Argazki kamera eskuan hartuta, Jose Manuel Juan Soto argazkilari madrildarrak 25.000 kilometro baino gehiagoko bidaia egin du frankismoak 1945etik 1970era sortu zituen 200 herritako eraikinak dokumentatzeko. Landa arrazionalismoa izeneko erakusketan bildu ditu argazki guztiak orain. Donostiako San Telmo museoan jarri dute bilduma, eta azaroaren 23ra bitarte egongo da ikusgai, Laborategia aretoan. Sarrera doakoa da.
Nekazaritzarako baliagarri ziren lurretara jendea eraman nahi zuen gobernu frankistak, eta kolonizazio programak abiatu zituen horretarako 1950eko hamarkadan. 300 herritik gora eraiki zituzten —baita Euskal Herrian ere—, eta 55.000 familia mugitu zituzten herri berri horietara. Etxebizitzak, udalak, eskolak eta plazak eraiki zituzten, eta oraindik ere bizirik daude herri horietako asko. Jose Luis Fernandez del Amo izan zen herri horiek eraiki zituzten arkitektoetako bat, eta, beste lankide batzuekin batera, ildo arrazionalista hautatu zuen.
Soto 2018an hasi zen eraikinak dokumentatzen. «Madrilgoa naiz; beraz, gertuen nituen herrietara joan nintzen lehendabizi, eta pixkanaka urrunduz joan nintzen», adierazi du. 200 argazkitik gora atera ditu oraingoz, eta herri gehiago bisitatzen jarraitu nahi duela aitortu du, «hasitakoa bukatzeko». Euskal Herrira ere gerturatu nahi izan du argazkilariak, kolonizatutako herri horien erretraturik «nabarmenenak» biltzeko. Nafarroan bost herri topatu dituela azaldu du, esaterako; gainontzeko probintzietan bat ere ez.
«Tximeleta bila zelaira doan zientzialaria bezala, Soto eraikinen aurrean kokatu zen, eta argazkietan zer irudikatu nahi zuen pentsatu zuen». Halaxe deskribatu du argazkilariaren lana Iñaki Bergara komisarioak. Sotoren bidelagun izan da proiektu osoan, eta esker hitzak izan ditu argazkilariarentzat: «Eskertzen dut nigan pentsatu izana. Uste dut gai zoragarria dela eta arreta berezia eskatzen duela».
Aurrez ere baziren herri horiei ateratako argazkiak, eta, Bergarak adierazi duenez, horiek ere izan dituzte gogoan erakusketarako argazkiak egiteko. Herriak sortu ziren garaian bertan aterata zeuzkaten irudi haiek, eta, komisarioaren hitzetan, nolabait ere frankismoaren modernitatearen «ikonografia» osatu zuten. Arkitekturaren eta haren irudiaren arteko harremana «polita» dela ere esan du: «Bata eraikuntza materiala eta fisikoa da, eta bestea, berriz, eraikuntza bisuala».
«Tximeleta bila zelaira doan zientzialaria bezala, Soto eraikinen aurrean kokatu zen, eta argazkietan zer irudikatu nahi zuen pentsatu zuen»
IÑAKI BERGARA Komisarioa
Zuri-beltzean
Sotok azaldu du hasieran erretratuak ere egiten hasi zela: «200 herri inguru bisitatu nituen; beraz, alderdi gizatiarra erakutsi behar zela iruditu zitzaidan». Hala eta guztiz ere, segituan jabetu zen bietako bat hautatu behar zuela: erretratuak edo arkitektura.
135 argazkik osatzen dute erakusketa, azkenean, eta gehienak zuri-beltzean daude. Soto: «Garai hartan atera zituzten argazkiak zuri-beltzean ziren; beraz, horri erreferentzia egiteko, Bergarak eta biok hala erabakita, horrela jarri nahi izan ditugu». Hala ere, badaude erakusketa koloreztatzen duten argazki batzuk ere. Elizetako beirateak: «Hasieran ez nintzen elizetara sartu, baina esan zidaten agian interesgarria izango litzatekeela arte hori erakustea».
«Garai hartan atera zituzten argazkiak zuri-beltzean ziren; beraz, horri erreferentzia egiteko, Bergarak eta biok hala erabakita, horrela jarri ditugu guk ere»
JOSE MANUEL JUAN SOTO Argazkilaria
Aretoko txoko batean, Eduardo de la Cruz zinemagileak egindako dokumental bat ere badago; herri haien kolonizazioaz hitz egiten duten batzuen testigantzak bildu dituzte lanean. Aretoko beste gune batean, berriz, kolonizazio garaiko bibliografia biltzen duten hainbat liburu daude, argazkiak ikusi baino lehen testuinguruaren berri izateko.
Erakusketaren harira, azaroaren 15ean solasaldi bat emango dute Soto argazkilariak eta Susana Lorenzo diseinatzaileak. Racionalismo de campo proiektuaz eta argazki liburuaz hitz egingo dute, Encuadre racional izenburupean. Gaztelaniaz izango da, 12:00etan, San Telmo museoan. Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.