Abenduaren 28a. Hori izanen da aurtengo Hatortxu Rock jaialdiaren data. Urtero bezala, euskal presoen sakabanaketa salatzeko musika jaialdia izanen da. Besteak beste, El Trono de Judas eta Obrint Pas taldeek Euskal Herrian eskainiko duten azken kontzertua izanen da. Itzuliko denik ere bada: Flitter eta Governors.
Orotara hamabi talde igoko dira oholtza gainera aipatutakoekin batera: Soziedad Alkoholika, Kaotiko, Ze Esatek, Willis Drummond, Glaukoma, Non Servium, Skakeitan eta La Raiz. Horretarako, bi agertoki jarriko dituzteAtarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios gunean, azken urteetako toki berean. 16:30ean hasiko da jaialdia.
El Trono de Judas ikusteko azken aukera izanen da abenduaren 28koa. Hamazazpi urteren buruan jotzeari utziko dio talde iruindarrak. Obrint Pas ere ez da berriro Euskal Herrian izanen, behin-behinean taldea desegingo baitute aurki.
Bestalde, Flitter eta Governors taldeek disko berria aurkeztuko dute: Rabioso eta Morphinapolis hurrenez hurren. Halaxe eginen du Glaukomak ere, berriki kaleratutako Vol. 2 diskoaren doinuak oholtza gainera igoko baititu. Willis Drummond, Skakeitan, La Raiz eta Non Servium taldeek estreinako aldiz joko dute presoen aldeko musika jaialdian.
Helburuak bete gabe
Krisi ekonomikoak eraginda, hainbat aldaketa egin dituzte. «Antolakuntzak ahalegin handia egin du garai ekonomikoki zail hauetan jendeari jaialdira etortzeko erraztasunak emateko», azaldu dute ohar baten bidez. Alde batetik, egun bakarreko jaialdia izanen da. Bestetik, sarreren prezioa merkatu eginen dute. Aldez aurretik 15 euroren truke eskuratu daitezke, eta egunean bertan 18 eurotan salduko dira.
Hatortxu desagertzeko helburuarekin sortu zela azpimarratu dute jaialdiaren antolatzaileek, eta atsekabez ikusi dute urtetik urtera haien helburua ez delako betetzen: sakabanaketa bukatzea. 16. jaialdian ere aldarrikapenak toki nabarmena izanen du.
Abenduaren 28an eginen dute Hatortxu Rock jaialdiaren 16. aldia
Obrint Pas eta El Trono de Judas taldeek azkenengoz joko dute; Flitter eta Governors itzuli eginen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu