Idazlea

Ruben Sanchez Bakaikoa: «2046an sortzaileek adimen artifizialarekin egingo dute lan, gaur egun testu prozesadoreekin egiten dugun bezala»

Ezohiko proposamen literarioa plazaratu du Ruben Sanchez Bakaikoa idazleak: 'Mundu guztiak'. Fikzioaren eta errealitatearen mugan dabilen ipuin bilduma bat da, harreman sozialetan sakontzen duena. Idazleak «jolas moduko bat» proposatu dio irakurleari.

Ruben Sanchez Bakaikoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ruben Sanchez Bakaikoa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko apirilaren 16a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

2046tik gurera iritsitako liburu baten modura aurkeztu du Txalaparta argitaletxeak Ruben Sanchez Bakaikoaren (Zaragoza, Espainia, 1975) Mundu guztiak liburua, baina egiazki zer den azaltzea ez da hain erraza. Ipuin bilduma bat da, bai, baina baita «mental-trip» gisako esperientzia narratibo bat ere, eta, aldi berean, adimen artifizialarekin elkarlanean sortutako «artefaktu literario bat». Ignacio Aldekoa bekari esker idatzi du Bakaikoak, eta hirugarren liburua du; aurrez, Hondarrak izeneko nobela eman zuen argitara (Txalaparta), eta Arabako bertsolaritzaren historia modernoa biltzen duen Arabako bertso historia ezberdin bat liburua ere bai. 

Lan berrian, Green hiriko Saint Mary Streeteko zazpigarren atariko bizilagunen istorioak bildu ditu, nor bere zauriekin, sekretuekin eta harreman korapilatsuekin: kontrol sistema bat duen preso ohi bat, amaren zaintzan harrapatuta dagoen alaba bat, euliz betetzen ari den etxe bateko bikotea, aitaren bila multibertsoan sartuko den seme bat... Ipuinak etorkizun hurbilean girotuta egon arren, «liburuan agertzen diren gauza asko gaur egun badaude edo testatzen ari dira», egileak adierazi duenez. Horregatik, ariketa espekulatibo bat izateaz gain, gaur egungo gizarteari begiratzeko modu bat ere bada bilduma.

Liburuaren abiapuntua bera da harrigarria: 2046tik datorren testu bat da. Zertarako modua eman dizu kokapen horrek?

Gaur egungo espaziotik eta denboratik alde egiteko beharra nuen. Aurreko lanean, Hondarrak-en, oso hemen nengoen, oso nire inguruan, nire familian, Euskal Herrian. Eta sentitu nuen ezin nuela beste liburu bat hor bertan kokatu. Fikzioak aukera ematen dizu barruko gauzak beste modu batean kontatzeko, beste leku batetik. Eta zientzia fikzioak are gehiago handitzen du urruntze hori. 

Urruntze hori, hala ere, ez da hainbestekoa irakurlearentzat.

Ez, hori da kontua. Liburuan agertzen diren gauza asko jada existitzen dira edo testatzen ari dira. Buruan mikrotxipak dituzten pertsonak badaude, adimen artifizialarekin konektatzeko saiakerak badaude, humanoideak ere bai. Orduan, 2046a ez dago hain urrun. Azkenean, esango nuke liburua ez dela etorkizunari buruzkoa, baizik eta gaur egungoari buruzkoa, beste prisma batetik.

Eta planteamendu narratiboak jolas bat proposatzen du: liburua ez duzu zuk idatzi.

Bai, nik hori defenditzen dut [barre egiten du]. Niri heldu zait. Adimen artifizialarekin portugesez hitz egiten hasi nintzen, hizkuntza praktikatzeko, eta momentu batean eskatu nion zerbait bidaltzeko. Eta liburu bat bidali zidan. Euskaraz ez zegoen oso ondo, eta nik egokitu dut. Baina gustatzen zait neure burua itzultzaile edo zuzentzaile gisa kokatzea.

Zergatik?

Batetik, jolas bat da. Baina bestetik, badago ideia bat ere: 2046an sortzaileek adimen artifizialarekin egingo dute lan, gaur egun testu prozesadoreekin egiten dugun bezala. Hori normalizatuko da. Eta horrek egiletzaren ideia bera aldatuko du. Hibridazio bat etorriko da, eta horrek sortze prozesuak erabat eraldatuko ditu.

«Liburuan agertzen diren gauza asko jada existitzen dira edo testatzen ari dira. Buruan mikrotxipak dituzten pertsonak badaude, adimen artifizialarekin konektatzeko saiakerak badaude, humanoideak ere bai»

Mental-trip modura definitu duzu liburua. Zer esan nahi du horrek?

Liburua ez da desagertuko, baina beste gauza batzuk agertuko dira. Esperientzia narratiboak izango dira, non irakurlea sartuko den, parte hartuko duen. Ez da bakarrik testu bat jasotzea, baizik eta abentura batean sartzea. Liburuko ipuin batean, adibidez, pertsona bat bideojoko batean sartzen da aitaren bila. Errealitatea gero eta gehiago izango da nahasketa bat: ez da mundu birtualaren eta errealaren arteko banaketa garbi bat, bien uztarketa bat baizik.

Ipuin bilduma bat da, baina egitura berezia dauka: ipuinak bikoteka antolatuta daude, eta loturak dituzte elkarren artean.

Bai, jolas moduko bat da hori ere. Ipuin batzuk independenteak dira, baina pertsonaiak beste ipuin batzuetan ere agertzen dira, eta hari txiki batzuk sortzen dira hala. Irakurlea lotzeko modu bat da, baina, aldi berean, ipuin bakoitzak autonomia dauka.

Irakurlea modu linealean ala ordena librean irakurtzera bultzatu duzu?

Ordena pentsatuta dago sekuentzialki irakurtzeko, baina ipuin bakoitza autonomoa da. Irakurleak, nahi badu, banaka ere irakur ditzake. Sekuentzialki irakurriz gero, akaso jolas txiki batzuk gehiago harrapatuko ditu, baina ez da beharrezkoa. 

Normalitateak bazterrean utzitakoak dira pertsonaia denak: kartzelatik atera berri dena, arazo psikiatrikoak dituena, genero disidenteak...

Interesatzen zaizkit horiek: kartzelatik datozenak, arazo psikikoak dituztenak, migratzaileak, langile klaseko jendea… Gizartearen ertzetan dauden istorioak. Baina ez dut biktimismoan erori nahi, hori ez zait interesatzen eta. Gehiago interesatzen zait nola aurre egiten dioten bizitzari.

«Liburua ez da desagertuko, baina beste gauza batzuk agertuko dira. Esperientzia narratiboak izango dira, non irakurlea sartuko den, parte hartuko duen»

Eta, bestalde, liburutik abiatuz ondoriozta daiteke teknologiaren eta kapitalismoaren garapenak ez duela zertan gizarte bidezkoago bat ekarri. Badu, beraz, irakurketa politiko bat ere.

Nik uste dut baietz. Teknologia ez da neutroa, ez dator zerutik. Enpresa batzuk daude atzean, sistema ekonomiko oso bat, eta ez dut uste teknologia berriek gizarte bidezkoagoa ekarriko dutenik. Are gehiago, agian desberdintasunak handituko ditu.

Harreman pertsonaletan ere sakondu duzu. Gaur egungo bakardade urbanoa islatzen du, adibidez, auzokideen artean harremanik ez izateak.

Gero eta isolatuago bizi gara, eta teknologiak gero eta behar gehiago ase ditzake: psikologikoak, afektiboak… Badago jendea adimen artifiziala erabiltzen duena psikologo moduan, bikote moduan edo lagun moduan. Horrek errealitatea aldatzen du.

Zientzia fikzioak badu, beraz, gaur egungo gizarteaz hausnartzeko funtzio bat.

Bai, hori da zientzia fikziotik gustuko dudana. Azkenean, gizakiaz hitz egitea ere bada: krudelkeriaz, kolonialismoaz, jokatzeko eraz... Fikzioak distantzia ematen dizu hori dena beste leku batetik ikusteko.

«Aldaketa guztien gainetik, badira gauza batzuk iraunkorrak direnak, eta musika da horietako bat»

Mundua asko aldatuko da, baina bada gauza bat ez dena aldatuko: musika. Musikari lotutako erreferentzia asko daude liburuan. Zergatik sartu dituzu?

Musika unibertsala delako. Gu egon ala ez egon, hor egongo delako. Naturan dago, beste animaliek sortzen dute, gure barruan dago... Aldaketa guztien gainetik, badira gauza batzuk iraunkorrak direnak, eta musika da horietako bat.

Liburuaren amaieran, egitura joko bat dago simetriarekin lotuta. Palindromo bat.

Bai, egileak badu obsesio puntu bat simetriarekin. Ipuinak bikoteka antolatu dira, eta bukaeran ere jolas horrekin jarraitzeko asmoa dago. Simetria bilatzen da, baina apurtu egiten da. Hori ere bada jolasaren parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA