36ko gerraren gaineko literatura aztertuko dute hainbat adituk Donostian

Uztailaren 13an egingo dute Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Ikaskuntzak elkarrekin antolatutako mintegia

Mari Jose Olaziregi eta Unai Apaolaza, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / A. P.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gaur egun jende guztiak hitz egiten du memoria historikoaz. Legeak dauzkagu, monumentuak, mapak... Memoriaren bidez biktimak omendu nahi dira, baina zer memoriaz eta zer historiaz ari gara?». Airean utzi du galdera Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendariak. 36ko gerraren gaineko literaturaren booma sekulakoa dela dio —50.000 liburutik gora kaleratu dira Espainian—, eta katalanezko, galizierazko, gaztelaniazko eta euskarazko literaturetanduen tratamendua aztertzea proposatu dute Etxepare Institutuak eta Eusko Ikaskuntzak. Gerra zibila eta memoria historikoa Iberiar Penintsulako literaturetan mintegia egingo dute Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, uztailaren 13an.

Nazioarteko hainbat unibertsitatetatik etorritako zazpi adituk hartuko dute parte 09:00etatik 13:30era bitartean egingo den mintegian. Joan Ramon Resina, Ulrich Winter, Dolores Vilavedra eta Xavier Pla irakasleak ariko dira, besteak beste. Hogei minutuz hitz egingo du bakoitzak, eta gero eztabaidarako tartea izango da.

Dolua pasatzeko beharra

Memoria historikoaz aritzean lau hizkuntzetako literaturek partekatzen dituzten xedeak, gaiak eta obsesioak aztertuko dituzte, eta baita etikari berari erantzuten dioten ala ez. Mintegian zein «ekonomiaren eta balioen krisi garai honetan» humanitateek duten garrantzia nabarmendu du Unai Apaolazak, Eusko Ikaskuntzako Ikasketen Elkarteko zuzendariak: «Bi gauzarekin geratzea nahi genuke. Batetik, ez ahaztea; eta, bestetik, ateratako ondorioak aplikatzea gertatutakoa errepika ez dadin».

Gerraren dolua pasatu gabe dago oraindik, Olaziregiren ustez. «Isiltasunaren ituna egon da Espainian, eta benetako dolua egiteko, ezinbestekoa da ezagutzea. Literaturak egia txikiak azaleratzen ditu, gerraz kontatu ez diguten hori erakusten digu» .

Mintegian parte hartu nahi duenak Eusko Ikaskuntzaren web orrian egin dezake matrikula. Bost euro ordaindu beharko dute ikasle eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek, eta hamar euro gainontzekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.