Ibilbide emankorra izan du Imanol Urbieta (1934; Zarautz, Gipuzkoa) musikariak eta gaur Anton Abbadia Saria emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Nire anbizioa ez da eginiko lana norbaitek aitortzea", esan dio Urbietak gaur Urola Kostako Hitza. "Lasai nago, dena egina daukat-eta. Joan, mila esker esan, eta kitto. 73 urte ditut eta urrutiko kontuak iruditzen zaizkit". Ekitaldia Aldundiaren Donostiako egoitzan izango da, 19:00etan.
"Bere lan berritzailearengatik eta bere bokazioarengatik saria merezi duela uste dugu", adierazi zuen azaroaren 15ean Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatuak. Abbadia Sariak euskararen erabilera sustatzen duten elkarte edo pertsonak saritzen ditu.
Urbietak Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) eta Erroman egin zituen bere lehen ikasketak. Ondoren, Valentziako (Herrialde Katalanak) Unibertsitatean Filosofia ikasten aritu zen. Musikako ikasketak, aldiz, Donostiako Musika Kontserbatorioan egin zituen. Musika bere bizilerroa izango zela ohartu zen orduan. Gaztetatik Zarauzko Irrintzi musika taldean ibili zen. Abesbatza eta musika taldeak ere sortu zituen, gainera. Gipuzkoako lehen musika eskolak Urbietaren eskutik sortu ziren.
Ia bere bizitza guztia haurrekin lanean eman du. Hasieran, haurrentzako kantuak eta ipuinak sortzen ibili zen. Umeentzat euskaraz egin zen lehen grabazioa berak kaleratu zuen Haur kantariak izenburupean, 1976an.
Kultura
Abbadia Saria jasoko du gaur Imanol Urbieta musikariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu