juan diego florez
Pianoa: Vicenzo Scalera. Egitaraua: V. Bellini, G. Rossini, G. Donizetti, A. Perez Soriano, J. Massenet, Ch. Gounod, G. Verdi eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 2a.
Arduraz betetako zurrumurru batek zeharkatu zituen igandean Kursaaleko besaulki ilarak, bozgorailuetatik Juan Diego Florezek errezitala bere horretan mantentzea eskertu zutenean, duela egun batzuk eztarrian infekzio bat jasan arren. Hortaz, ziurgabetasun puntu batekin hasi zen kontzertua; Florezek bere instrumentuaren aukera guztiak probesten zituen programa osorik eskainiko ote zuen. Haatik, aria bakar bat ordezkatu zuen, eta begiak itxita nekez sumatu zitekeen tenorra barnetik sentitzen ariko zen ezinegona. Eszenatokia begiratuta, ordea, agerikoa zen, bere gaixotasuna disimulatzen saiatu baino, hura performatzen ikusi baikenuen Florez. Idulki beltz baten gainean kinka hura ahal bezain leun pasatzeko behar zuen guztia ipini zuen: ura, mukizapiak, aho-espraia, eta noizbehinka irensten zuen likido ezezaguna.Â
Bel canto-aren obrei eskainitako lehen zatian, eztultxoak eta zintz egiteko uneak tartean, Vicenzo Belliniren abesti ederretatik agerian geratu zen delako infekzioak ez zuela, ez, emaitza lausotuko. 22 urte pasatu dira Musika Hamabostaldira azkenengoz etorri zenetik, Rossiniren La donna del lago opera interpretatzeko, eta badirudi, nonbait, denborak on egin diola; tinbrea beti bezain garbi, zuzen eta malgu dauka Florezek. Hala, Belliniren La ricordanza edo Gioachino Rossiniren L’esule malenkoniatsuetan arnas lerroa zeinen ondo maneiatzen duen atzeman zen, fraseatze ederra oparitu baitzuen guztietan.
Bigarren zatia erromantza ezagunek ireki zuten, eta haietan berriro ere Florezen tasun guztiak agerian geratu ziren, baita eztula egiteko keinu dotorea ere, nabarmen Reveriano Soutullo eta Juan Verten Bella enamorada txalotuan. Bolumen handia ere ez du behar, gainera, aretoaren bazter guztietara iristeko; argi geratu zen Jules Masseneten «Pourquoi me réveiller» (Zergatik esnatu?), zein Charles Gounoden «L’amour!... Ah, lève-toi, soleil» (Maitasuna! Esna zaitez, eguzki) arietan; zehatz eta beteak. Bisak eskaintzeko indarra gordez, Chabuca Grandaren abesti perutar finei ekin zien, gitarra eskuan, abestea sentitzeko modu bat dela gogoraraziz.