36ko gerra garaiko Iruñea erretratatu du Arraizak bere lehen memoria liburuan

Bere bizitzako lehen hamar urteak kontatu ditu egileak oraingo lanean, eta gehiago idazteko asmoa du

Eugenio Arraiza eta haren aitaren langile zen Lucio Flores, liburuaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Historiaren mamia dira oroitzapenak. Historia datuak ikertuz egin beharra da, baina haren odola eta arnasa dira oroimenak». Eugenio Arraizaren hitzak dira (Iruñea, 1936), Nafarroako euskalgintzako eragile nagusietariko bat da bera, eta baita Eusko Kultur fundazioko burua ere. Bere memoriak argitaratzea erabaki du orain. Kalean da lehen alea: Memorias, Cerezas y golondrinas, Pamplona, 1936-1946 (Memoriak, Gereziak eta enarak; Iruñea, 1936-1946). Bizitzako lehen hamar urteetako oroitzapenak kontatzen ditu; gerra garaiko Iruñearen erretratu pertsonala.

Zeharka baino ez zuen ezagutu errealitate gordin hura Arraizak, halere. Umea zen, eta altxatu zirenen alde aritu zen familia bateko seme. «Burbuila baten barrenean bizi nintzen», aitortzen du, «nire orduko oroitzapenak gerezi eta enarei buruzkoak dira, gero jakin nuen gerrari buruzkoez». Baina, halere, liburuan errealitate haren berri ematea «justiziazkoa» dela dio. Gerora eta beste batzuen bidez jakin zituenak ere sartu ditu, horregatik, bere memorietan. Bere izeben oso lagun zen emakume batekin izandako elkarrizketa bat biltzen du bertan, adibidez: «Animatuena bera zen [Charito]. Elkarrekin izan ginen Accion Catolica-n, eta gerra hasi zenean eskuko bonbak egiten genituen Ziudadelan (...) errosarioa errezatu bitartean».

Militarrez betetako Iruñea haren «mando usaina», hezkuntzan erlijioak zuen pisua, garai hartako hirigintza, aitak behin eta berriz erabili ohi zuen euskarazko hitz bakarra... Ume sasoiko oroitzapen eta sentsazioak biltzen ditu lehen memoria liburuak. «Fraide haztegi moduko bat zen Iruñea orduan. Sotanaz jantzitako jende mordoa formazioan. Denek ikasten zuten seminarioan».

Proiektu zabalago baten barruko lehen atala baino ez da lehen liburua, ordea. Gehiago egongo dira, eta gogoratu bezala argitaratuko ditu. Horregatik gaztelaniaren hautua lehen liburukian. «40 urtera arte ez nuen euskararik ikasi, eta, beraz, ordura artekoak gazteleraz kontatuko ditut. Eta handik aurrerakoak euskaraz izango dira». Guztira zenbat izango diren ez daki, baina aurten beste bi liburuxka gehiago kaleratu nahi ditu, unibertsitate ataritako garaira artekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.