Ace Frehley Kiss taldeko gitarrista atzo hil zen, 74 urterekin. Haren gertukoek jakinarazi dutenez, orain dela gutxi erori egin zen etxean, eta, horren ondorioz, hurrengo hilabeteetarako aurreikusiak zituen kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituen.
Paul Daniel Frehley New Yorkeko Bronx auzoan jaio zen 1951n, eta, hainbat taldetan aritu ostean, 1972an Paul Stanley gitarristaren eskaerari erantzun eta Kiss taldea sortu zuen Gene Simmons baxu jole eta abeslariarekin eta Peter Criss bateria jolearekin batera. Kissek hasieratik erakutsi zuen rocka eta ikuskizuna uztartzeko nahia, eta horren adierazle izan zen taldekide bakoitzak beretzat pertsonaia bat sortu izana. Horrela, Frehley Space Ace edo Spaceman bihurtu zen, espazioko gizona, eta aurpegi zurian margotutako bi izarrak bilakatu ziren haren pertsonaiaren sinbolo.
Psikodelia eta hippy mugimendua amaituta, eta glam-rockaren loraldi betean, Kissek gitarra txinpartatsuak, melodia itsaskorrak eta antzerkitik asko edaten zuten ikuskizunak eskaini zituen hasieratik. Rock gogorraren esparruan kokatu zuten hasieratik taldea, baina laukoteak batik bat kantu zuzenak egiten zituen.
Kritikaren oniritzirik gabe
1970eko hamarkadan garatu zuen Kissek bere soinua, eta arrakasta handia lortu zuen, batez ere gazte eta nerabeen artean, besteak beste Kiss (1974), Hotter Than Hell (1974), Destroyer (1976) eta Rock and Roll Over (1976) diskoei esker. Taldea dirua egiteko makina bihurtu zen —luxua adierazten zuten egoeratan hasi ziren azaltzen taldekideak behin eta berriro—, eta 1978an, arrakastaren gorenean, Kisseko taldekide bakoitzak bakarkako disko bana grabatu zuen.
Kissek ez zuen kritikaren onespenik, baina taldekideei ez zitzaien asko inporta. Estadioak betetzen zituzten —stadium rock-aren aitzindaritzat jotzen dute askok—, eta diskoak milaka saltzen zituzten. Gainera, modei ere kasu egiten zieten, eta gai izan ziren disco musikara gerturatzeko —I Was Made For Lovin' You kantua (1980)—, eta segidan heavy metal disko bat —Creatures of The Night (1982)— grabatzeko. Azken hori izan zen Frehleyk Kissekin grabatu zuen azken lana. Izan ere, ordurako taldekideen artean gatazka ugari ziren, eta, Creatures of The Night-en azalean Frehley azaltzen bazen ere, diskoko gitarra ia guztiak Vinnie Vincentek grabatu zituen, aurrerantzean Frehleyren ordezkoa izango zenak.
Kiss utzita, bakarkako diskoak egin zituen gitarristak, eta Frehley's Comet taldearekin ere kaleratu zituen lanak. Gerora hainbatetan batu zen Kissera, batik bat zuzenekoetarako.