nubiyan twist
'Chasing Shadows'
Diskoetxea: Strut Records.
Afrobeat musika, hip-hopa, jazza eta elektronika oinarrian, eta, haiei loturik, erritmo latinoak eta bestelako musika afrikarrak, highlife-a kasurako. Nahasketa horretan datza Tom Excell londrestar gitarra jotzaileak gidatzen duen bederatzi kideko kolektibo honen proposamenaren mamia. Ez da ingurua entzuteko modu txarra, eta agian horregatik lortu dute halako itzala bestelako musikak maite dituzten mundu osoko entzuleen artean. 2021eko Freedom Fables hirugarren diskoaren arrakasta da horren lekuko; besteak beste, urte hartako diskorik aipatuena izan zen Ingalaterrako world-music zerrendetan. Itzal handiko musikariekin jo dute: Tony Allenekin, Mulatu Astatkerekin, Ebo Taylorrekin eta Pat Thomasekin, eta jaialdirik entzutetsuenetan aritu dira: Glastonbury, Wilderness, WOMAD, Jazz A Vienne, Montreux Jazz...
Ez dira ez hasiberriak, ezta ezezagunak ere, baina kasu gutxitan gertatzen den magia horren jabe dira: nortasun musikal propioa dute, eta huraxe da haien bandera nagusia, munduari begiratzeko begirada zabal eta aurrerakoiarekin batera. Adibidez, honelaxe aurkezten du talde ingelesak bere bosgarren diskoa Bandcampeko orrialdean: «Mundua pantailetan sakonago hondoratzen den heinean eta algoritmoek sorkuntzaren eta imitazioaren arteko muga lausotzen duten heinean, Nubiyan Twist itzuli da Chasing Shadows diskoarekin, giza konexioaren taupadak, berotasuna eta espontaneotasuna berreskuratzen dituen disko batekin». Bagenekien dantza eta hausnarketa ez direla sekula etsai izan; bada, horrelako diskoek berriro gogoratzen digute.Â
Hamaika kantak osatzen dute lana, eta ez diote muzin egiten orain arteko ibilbideari, nahiz eta aurrekoak baino soulagoa gertatu. Hori bai, luxuzko laguntzailez beteta dator kantu bilduma: Patrice Rushenek pianoa jotzen du Threads jostalarian, diskoko piezarik jazzeroenean, Fatoumata Diawara maliar divak kantatzen du diskoaren izenburu bera duen kantuan, Joe Amon-Jonesek bere hazia landatzen du dub aldera jotzen duen Rhythm Of You ederrean —espeziala Eniola taldeko kantari berriaren luzimendurako—. Azkenik, hip-hop aldea indartzeko, hortxe daude Bootie Brown Red Herring kantuan, M. Anifest ghaniar MC-a How Far afroan, eta baita Londresko dancehall musikaren izenik estimatuenetakoa den Mr. Williamz Message indartsuan ere.
Horrela osatzen da gure munduaren soinu banda bikaina izan daitekeen disko hau, non taldeak bere maila aparta erakusten duen, era askotako moldaketa irudimentsu eta lerro arteko irudi bizien bitartez. Adi entzuteko eta gozo dantzatzeko diskoa da, eta bi alor horietan bikain betetzen du bere lana.