Abesbatzen panorama beltza iraultzeko ahalegin bateratu eske

Azaroaren 1etik 5era iraganen da Tolosako 54. Abesbatza Lehiaketa. Hemezortzi talde arituko dira guztira norgehiagoka, tartean Suhar Gizon Korua. 530 lagun helduko dira nazioartetik

Ukrainako taldea, Tolosako Abesbatza Lehiaketan, 2022an. ANDONI CANELLADA / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Tolosa
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Sei ahots talde eta hamabi ganbera abesbatza lehiatuko dira Tolosan (Gipuzkoa) azaroaren 1etik 5era iraganen den nazioarteko lehiaketan. Lehen hiru egunetan ganbera abesbatzek jardungo dute, eta Folklorean eta Polifonian lehiatuko dira, lau saiotan.

Guztira hamabi talde izango dira modalitate horretan, tartean Lituaniako Vmu Academic Choir Viverre Cantus, Koreako Seongdong-Gu emakume-korua, Txinako Shanghai Rainbow Chamber Singers, Finlandiako Somnium Ensemble, Norvegiako Kammerkoret Aurum eta Suhar Gizon Korua bera.

Azaroaren 4a ahots taldeen eguna izango da. Sei lehiatuko dira: Filipinetako Male Ensemble eta Musicalipa, Islandiako Barborukorinn, Italiako Coro Giovanile With Us, Erresuma Batuko Phoenix Consort eta Suediako Palaestra Vokalensemble. Goizez musika erlijiosoan lehiatuko dira, eta arratsaldez, musika profanoan. Modalitate horretan ez dute zertan amateur izanik, profesionalak ere onartzen dira. Egun horretan berean irabazleen berri emango dute, eta biharamunean, azaroak 5, sariak banatuko dira amaiera ekitaldian.

Tolosako Ekinbide Etxearen izenean eta antolatzaile lanetan aritzeak ematen duen esperientzian oinarrituta, Aitor Imazek nabarmendu du euskal taldeek «errespetuz» parte hartzen dutela. Haren ustez, «presioa handia izaten da, entzuleek zorrotzago hartzen dituztelako etxekoak».

Bestalde, eta instituzioetako ordezkariak mahaikide zituela baliatuz, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak berriki plazaratutako txostena hartu du hizpide, «panorama benetan beltza» dela gogorarazteko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek «proiektuen egonkortasunari» eman dio garrantzia, eta zentzu horretan goraipatu egin du Abesbatza Lehiaketa, «54 jaialdi ez baitira inolako huskeria». Horrez gain, «estrategikoki ere esanguratsua» dela adierazi du: «Ikusi besterik ez, erakundeen arteko elkarlana eta arlo pribatuaren inplikazioa ekimen honetan». Imazen aipamenari jarraikiz, Eusko Jaurlaritza Euskal Abesbatzen Elkartearekin batera «buru-belarri» ari dela, eta agindu du «aldundiekin nahiz udalekin ere lanketa berezia» egingo duela.

Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Goizane Alvarezek Tolosako Abesbatza Lehiaketaren ekarpen «berezia» laudatu du, 1969an sortu zenez geroztik «nazioartekotasuna eman diolako Tolosari eta Gipuzkoari». Musika ondarea zabaltzeko egiten duen ahalegina ere goraipatu du, «kulturak erlazioan jartzen baititu, musika den lengoia unibertsalaren bidez».

Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak abesbatzen inguruan «egiten den ahaleginari» jarri dio fokua; «abesbatzek funtziona dezaten, familia,lagun eta gainerakoek duten rola ezinbestekoa baita». Boluntario lanean aritzen direnak bereziki izan ditu gogoan Aizpuruak, nazioarteko lehiaketak ekarpen hori gabe ez «lukeelako aurrera egingo», haren ustez.

Boluntario aritutakoei aipamena eginik, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok, Joxemiel Zeberio zenari egin nahi izan dio gorazarre: «Gertutik bizi izan nuen haren pasioa, eta bihotza jartzen zuen isilpeko lan horretan, beti profesionalen pare, boluntario lanetan arituagatik ere».

Euskara eta mundua

Euskarari eta euskal kulturari ematen zaien ikusgarritasunaere nabarmendu du Tolosako alkateak, «euskara presente egoten baita munduko abeslari guztien ahotan». Abesbatza Lehiaketa estreinakoz ezagutu zuenekoa ekarri du gogora: «Filipinetako eta Kubako abesbatzak euskaraz kantatzen entzuteak sekulako zirrara eragin zidan».

Urte hauetan guztietan 400 obra baino gehiago eskaini dira euskaraz, eta Martinez de Rituertok dioen gisan, «ederra da euskara besteen ahotan aditzea». Garrantzi berezia eman dio horri, «batez ere garaiotan, euskara jomugan dugulako alderdi askotatik».

Tolosa kulturarekin lotzen bada, hein handi batean «Abesbatza Lehiaketari esker» izan dela aipatu du. Alkatearen ustez, «herriaren ikurretako bat da, ezbairik gabe, eta esan du Tolosa kulturalki bizia baldin bada kultur eragile askok asko egiten dutelako» dela.

Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendarikide Luis Miguel Espinosa lehiaketaren bueltan antolatzen diren ekimenez aritu da batez ere, eta aipamen berezia egin dio Hodeiertz abesbatzari, «Tolosakoa izateaz gainera, garrantzi handia izan duelako Euskadiko abesbatzen garapenean, eta lehena izan zelako nazioarteko lehiaketa bat irabazten». 16 eta 17 urteko gazteek osatu zuten Hodeiertz duela 40 urte, eta abesbatzaren arlo guztiak hartu zituzten beren gain, hasieratik. Urriaren 28an eskainiko duten kontzertuaren bitartez ospatuko dute urteurren seinalatua.

Tolosako Abesbatza Lehiaketako zuzendarikide Xabier Ormazabalek azaldu duenez, talde gehienak Ipar Europakoak izango dira, «han tradizio koral handiagoa dagoenez», baina Filipinek, Txinak, Koreak eta Japoniak ere talde bana bidaliko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.