Bolada gozoan. Halaxe sumatzen dute bertsolaritza Nafarroan: goraldi betean. Eta indar hori baliatu nahi dute urrats gehiago egiteko. Egoera horretan helduko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 47. aldia, hilabete barru. 24 bertsolari, zortzi saio, beste horrenbeste finalista eta agertoki berri bat finalerako: Nafarroa Arena. Han bertan azaldu dituzte gaur txapelketaren nondik norakoak.
«2023ko aldian, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen», esplikatu du Nerea Bruño Artazkozek, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. «Bertsolaritza goraka ari da Nafarroan, bai ikusle kopuruari eta bai bertsogintzari dagokienez; horregatik, aurtengo finala Nafarroa Arenan izanen da, lehenengoz. Urtez urte bertsolarien maila eta bertaratzen den bertsozale kopurua goraka doazela ikusita egin dugu urrats kuantitatibo eta kualitatibo hori».
Guztira 30 bertsolarik eman zuten izena aurtengo txapelketan, eta, atariko sailkatze fasea igarota, 24 lehiatuko dira urriaren 4an abiatuko den ibilbidean. Zortzi saio izanen dira orotara, eta, antolatzaileek aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, helburutzat hartua dute bertsolaritza Nafarroako eskualde eta eremu guztietara hedatzea: «Apustu hori islatu eginen da txapelketan, saioak Nafarroako hainbat eremutako udalerrietan izanen baitira».
Lau saiotan banatuko dituzte bertsolariak: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen kantatuko dute. Lehen aldia izanen da txapelketako bertso saio bat Los Arcosen eginen dena. Finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari igaroko dira, eta, fase horretan, hiru saio eginen dituzte: bat Agoitzen, bat Leitzan eta beste bat Tafallan. Hiru saioetako irabazleek eta horiek kontuan hartu gabe puntuaziorik onena lortzen duten bost bertsolariek izanen dute finalean aritzeko aukera. Ohikoa den bezala, finalean puntuaziorik onena lortzen duten bi bertsolariek jokatuko dute buruz burukoa, eta haren bidez erabakiko da zer bertsolarik jantziko duen txapela.
Txapeldunak eta aurpegi berriak
Nafarroako bertsolaritzaren lagin plurala eta askotarikoa erakutsiko du aurtengo txapelketak. «Parte hartzaile berriak ez ezik, txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere ariko dira lehian. Aurten, gainera, hiru txapeldun izanen ditugu: Julen Zelaieta, Saioa Alkaiza, eta Julio Soto, egungo txapelduna», esan du Bruñok.
Lehen faseko estreinako saioa Auritzen eginen dute, urriaren 4an, eta bertan ariko dira Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Eki Mateorena, Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Urko Gartzia.
Bigarren saioa urriaren 11n jokatuko da, Mutiloan. Beñat Astiz, Ekhiñe Zapiain, Idoia Granizo, Jabi Lezaun, Julio Soto eta Sarai Robles bertsolariek parte hartuko dute.
Iruritan izanen da hirugarren saioa, urriaren 18an, eta hauek izanen dira parte hartzaileak: Amaia Elizagoien, Endika Legarra, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Xabat Illarregi.
Azkenik, Los Arcosen itxiko dute lehen fasea, urriaren 26an. Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia igoko dira oholtzara egun horretan.
Bestalde, txapelketa proiektu «kolektiboa» dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horregatik, eskerrak eman dizkiete epaileei, gai jartzaileei, antolatzaileei eta antolaketan lagundu duten dozenaka boluntarioei, baita txapelketari babesa eman dieten entitateei eta erakunde publikoei ere.
Finalerako sarrerak ez ezik, saio guztietakoak ere eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dituzte leihatilan salgai, betiere aurretik Internet bidez denak saldu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta Iruritako lehenengo faseko saioa eta finala. Horiek 17:00etan hasiko dira.
Ondasun immateriala
Nafarroako Gobernuaren izenean, hitza hartu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak. Adierazi du bertsolaritza «euskarazko kultur adierazpide bere-berekia» dela, eta euskararen Nafarroako institutuak «konpromiso irmoa» duela hura «babesteko eta sustatzeko». Engaiamendu horren adibidetzat jo du 2018an Nafarroako Gobernuak «kultur intereseko ondasun immaterial» izendatu izana bertsolaritza, eta 2022an lankidetza hitzarmena sinatu izana Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin, «bertsolaritzaren ahozko tradizioa ikertzeko».
Arakamaren hitzaldiaren ostean, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak nabarmendu du Nafarroan ez dela ohikoa «lurraldea goi eta behe, ezker eta eskuin zeharkatzen duten euskarazko kultur ekitaldiak topatzea», eta bertsolari txapelketa «euskal kulturaz gozatzeko topaleku» izanen dela: «Bertsolaritzaren eta, oro har, euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izanen da».
Halere, Bruñok uste du txapelketak «eragiteko gaitasuna» duela bertsolaritzatik at ere; besteak beste, kulturaren transmisioan eta euskararen normalizazioan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte osoan egiten duen lanari «bultzada» emanen dio aurtengo norgehiagokak; adibidez, «Nafarroako bertsolariei ikusgaitasuna emanez» eta «bertsogintza sustatzeko eta gizarteratzeko aukerak eskainiz».