Zinema

80ko hamarkadako lau euskal film zaharberrituko dituzte, eta Donostiako Zinemaldian emango

Film hauek hautatu dituzte: Alfonso Ungriaren '100 metro', Xabier Elorriagaren 'Zergatik panpox', Anjel Lertxundiren 'Hamaseigarrenean aidanez' eta Jose Julian Bakedanoren 'Oraingoz izen gabe'.

Zaharberrituko dituzten lau filmen zuzendariak eta instituzioetako ordezkariak, gaur, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Zaharberrituko dituzten lau filmen zuzendariak eta instituzioetako ordezkariak, gaur, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko ekainaren 9a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau euskal pelikulak denboran bidaiatuko dute 80ko hamarkadatik hona. Izan ere, Euskadiko Filmategiak fikziozko lau film zaharberrituko ditu aurten: Alfonso Ungriaren 100 metro (1985), Xabier Elorriagaren Zergatik panpox (1985), Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1985) eta Jose Julian Bakedanoren Oraingoz izen gabe (1986). Zaharberritze lanak Bolognako (Italia) L'immagine Ritrovana laborategietan egiten dituzte, eta uztail hasieran hara joango dira lau pelikulen zuzendariak, lan horiek gainbegiratzera. Amaitutakoan, pantaila handian egongo dira ikusgai, irailean, Donostiako Zinemaldiaren Klasikoak atalean.

Euskadiko Filmategia eta EITB dira proiektuaren bultzatzaileak, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, 80.000 euroko aurrekontuarekin. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia Donostiako Tabakaleran, eta bertan izan dira, lau filmen zuzendariez gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandez, EITBko euskara eta kultura zuzendari Vanesa Fernandez, eta Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos. Besteak beste, ondarearen garrantzia azpimarratu du Bengoetxeak: «Euskarak eta euskal kulturak guztion bultzada behar du, apustu sendoak behar ditu. Euskara eta euskal zinema gure identitate kolektiboaren parte eta isla dira».

Euskarazko filmak sustatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean finantzatu zituen lehen hiru filmak izan ziren Hungriaren, Elorriagaren eta Lertxundiren lanak. Hiru film horietako bakoitzak liburu bat du oinarrian. Hain zuzen, Ramon Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Lertxundiren beraren liburuak. Bakedanoren filmak ere beste liburu bat du oinarrian: Oraindik izen gabe; Bernardo Atxagak idatzi zuen, Jorge Luis Borgesen beste lan batean oinarrituta, eta filma 1987an estreinatu zuten, Donostiako Zinemaldian.

Poza eta ilusioa

Lau filmen zuzendariek poza adierazi dute beren lanen zaharberritzearen berri emateko prentsaurrekoan, eta garai zaharrak eta egindako lanak gogoratu dituzte. Lertxundiri egun batetik bestera iritsi zitzaion filma zuzendu beharra. Hasieran, gidoia egitea zen haren ardura. Filma zuzentzea Imanol Uriberi zegokion, baina, haren ezina tarteko, idazleak egin behar izan zuen lan hori ere. «Eromena» izan zen, haren hitzetan, baina «oso gustura» aritu zela nabarmendu du: «Asko ikasi nuen. Beti esan izan dut ordutik beti idazten dudala kamera batekin. Mesede handia egin zidan».

Aktoreen hautaketan izan zituzten arazoak ere gogoratu ditu Lertxundik: «Praktikoki ez zegoen euskaraz jabetzen zen aktorerik. Antzerkikoak bai, baina zineman ez. Aktore nagusia [Felipe Barandiaran] zortzi egun lehenago fitxatu genuen; hortik atera kontuak nola ibili ginen». Era berean, aukera aprobetxatu nahi izan du Juanba Berasategik euskal zinemari egindako ekarpena goraipatzeko. «Garai hartako euskal zinegile finena Juanba Berasategi zen. Sekulako lana egin zuen, eta denborarekin uste dut ez zaiola behar bezala eskertu».

Ungriak, berriz, esan du 100 metro filma zuzentzea «Euskal Herrira itzultzeko modu bat» izan zela. Euskal Herrian jaio zen arren, oso gazte zelarik egin zuen Madrilerako bidea familiarekin batera, eta han hazi zen. «Haurra nintzela egoten nintzen toki horietan egon nintzen filmari esker, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen sentimendu horiek berreskuratzea». Filmaren zaharberritzeari dagokionez, adierazi du «hunkigarria» dela film harekin 40 urteren ostean topo egitea. Ungria: «Belaunaldi berriek beste garai batean egin ezin zitezkeen filmak ikusteko aukera izango dute».

«Belaunaldi berriek beste garai batean egin ezin zitezkeen filmak ikusteko aukera izango dute»

ALFONSO UNGRIAZinemagilea

Elorriagak adierazi du «hunkituta» dagoela bere filma zaharberrituko dutelako. «Berrogei urte dira film honi buruz ezer ez dakidala. Beldur handia daukat, badakidalako gauza askotan huts egin nuela. Baina, era berean, nire eskuetan zegoen guztia egin nuen. Badakit filmean dauden gauza atseginak berraurkituko ditudala. Eta asko dira».

Lanari dagokionez, Elorriagak nabarmendu du «beste mundu bat» deskubritu zuela Urretabizkaiaren nobelarekin. Garai hartan ez omen zeukan gidoilari aritzeko ohiturarik, eta Urretabizkaiaren kontakizuna «irudietara pasatzen» ahalegindu zen, «nobelari traiziorik egin gabe». Elorriaga: «Testu literarioa ederra zen, eta ezin nuen alde batera utzi. Horretarako beharrezkoa izan zen off-eko ahotsa erabiltzea; akaso, gehiegi ere erabiliko nuen».

Azkenik, Bakedanok nabarmendu du «oso pozik» dagoela filma berriro ezagutaraziko dutelako, eta «malenkonia» pixka bat ere sentitzen duela adierazi du: «Pena ematen dit ez dudalako fikziozko lan gehiago egin». Gaur egun 77 urte ditu Bakedanok, baina ederki gogoratzen ditu film haren sorkuntza lanak. «Filma egiten hasi nintzenean eztabaida bat zegoen, euskarazko fikzioak nolakoa izan behar zuen. Hori dela eta, inor ez zen ausartzen halako lanik egitera. Nik erabaki nuen filma egingo nuela, eta kaleko euskararekin izango zela. Gipuzkoarrak gipuzkeraz, bizkaitarrak bizkaieraz… baina ez nuen euskara baturik nahi, ez zelako kalean naturaltasunez hitz egiten».

Zaharberritze lanak

Lanek bigarren proiekzio hori izan dezaten, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 milimetroko jatorrizko negatiboak erabiliko direla adierazi du Joxean Fernandez zuzendariak. Hala xehatu dute kazetariei zabaldutako oharrean: «Lehenik, material fotokimikoa garbituko da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerraraziko dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira. Abuztuan amaituko dira lanak, eta, Filmategiko teknikariek gainbegiratu ostean, Eusko Jaurlaritzaren babespean gauzatuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.