Ganbera musikak, kantuak eta dantzak emango diote hasiera Donostiako 85. Musika Hamabostaldiari, ostegunean. Ander Perrino eta German Ormazabal, Nacho Castellano eta Mario Marzo, Medinukai Ensemble seikotea eta Kresala dantza taldea izango dira inaugurazio egunean. Azken horrek Hiru ikuskizuna estreinatuko du, Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren harira, Haizearen Orrazian, 21:30ean.
Lana eskultorearen obraren eta pentsamenduaren inguruan osatu dutela azaldu du Faustino Aranzabal Kresalako zuzendari artistiko eta koreografoak: «Emanaldiak Txillidaren eskulturekin eta gogoetekin dituen analogiak askotarikoak dira; hain zuzen, marrazkiak dira proiektu honen abiapuntua eta burmuina. Mugimenduaren, eskalaren, mugaren eta proportzioaren funtsezko printzipioak baliatu ditugu proiektua garatzeko». Gorputz eszeniko abstraktu bat eraiki dutela azaldu du Aranzabalek, narrazio elementu kostunbristak «deseraikita». Dena den, egitura tradizional eta erro klasikoekin sortu dutela esan du, «mugarri unibertsalak» diren testuetan oinarrituz; horien artean da Joan Gurutzekoaren Kantu espirituala (Orixeren itzulpenean).
Guztira, 24 dantzari ariko dira hainbat testuren eta musikaren uztarketa lanetan; besteak beste, Haendel, Bach, Vivaldi, Karlos Gimenez eta Elena Mungiaren piezak eramango dituzte taula gainera. Bestalde, Paloma de Albak sortutako jantziak azpimarratu ditu koreografoak, diseinatzailearen lanak ikuskizunari «osotasuna» ematen diola iritzita.
Nahasketaz betetako programa
«Zer kontatuko dizuet, entzun nahi duzuen istorioa ala programa osatzean izan dugun prozesua?». Galdera horrekin hasi du Nacho Castellanos kontratenorrak bere azalpena. Mario Marzorekin batera arituko da Castellanos ostegunean, Kursaaleko auditorioko foyer-ean, 12:00etatik aurrera. «Harrituta» geratu da bikotea A Quiet Voice Inside emanaldia lantzeak ekarri dien emaitzarekin, ez baitzuten espero mende eta garai ezberdinetako musika nahastean «hain programa eraginkorra eta interesgarria» sortuko zutenik. Castellanos: «Arraroa da, adibidez, Errenazimentuko musikak eta soinu bandak bat egitean batak bestea ez zapaltzea, edota soinu talkarik ez entzutea; eta hor, soinu galduen ozeano horretan, bat egiten duten musika erritual bat sortzea lortu dugu».
Musikaren historian ezarri ohi diren bereizketa kronologikoak apurtzen dituztela azaldu du, eta helburua zera dela: entzuleei erakustea 1600. urteko gizartearen frustrazioak, jelosiak, haserreak eta pasioak zerikusi handia dutela egungoekin. Bestalde, Musika Hamabostaldia leku «idilikoa» dela esan du Castellanosek, eta nazioarteko musika klasikoko jaialdi zaharrenetako bat dela.
Medinukai Ensemblek haize seikoterako musika programa bat interpretatuko du, Donostiako udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Musikeneko sei musikarik osatzen dute taldea: Salvador Ruizek (fagota), Guillermo de la Rivak (klarinete baxua), Paola Barbarak (klarinetea), Jorge Pablo Fuentesek (oboea), Lucia Moyak (tronpak) eta Eider Diazek (flauta). Diazek adierazi duenez, taldekideen instrumentuengatik, seikotea ez da «oso ohikoa», eta, horrek bultzatuta, XX. mendeko konpositore «ez oso ezagunek» osatzen duten programa joko dute. «Bilaketa prozesua atsegingarria, aberasgarria eta zaila izan da, eta horrek ematen dio ukitu interesantea eta ezberdina gure kontzertuari».
Aurrez, eguerdian eta leku berean, Ander Perrino kontrabaxu joleak eta German Ormazabal pianistak Bach, Hertl, Rakhmaninov eta Garcia Lorcaren obrak joko dituzte —azken hori kontrabaxurako Perrinok berak transkribatutakoa da—.
Halaber, Hamabostaldi Solidarioan bi ekitaldi izango dira: Julia Blasco eta Suzana Nadejde sopranoak, Javier Povedan klarinete jotzaileak eta Jorge Robaina pianistak kontzertu bat emango dute Txara II egoitzan, eta beste bat Villa Sacramenton. Mozart, Puccini, Schubert, Rossini eta Brahmsen obrak interpretatuko dituzte, besteak beste.
Kontzertu horiek guztiak doakoak izango dira, eta sartzeko aukera egongo da aretoa bete arte.
Bestalde, eta inaugurazioari lotutako lau emanaldi horietaz gain, Kursaal auditoriumeko kontzertu zikloa ere ostegunean hasiko da, 20:00etan, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren eskutik. Bruce Liu pianista bakarlaria ariko da orkestrarekin, Gustavo Gimenok zuzendurik. Halaber, San Bizente elizak ere beste kontzertu bat hartuko du: Ana Aguado eta Ana Belen Garcia organistak eta Jaume Santoja eta Manuel Martinez perkusionistak ariko dira bertan.