KRITIKA. Musika

Abesti errezital batek behar duena

Marta Garcia
2025eko ekainaren 5a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

batura 5. zikloa

Sopranoa: Elena Sancho. Pianoa: Teodora Oprisor. Egitaraua: J. Offenbach, F. Poulenc, C. Debussy, A. Lopez Portillo eta J. Olaizolaren obrak. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Antzokiko Club aretoa. Eguna: ekainaren 3a.

OE Oficinak antolatutako Batura Zikloaren bosgarren aldiak Paris eta Euskal Herriaren arteko harremana izan du ardatz, noizbait Europako hiriburu kultural eta artistikoa izan zenak euskal konpositoreen formakuntzan eta garapenean izan zuen eragina nabarmentzeko nahian. Zikloaren azken kontzertuan Teodora Oprisor piano jotzaileak eta Elena Sancho sopranoak errezital liriko bikaina eskaini zuten, akustikoki lehorra eta izaeran samurra den aretoan. Biek ibilaldi artistiko luze eta oparoa izanik, luxua da inguruan eta elkarrekin aritzea, are gehiago abesti frantses, euskaldun eta espainolez osatutako programa zorrotza ikusita.

Hala ere, esku-programan adierazita zetorrenetik ordena-aldaketa ugari egin zuten, Sanchok aurkezpenean azaldu zuenez, sonoritate aldetik kohesio handiagoa egon zedin. Eta, egiaz, kontzertuan giro gardena izan zen nagusi, bai ahotsean, bai pianoan: Sanchoren tinbrearen garbitasunak testua argitzen zuen une oro, eta Oprisorren doitasun eta sen onak jarioaren sentsazioa naturalki piztu. Hala izan zen, bereziki, Jacques Offenbachen La Vie Parisienne opera bufoaren arietan, bai eta Claude Debussyren abesti sentimentaletan ere: Nuit d’étoiles distiratsuan zein Rondel chinois jostalarian Oprisoren sostengu fina eta Sanchoren musikaltasunak bertute handiz bat egin zuten.

Adrian Lopez Portilloren Hiru maitasun abesti lehen aldiz entzun zen, 27ko Belaunaldiko Miguel Hernandez, Ernestina de Champourcin eta Rafael Albertiren olerkiak lirikotasun handiz darabiltzatenak. Bereziki bizia izan zen Ambición, «haizea nahi nuke izan» sutsuarekin hasten dena. Jose Olaizola hernaniarraren abestiek kontzertuaren bigarren zatia osatu zuten. Parisekin lotura zuzenik ez, baina Bordele inguruko zelaietan igaro zituen erbesteko urteak, eta harreman garrantzitsuak izan zituen Frantziako musikari entzutetsuekin. Bere Ave Maria zertxobait herren eta tokiz kanpo, La alondra eta Uxo bat eldu zait gozatzekoak izan ziren, kontzertua bera bezalaxe: leun eta zintzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.