Kultura

Abenduaren 20an jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, BECen

Igor Elortzak eta Unai Iturriagak parte hartuko dute, duela bi urte txapelketari uko egin ostean. Igande honetan izango da lehen kanporaketa, Mendexan.

2008ko urriaren 6a
16:36
Entzun
Duela bi urte Euskalduna Bilboko aretoa txiki geratu zelakoan, leku handiagoan egingo dute aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala: BECen, Barakaldon. Hain zuzen, abenduaren 20an jokatuko dute.

Udaberrian sailkapeneko saio batzuk izan ondoren, azkeneko fasean sartuko da orain txapelketa, eta 30 bertsolari ariko dira.

Horien artean izango dira Igor Elortza eta Unai Iturriaga. Duela bi urte ez ziren txapelketan izan, euren erabakiz. Kanporaketen fasean sartuko dira lehian: Elortza urriaren 18an eta Iturriaga azaroaren 9an.

Bost kanporaketa jokatuko dituzte

Urriaren 12an Mendexan, urriaren 18an Zeanurin, urriaren 25ean Muskizen, azaroaren 2an Larrabetzun, azaroaren 9an Zaldibarren. Hain zuzen, lehen saioan Eñaut Intxaurraga, Xabier Enbeita, Eneko Abasolo, Garikoitz Sarriugarte, Olatz Ibarluzea eta Xabat Galletebeitia ariko dira.

Hiru finalaurreko

Azaroaren 23an Gernika-Lumon, azaroaren 30ean Markina-Xemeinen, abenduaren 7an Getxon. 2006an txapeldun geratu ez ziren zazpi bertsolariak finalaurrekoetan sartuko dira.

Finala

Barakaldon, BEC erakustazokan, 17:30etik. Xabi Paia 2006ko txapelduna zuzenean sailkatuta dago finalerako.

Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak gaurko agerraldian adierazi du euren herrialdean sasoi onean dela bertsolaritza.

2004an eta 2002an Igor Elortza izan zen txapelduna.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aurtengo txapelketa etzi aurkeztuko dute, Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.