Musika

Abuztuak ekarriko dituen doinuak

Gaur abiatuko da Donostiako 85. Musika Hamabostaldia. Jaialdiak ohiko zikloei eutsi die, eta 80 emanaldi antolatu ditu hilaren 30era bitarte; 'Uda, emadazu musika' leloak bilduko ditu guztiak.

Kresala dantza taldeak 'Hiru' ikuskizuna estreinatuko du Donostiako Haizearen Orrazian. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Kresala dantza taldeak 'Hiru' ikuskizuna estreinatuko du Donostiako Haizearen Orrazian. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 1a
06:00
Entzun

Hasi dira Donostia eta inguruak tonua gozatzen. Gaur hasita, 80 emanaldi eskainiko ditu Donostiako 85. Musika Hamabostaldiak: musika instrumentala, bokala, opera eta dantza ikuskizunak barne hartzen dituen proposamen sorta bat prestatu du jaialdiak. Gipuzkoako hiriburua eta hainbat udalerri musikaz bustiko dira horrenbestez. Baina ez horiek bakarrik, Senperera (Lapurdi), Leireko monasteriora (Nafarroa) eta Arabako hainbat herritara ere iritsiko baitira Hamabostaldiaren zipriztinak. Uda, emadazu musika leloak bilduko ditu kontzertu guztiak, eta exotismoak eta bidaiek ardaztuko dute aurtengo jaialdia.

Lau ikuskizun izango dira gaur, jaialdiaren inaugurazio egunean: Ander Perrino eta German Ormazabalek, Nacho Castellanos eta Mario Marzok, Medinukai Ensemble seikoteak eta Kresala dantza taldeak emango diote hasiera egitarauari. Azken horrek Hiru ikuskizuna estreinatuko du, Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren harira sortutakoa, eta Haizearen Orrazia izango dute eszenatoki, 21:30ean. Era berean, Hamabostaldi Solidarioan bi ekitaldi izango dira: Julia Blasco eta Suzana Nadejde sopranoak, Javier Povedan klarinete jotzaileak eta Jorge Robaina pianistak kontzertu bat emango dute Txara II egoitzan, eta beste bat Villa Sacramenton. Mozart, Puccini, Schubert, Rossini eta Brahmsen obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Kontzertu horiek guztiak doakoak izango dira, eta sartzeko aukera egongo da aretoa bete arte.

Sarrerak jaialdiaren webgunean zein Kursaaleko eta Viktoria Eugeniako leihatiletan eros daitezke. Ordu gaztea izeneko eskaintzarekin, hiru euroan eskuratu ditzakete sarrerak 30 urtetik beherakoek eta langabeek —egun bakoitzeko ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago lortu ahalko dira—. Horrez gain, #SOLasean egitasmoa jarri dute martxan, musika klasikoaren munduan murgiltzen diren hasiberrientzat lagungarri izango dena.

Kursaal auditoriuma

Orkestren, konpainien eta ikuskizun handien kokaleku izan ohi da Kursaala. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak inauguratuko du oholtza gaur, eta Easo abesbatzarekin batera arituko da hurrengo egunean. Carmen Georges Bizet frantziar musikagile erromantikoaren lau ekitaldiko opera ere interpretatuko dute bertan, abuztuaren 8an eta 10ean. Euskadiko Orkestrak, Easo abesbatzak, Jose Miguel Perez-Sierrak, Emilio Lopezek, Rihab Chaiebek eta Miren Urbieta-Vegak hartuko dute parte, beste zenbait artistarekin batera. Japoniako Bach Collegiumek igandean hartuko du Kursaaleko oholtza. Budapesteko jaialdiko orkestrak, berriz, bi emanaldi izango ditu: bata hilaren 17an, eta bestea, hurrengo egunean, Donostiako Orfeoiarekin batera. Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia elkarrekin arituko dira, halaber, abuztuaren 23an. Bi egun geroago, Kafig dantza konpainiak Folia ikuskizuna dantzatuko du auditoriumean. Milango Scala antzokiko Orkestra Filarmonikoak hilaren 27an joko du, eta 30ean Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoak emango dio amaiera zikloari.

(ID_17223263560665) Luxenburgoko Filarmonikoaren orkestra
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak inauguratuko du Kursaaleko programazioa, gaur, 20:00etan. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Viktoria Eugenia antzokia

Askotariko ikuskizunentzako tokia izango da, beste behin ere, Viktoria Eugenia antzokia: flamenkoaren, errezitaldien, bidaia musikalen eta haurren operaren lekuko izango da. Titulurik gabeko komedia ikuskizuna emango du Ursula Lopezen flamenko konpainiak abuztuaren 6an, eta 19an, berriz, Alexandra Dovgan pianoan entzuteko aukera izango da. Hurrengo egunean, Krystof Harant idazle eta konpositore bohemiarraren bidaia musikala oholtzara eramango dute Vojtech Semeredek, Kiya Tabassianek eta Ramon Bareak. Egia ala geRuza Easo abesbatzaren eta Easo Sinfoniettaren lanak osatuko du Viktoria Eugeniako egitaraua, abuztuaren 26an.

Antzinako Musika zikloa

Orotara, sei kontzertu izango dira Antzinako Musika zikloan, San Telmo museoan. Al Ayre Español taldeak abiatuko du zikloa, abuztuaren 3an. Bi egun geroago, Bachcelona Consort, Salvat bakarlariak, Beca Bach eta Bruno Delgado ariko dira museoan. Egeria (hilaren 9an), The Ministers of Pastime (21ean), eta Le Concert de l’Hostel Dieu (26an) entzuteko aukeraere izango da. Azkenik, abuztuaren 28an, Sara Agueda eta Pepe Viyuela bikoteak emango diote amaiera zikloari.

(ID_17223274302895) The Ministers of Pastime Musika Hamabostaldia
The Ministers of Pastime taldeak abuztuaren 21ean joko du, San Telmo museoan, 20:30ean. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Ganbera Musika zikloa

Luis Fernando Perezek estreinatuko du San Telmo museoan egingo den Ganbera Musika zikloa, abuztuaren 4an. Iagoba Fanlo eta Mario Prisuelosek Turina, Guridi eta beste hainbat konpositoreren obrak joko dituzte hilaren 6an; hurrengo egunean, Elias laukotea ariko da bertan. Dianto Reed boskoteak Stravinski, Falla eta Satie entzunaraziko dituzte 22an. Eta Isabel Villanueva, Patrick Messina eta Philippe Bianconi izango dira oholtzan bi egun geroago.

Organo zikloa

Euskal Herriko zein nazioarteko hamasei organistak ezagutaraziko dute Gipuzkoako organo ondarea; horietako bederatzi estreinakoz izango dira Hamabostaldian, eta bik Nestor Basterretxea eta Eduardo Txillida omenduko dituzte. Donostian eta Gipuzkoako hainbat udalerritan izango dira zikloko kontzertu guztiak. A2duo izango da lehena, gaur, Donostian; hurrengo egunean, Benantxi Bilbao eta Javier Artigas Deban ariko dira. Karol Mossakowski entzuteko aukera izango da hilaren 3an, berriro ere Donostian. Eta hurrengo egunean, beste bi saio eskainiko ditu zikloak: alde batetik, Daniel Oiartzabal Maddalen eta Amets Arzallus anai-arrebekin ariko da Ataunen; eta, bestetik, Donostian kontzertua emango du Angela Metzgerrek.

Donostiak hartuko ditu kontzertu hauek ere: Thomas Ospitalena 5ean, Jean-Baptiste Monnotena 6an, Carol Williamsena 7an, Michel Bourcierrena 8an, organo erromantikoaren nazioarteko ikasleena 9an, eta Lorenzo Ghielmirena 11n —egun berean, Susanne eta Veli Kujala ariko dira Usurbilen—. Matias Sagreras egun bat geroago izango da Tolosan. Eta Azkoitian emango diote amaiera zikloari Miriam Cepedak eta EHUko abesbatzak, hilaren 13an.

Bestalde, organo erromantikoaren nazioarteko ikastaroak 40 urte beteko ditu aurten. Thomas Ospital izango da irakaslea, eta abuztuaren 5etik 9ra egingo dute, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaille-Coll organoan.

Musika garaikideko zikloa

Joera berritzaileenetan dabiltzan konpositore eta interpreteei eskainitako zikloa Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan egingo da. Lau taldek eskainiko dituzten emanaldiekin osatu dute zikloko egitaraua: Spanish Brass abuztuaren 13an ariko da; Ensemble Musika Praktikoa eta Abraham Cupeiro, 27an; Kea Ahots Taldea, 28an; eta Cikada String laukotea, 29an.

Interprete gazteen zikloa

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegitik datoz ziklo hau osatzen duten musikariak. Abuztuaren 19tik 23ra bitarte Donostiako Miramar jauregian izango dira, hurrenez hurren, Alejandra Cortijo, Trio Koita, Asier Oroz, Lauso laukotea eta Medinukai Ensemble.

Haurren Hamabostaldia

Haur opera bat, ipuin kontaketa bat eta tailerrak eskainiko dizkie haurrei jaialdiak. Abuztuaren 11tik 24ra bitarte, Egin putz! izenburupean, ipuin kontaketa izango da Kursaal auditoriumean. Egia argituz tailerrean parte hartzeko aukera, berriz, hilaren 17tik 23ra bitarte egongo da. Azkenik, Egia ala geRuza haur opera Viktoria Eugenia antzokian izango da ikusgai, abuztuaren 26an.

Tabakalera Dantzan

Tabakalera izango da dantzaren egoitza nagusia jaialdiaren 85. aldian ere. Myriam Perez Cazabonek Isiltasuna zizelkatzen sorkuntza berria eskainiko du bertan, abuztuaren 13an. Hotel Col.lectiu Escenic kolektiboaren Aqui dantzaldi ibiltaria izango da hurrengo egunean. Azkenik, hilaren 16rako, bi emanaldi iragarri dituzte: Javier Arozenaren Schwanengesang eta Mal Pelo konpainiaren Bach.

Musika Aitzaki zikloa

Donostiatik at izaten diren ikuskizunak biltzen ditu zikloak. DAB Dantza Konpainiaren Noeud obraren emanaldia Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan izango da abuztuaren 10ean; Eduardo Txillidari omenaldia egingo diote jaio zeneko mendeurrenean. Mentxu Pierrugues eta Susana Garcia de Salazar pianistek, berriz, Zumaian (Gipuzkoa) joko dute hurrengo egunean. Halaber, Gurutzetik Listorreta bidea jarraituz musika-txangoak Donejakue bidearen bigarren etapa egingo du, Gipuzkoan, hilaren 18an, Oiartzungo Gurutze auzotik hasi eta Errenteriako Listorreta parkean bukatuta. Nestor Basterretxea, erroen modernitatea dokumentalaren proiekzioan Pello Ramirez eta Nacho Soto ariko dira, Hondarribian (Gipuzkoa), 21ean. Eta Senperera (Lapurdi) beste bi emanaldi eramango ditu zikloak: Euskadiko Orkestrarena (14an) eta Duo Cassadorena (24an). Nafarroan, Leireko monasterioan, berriz, Josetxu Obregon eta Sara Johnson Huidobro ariko dira 17an.

Arantzazura ere (Gipuzkoa) helduko da jaialdia: Ahaztutako soinuak gogora ekarriko dituzte Abraham Cupeiro eta Ensemble Musica Practica taldeko kideek bertan, hilaren 29an. Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museorako prestatu duten egitarauari erreparatuta, DAB Dantza Konpainia eta Gerhard laukotea ageri dira; 9an eta 16an izango dira museoan, hurrenez hurren. Azkenik, Araban, Ander Perrino eta German Ormazabal entzuteko aukera izango da 3an, Artziniegan. Ormazabal bera Zuian ariko da hilaren 11n, baina Maite Arruabarrena eta Rebeka Riedelekin batera. Dianto Reed boskoteak (Lagranen, hilaren 20an), La Guirlande bikoteak (Eltziegon, 25ean), eta Sara Agueda eta Pepe Viyuelak (Zalduondon, 27an) ere emanaldi bana eskainiko dute zikloaren barruan, eta Luis Fernandez Castellok nahiz, David eta Carlos Apellaniz emango diote amaiera, Erriberabeitian, abuztuaren 30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.