'71 begirada' jardunaldietan, kultur politikak hizpide

Kultura Irekia elkarteak 82 eragileri eginiko elkarrizketetan jasotako ondorioak aurkeztuko ditu bihar Bilbon

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herrian diziplina askotan lan egiten duten 82 sortzaile eta eragilerekin hitz egin du Kultura Irekia elkarteak, bideoz grabaturiko 71 elkarrizketatan. Egungo Euskal Kulturaren Soinuen Mapa izena jarri dio azterlanari, eta bihar aurkeztuko du Bilbon, EHUko paraninfoan egingo duten 71 Begirada izenburuko jardunaldian. Ikerlan akademikorik ez dutela egin ohartarazi du Santiago Burutxaga proiektuaren koordinatzaileak. «Iritziak jaso ditugu Eusko Jaurlaritzako kultur politikak diseinatzeko interesgarriak izan daitezkeelakoan».

Sortzaileei galdetu diete zein lan egiten duten, beren sektorea nola ikusten duten, zeintzuk indargune eta ahulgune sumatzen dituzten, instituzioekin zein harreman duten eta zer-nolako kultur politikak beharko lituzketen. Ekimenean parte hartu dutenen artean daude, besteak beste, Ander Lipus antzerkigilea, Irati Jimenez idazlea, Natxo Monteroeta Idoia Zabaleta koreografoak, Xabi Erkizia musikaria eta Maria Ptqk komisario independentea.

Azken bi horiek iritzi guztiak aztertu eta ondorioak atera dituzte. Bihar aurkeztuko dute diagnostikoa jendaurrean. Ptqk-k aurreratu duenez, oro har «motibazio eta baikortasun nabarmena», baina era berean «prekarietate handi samarra» sumatu dute sortzaileen artean. «Hizkuntza, espazio eta enpresa artistiko berriak agertu dira, baina aurrera egiteko zailtasunak dituzte kasu batzuetan. Sorkuntzarako espazioen beharraz mintzo dira, baina ez gune instituzional eta bertikalez. Sortzaileek eurek sortutako eta kudeaturikoez baizik».

'Kultursoinuak.org' ataria

Halaber, «sarean sortzea eta lan egitea erraztuko duten espazio polibalenteenbeharra nabarmendu dute», Ptqk-k esan duenez. «Kultur politiketan paradigma aldaketa bat egon dela igartzen da: traza handiko eraikinak lehenesten dituen eredutik edukietan inbertitzen duenera pasatzen ari gara».

Ondorio horien berri emateaz gain,proiektuak sarean izango duen lanabesa aurkeztuko dute Bilbon: Kultur.soinuak.org ataria. Mahai-inguru bat ere izango da 19:00etan Donostia 2016 hautagaitzako arduradun Santi Eraso, Gijongo (Espainia) Laboral guneko arduradun Pedro Soler eta Madrilgo Lavapieseko La Tabacalera gune libreko kideen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.