Adimen artifiziala (AA), big data, errealitate birtuala, streaminga eta motion capture teknika. Film futurista bateko zientzialariek erabiliko luketen hiztegia dirudi, baina ez. Horiexek dira Donostiako 74. Zinemaldiko Zinemaldia Startup Challenge lehiaketan arituko diren hamar proiektuen oinarriak. Txapelketa horretan, ikus-entzunezkoen industrian aplika daitezkeen teknologiak garatzen diharduten start-up-ak —enpresa sortu berriak— eta ekintzailetza taldeak saritzen dituzte urtero. Zortzigarren aldia du aurtengoa.
68 proiektu aurkeztu dituzte aurten lehiaketara; kopururik handiena da 2019an sariketa sortu zenetik. Haietatik guztietatik hamar hautatu ditu epaimahaiak, haien ustez ikus-entzunezko sektoreari aplikatutako berrikuntza teknologikoa hobekien eta hainbat ikuspegitatik islatzen dutenak.
Irailaren 24an aurkeztuko dituzte hamarrak, Zinemaldia & Technology izendatu duten jardunaldian. AC Coppensek moderatutako mahai inguru bat ere egingo dute, ikus-entzuleak ardatz hartuta, eta teknologiak haiengana iristeko daukan eginkizunaz gogoetatuko dute.
Profesionalei lana erraztea xede
Hautatutako hamar proiektuetatik lauk izan dute adimen artifiziala oinarri. Tartean dago, esaterako, Graphrs; bideo ekoizpenerako sistema eragile bat da, ikus-entzunezko ekoizpenean diharduten profesionalei lana erraztea xede duena. Besteak beste, atazak programatzeko, ekipoa eta materiala zuzenean ikusteko eta zerbait falta bada plangintzan automatikoki gehitzeko aukera ematen du Graphrsek.
SuperScout izeneko proiektuak ere AA darabil, baina bestelako helburuetarako. Ikus-entzunezkoak sustatzeko bulegoen alorreko profesionalen eta ekoizpen enpresen artean kokalekuk kudeatzen dituen programa multzoa da. Erabiltzaileak proiektu bakoitzeko kokaleku guztietarako datu base bat sortzeko ahalmena du, baita lankide eta bezeroekin partekatzekoa eta bisitatutako kokaleku guztiak erraz aurkitzekoa ere.
Thelmak, hirugarrenik, teknologia berriak txertatzen ditu ikus-entzunezkoen esparruan, identitate publikoaren eta jabetza intelektualaren erabilera desegokiak detektatu eta kudeatzeko. Bilaketarako, identifikaziorako eta fluxu kudeaketarako tresnak baliatzen ditu horretarako, adimen artifizialean oinarrituta.
Pixentinel da AA erabiltzen duen azken proiektua. Zuzeneko streamingerako plataforma da, seinale akatsak detektatzen, diagnostikatzen eta konpontzen dituena.
Gainerako proiektuen artean, Dymensiumek eta Volumek antzeko esparruetarako egin dituzte proposamenak. Lehenak, 4DGS teknikaren medioz —ordenagailuz egindako grafikoen eta bideo bolumetrikoen bidez eszenak sortzea—, esperientzia murgiltzaileak eta biki digital zehatzak sortzen ditu. Bigarrenak, berriz, zuzeneko antzemate bolumetrikoa proposatzen du, komunikazio murgiltzailea sortzeko. Teknologia horren bidez pertsonak hiru dimentsiotan atzeman, informazio hori transmititu eta bistaratu egin daitezke errealitate areagotuko esperientziak lortzeko.
HAMO Real-Time Animation Systemek pertsonaia digital interaktiboak sortzen ditu zuzenean. Intoreality.tv proiektua, berriz, web erreproduzitzaile bat da; 2D seinale tradizionalak VR360 eta VR180 seinale murgiltzaileekin bateratzeko aukera ematen du. Virtual Location Scounting kokalekuen bilatzaile digital bat da, filmazioak hobeto planifikatzea eta istorio hobeak kontatzea helburu duena. Azkenik, The Greenshot izenekoak ekoizpenean izandako ingurumen inpaktua neurtzen, jakinarazten eta murrizten laguntzen du.