez dago», azaldu du. «Horren ordez, baditugu pinu xixtrinen batzuk, harrobiak, biltegiak, errepideak... eta Pagasarri mendiak gruyere gazta zulatu bat dirudi».

Samira Azzam idazle palestinarraren ipuinak eta Michael Golden New Yorkeko juduen ghettoko oroitzapenak

Kepa Larrearena ez ezik, beste bi liburu ere eman ditu argitara Testu Zaharrak argitaletxeak. Samira Azzam idazle palestinarraren Beste urte batez ipuin bilduma da horietako bat. 40 urte baino ez zituela hil zen, bihotzekoak jota, baina XX. mendearen erdialdeko Palestinako autore berritzaileetako bat izan zen, adituen hitzetan. Palestinar xeheen eguneroko bizitza erakusten dute haren kontakizunek, eta Iñigo Aranbarrik eta Xabier Monasteriok idatzitako hitzaurre bana ere badakartza argitalpenak. Argitaletxeak zehaztu duenez, gainera, Palestinaren aldeko elkarteei emango diete horren bidez jasotako diru guztia.

 

Michael Gold idazlearen Dirurik gabeko juduak liburu erdi autobiografikoa da argitaratu duten beste liburua. 1930ean eman zuten argitara lehenengoz, eta egileak New Yorkeko juduen ghettoan bizitakoak ditu oinarri. Ruth Juan ilustratzailearen irudiek lagunduta eta ele bitan kaleratu dute lana: ingelesez eta euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.