Bortizkeria ugarik zeharkatu dute Abel Azkonaren bizitza (Madril, 1988): haurtzaroan tratu txarrak eta sexu abusuak pairatu zituen, prostituta baten semea da, abandonatua izan zen, adoptatua, bere buruaz beste egiten saiatu zen... Familia da orbaindu gabe duen zauriaren jatorria, eta familia du sorkuntzarako akuilu eta indar. Baita kritika sozial eta politikorako tresna ere. Eta, horregatik, familia du oinarri eta inspirazio Gasteizko Montehermoso jauregian zabaldu duen erakusketa «autobiografikoak» ere. Azkonak gorputzaren, traumen, bortxaren eta erresistentzien inguruan arakatuta ondu du Familiaren monumentua bilduma. Irailaren 28ra arte zabalik egongo da Montehermosoko ur biltegian.
Azkonaren lana «deserosoa» da, «sakona», «erraietatik» sortua, eta ikuslea zuzenean interpelatzen duena, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziaren hitzetan. Izan ere, artistak ez du ikuslea kontsolatzeko asmorik, ezta arteaz gozatzeko gune atseginik eskaintzeko intentziorik ere. Deserosotasunetik mintzo da Azkona, eta, hala, bere haurtzaroa, gorputza, pairatutako «egiturazko indarkeria», «trauma» eta «erresilientzia» modu kronologiko eta grafiko batean islatu du Montehermosoko erakusketan.
«Anti-monumentuaren kontzeptuaz ari naiz, traumaren historia bera obra baino garrantzitsua delako»
ABEL AZKONAArtista
Horretarako, artistak bere burua biluztu du eta zauria artxibo, altxor, lekuko eta arma bilakatu. «Katarsi» moduan definitu du artistaren bilduma Daniel Castillejo komisarioak. «Astiro digeritu» beharrekoa dela esan du, eta ez duela inor «hotz» uzten.
Artistaren ibilbide performatiboa eta bizitza eskutik doaz erakusketan: duela 22 urte egindako lehen performancetik hasi, eta bere amari eskainitako pieza berrienera arte. Ia 500 lan inguru biltzen ditu Azkonak inoiz egin duen erakusketarik zabalenak. Instalazioak, idatzizko testuak, argazkiak, dokumentuak eta altzairuak biltzen ditu.

Erakusketa ikusita, esan daiteke izenburuak ironia eta mina gordetzen dituela: familia espazio babestutzat jo ohi da, baina Azkonarentzat minaren sorburu da, eta monumentu bat eskaini dio, ez opari gisa, trauma baten aztarna gisa baizik. «Anti-monumentuaren kontzeptuaz ari naiz, traumaren historia bera obra baino garrantzitsuagoa delako», azaldu du. «Nire kasuan, nire familia izan zen gerra, eta suntsitu egin ninduen».
Jaiotza bera —eta mundura etorri aurrekoa ere— bizipen biolentoa izan zen, guztiz, artistarentzat: ama prostituta zen, heroinaren kontsumitzailea, eta «hirutan» saiatu zen abortatzen. Jaiotzaren inguruko samin hori erakusten duten hainbat piezarekin abiatzen da erakusketa, eta handik aurrerako ibilbide kronologikoa egiten du: besteak beste, heroinarekiko abstinentzia sindromearekin jaio zela, sexu abusuak pairatu zituela haur etxeetatik igaro zenean, eta jaioberritan abandonatu zuen ama haren bila aritu zela, ustekabean agertu zen arte. «Jaiotzera behartzen bazaituzte, hainbeste aldiz bortxatu eta gaizki tratatu bazaituzte, ez duzu bizirik irauten, baizik eta gaizki irauten», laburtu du Azkonak.
«Ez jaiotzeko eskubidea»
Artistaren erreferentziazko piezak daude bilduman, hala nola bere jaiotza espediente ofiziala biltzen duen 09872 Espedientea. Azkonak perfomance ugari egin izan ditu administrazioak bere bizitzari jarritako kode horren inguruan, «trauma instituzionala» bistaratzeko. Pieza horretan, bere jaiotza ordua ordu erdiz atzeratu du, «ez jaiotzeko eskubidea» aldarrikatzeko, artistak azaldu duenez.
Enpatia eta Prostituzioa du ibilbideko beste lan esanguratsuenetako bat, eta hori ere ikus daiteke aretoan: Azkonak prostituzio egoeran jartzen du bere gorputza, ikuslea haren amaren tokian jar dadin, eta, horretarako, performancearen bideoak eta ohe bat paratu ditu aretoan.
«Jaiotzera behartzen zaituztenean, hainbeste aldiz bortxatu eta gaizki tratatu zaituztenean, ez duzu bizirik irauten, baizik eta gaizki irauten»
ABEL AZKONAArtista
Azkonak ez du soilik bere mina kontatu nahi; beste hainbat emakume, haur eta gorputzen mina ere ikusarazi nahi du. Eta, hala, adoptatutako aita izandakoari lotutako pieza gordinak paratu ditu sexu abusuaren testigantza publiko egiteko; ama biologikoarekin izandako lehen elkarrizketaren dokumentuak bildu ditu —2024ko apirilaren 1ean grabatutakoak—; prostituzioaren bezeroak irudikatzen dituzten gizonen irudiak eta bere amaren DNA proba erakutsi ditu, bai eta babesa eta zaintza ardatz hartuta afektibitatetik sortutako pieza batzuk ikusgai jarri ere.

Castillejok eta Azkonak lau eskutara atondu dute ur biltegia erakusketarako, eta, adierazi dutenez, «utero handi» bilakatu dute. Azkonak aitortu du erakusketa hartzen duen espazioarekin «txundituta» geratu dela —«sekula ikusi dudan aretorik ikusgarriena da»—, eta ez dagoela familiari monumentu bat eraikitzeko toki aproposagorik.
Ur biltegiaz harago ere zabalduko da erakusketa aurki. Izan ere, Familiaren monumentua izeneko bildumaz gainera, artistak azken urteotan bildutako material dokumental eta ikus-entzunezko pieza ugari jarriko dituzte ikusgai Montehermosoko Jovellanos aretoan. Azkona artxiboa. Monumentu baterako proiektua jarri diote izenburua erakusketaren atal horri.