Musika

Adimen «kolektiboa»: hizkuntza berri baten aukerak

Adimen artifizialak musikaren sektorean duen eta izan dezakeen eraginaz aritu dira Lorea Argarate, Aitzol Astigarraga eta Ines Osinaga Donostian, Musika Bulegoak antolatutako musikaren lehen topagune profesionalean.

Pilar Kaltzada, Lorea Argarate, Aitzol Astigarraga eta Ines Osinaga, gaur goizean, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Pilar Kaltzada, Lorea Argarate, Aitzol Astigarraga eta Ines Osinaga, gaur goizean, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2025eko irailaren 30a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Galdera jada ez da inpakturik izango ote duen, baizik eta zer-nolako inpaktua izatea nahi dugun; zer ari den gertatzen, zer nahi dugun gertatzea». Adimen artifizialaren eta musika sektorearen arteko korapiloaz aritzeko, abiapuntu hori jarri die Pilar Kaltzadak Lorea Argarate teknologo eta musikariari, Aitzol Astigarraga informatikariari eta Ines Osinaga musikariari, eta, nor bere ertzetik, bat etorri dira oinarrizko ideia batean: adimen artifiziala jendeak elikatzen du, eta bada esku hartzerik haren funtzionamenduan. Are, «adimen kolektiboa» izendatzeko proposamena ere egin du horregatik Argaratek. Musika Bulegoak antolatutako Must+Pro jardunaldian aritu dira hirurak hizlari, Musikaren Topagune Profesionalean. Aurten antolatu dute jaialdia lehen aldiz, Donostiako Tabakaleran, eta apurka-apurka «musika sektorearentzako erreferentziazko gune bat» bihurtzeko helburuz jarri dute martxan. Estreinako ediziorako, 24 jarduerako egitaraua prestatu dute, eta bihar emango diote segida.

Adimen artifizialaren erronkari dagokionez, baikor mintzatu da Argarate. Arduraz kudeatu beharreko «aukeratzat» jo du, eta gogorarazi teknologia inoiz ez dela «neutroa». Adimen artifiziala zerbait bada «hizkuntza berri bat» dela aipatu du, eta hura «idazten eta irakurtzen» ikasteko «indar handiagoa» egin beharko litzatekeela iruditzen zaio. «Inor ez doa mendira urik eta botarik gabe, eta hemen berdin gertatzen da: prestatu beharra dago, ikasi beharra. Uste dut hori ere egin dezakegula gure aldetik».

Tentuz hurbildu da eztabaidara Astigarraga, argudiatuz berea informatikaren mundua dela, eta ez musikarena. Eta, hala ere, gogora ekarri du musikagintzak lehenago ere egin behar izan diela aurre egiturazko aldaketei; digitalizazioak ekarritakoei, batik bat. «Azken hiru urtetatik hona, inork espero gabeko elefantea sartu zaigu gelan, baina elefante hau aurreko hogei urteetan gertatu den digitalizaziotik elikatzen da». Astigarragak azaldu duenez, digitalizazio horrek «inoizko datu kopururik handiena» sortu du, eta, beraz, «aukera pila bat» ekarri ditu. Dena den, kezkak ere aipatu ditu: «Olatu berri honek nola eragingo dion euskarazko sorkuntzari, eta aldaketa noren eskutik etorriko den. Orain arte, enpresa teknologiko erraldoien eta atzerrian kokatutakoen eskutik etorri da, eta hor guk ez dugu esku hartzerik». Alde horretatik, bertako enpresak indartzea proposatu du. «Gure beharretara egindako soluzioak garatu ditzaten».

«Gure algoritmo eta gure datuen saltsa izatea oso garrantzitsua izango da homogeneotasunean ez galtzeko»LOREA ARGARATE Teknologoa eta musikaria

Sortzailearen lekutik, bestalde, Osinagak adierazi du adimen artifiziala «sorkuntzarako tresna modura» agertu denean bihurtu dela kezka musikaren industrian. «Aspalditik baitago gure artean». Sorkuntzarako «aukerak» ikusten dizkio hark ere —«Gauza berriak probatzea izugarri gustatzen zait niri»—, baina kritikatu ere egin du: «Adimen artifizial generatiboa [edo sortzailea] oso zuria dela iruditzen zait, oso konplazientea. Handia dena handiago egiten du, mainstream-a homogeneizatzen du, sorkuntza globalizatu, eta gure imajinarioekin bat egiten duten gauza gustagarriak sortu». 

Adimen artifizialak gero eta presentzia handiagoa duen honetan «kultur aniztasuna» bermatu ote daitekeen galdegin die orduan Kaltzadak, eta «aniztasuna» pertsonen esku dagoela argitu du Argaratek. «Datu hauek gugandik datoz, guk elikatzen dugu tresna, eta horixe da gakoetako bat. Euskal musikak badauzka bitarte oso bereziak, erritmo bereziak, matematikoki ere ezberdina da musika askotatik, baina norbaitek aukeratu behar du hori». Eta berriro aipatu du aukera hitza: «Aukera polita daukagu hor guk gurea egiteko. Gure algoritmo eta gure datuen saltsa izatea oso garrantzitsua izango da homogeneotasunean ez galtzeko, baina hori gure esku dago. Euskaldun herria oso sortzailea da, gainera; badugu corpusa, baina adimen kolektibo hori elikatu egin behar dugu, eta hor agian ez dugu hainbesteko arreta jartzen».

Abantaila adina arrisku

Maila profesionalean izango duen eraginaz galdetuta, Astigarragak aipatu du lan teknikoak «automatikoki» egin ahal izango direla gero eta gehiago. «Akaso, soinu ingeniari izateaz gain, adimen artifizialeko tresna hauek erabiltzen jakin beharko dugu». Alde horretatik, «lanbide berriak» sor daitezkeela iruditzen zaio, eta garatzeko dagoen eremu bat ikusten du hor: «Ez dakit musika sortzeko balio dezakeen, baina tresna zoragarria izan daiteke ikertzeko, aztertzeko, zabaltzeko...». Erabat egin du bat horrekin Argaratek: «Uste dut alor horretan badaukagula lana: garatzaileak eta bertsolariak, garatzaileak eta musikariak... oso lan zirraragarria egon daiteke hor guretzat».

Arrisku gehiago ere zerrendatu ditu, dena den, Astigarragak: «Lanak automatikoki egiterakoan, lana debaluatu egiten da, merkatu; denok adimen artifizialeko tresna igualtsuak erabiltzen baditugu, emaitza oso antzekoa izango da, eta urtetako jakintza artisaua ere poliki-poliki galtzen joan daiteke».

«Ez dakit musika sortzeko balio dezakeen, baina tresna zoragarria izan daiteke ikertzeko, aztertzeko, zabaltzeko...»AITZOL ASTIGARRAGA Informatikaria

Hain justu, «sortzaile artisauaren figura» aldarrikatu du Osinagak: «bertakoa eta garaikoa» izango den kulturgintza bat. Ondoko galdera ere luzatu du: «Nik orain ez dut estudio bat behar sortzeko, nik neuk masterizatu ditzaket kantuak. Indibidualki, adimen artifizialak onura batzuk ekarri dizkit, baina kolektiboki zer ekarri du? Benetan badaukat esperantza helduko dela garai bat non balioa emango diegun pertsonek sortutako produktu kulturalei, edozer gauza jantzi edo jan nahi ez dugun bezala».

«Benetan badaukat esperantza helduko dela garai bat non balioa emango diegun pertsonek sortutako produktu kulturalei, edozer gauza jantzi edo jan nahi ez dugun bezala»INES OSINAGA Musikaria

Azkenik, instituzioek adimen artifizialaren erabilera nola arautu dezaketen izan dute hizpide. Astigarragak zehaztu du egun martxan dagoen araudia Europatik heldutakoa dela eta zenbait aldaketa ekarriko dituela datorren urtetik aurrera: «Sorkuntza artistikoari dagokionez, lanak etiketatu egin beharko dira, eta iturriak zehaztu. Arazoa zein da? Zeinek bermatuko duen hori, nor arituko den banan-banan begiratzen gauza bakoitza nork egin duen». Osinagak gaitzetsi egin du ardura sortzaileen bizkar uztea, eta esan du barne mailako erabakiak har daitezkeela «gutxienekoak» arautu ditzaketen legeez harago: «Euskal Herriko diskoetxe batek zera erabaki dezake: 'Ez dugu ekoitziko adimen artifizialaren bidez egindako musikarik'».

Argarateren ustez, «artista berriz geratu da rol prekario batean mundu digitalean», eta hori aldatu beharrari egin dio azpimarra: «Adimen artifiziala egin nahi ez ditugun gauzak egiteko erabiltzea, horixe da esku artean dugu erronka handi bat; izan ere, oraindik ere nahastu egiten gara diru laguntzetarako eskaerak egitean, ez dakigu zein diren gure audientziak, data pila bat galtzen dugu... eta digitalean datu pila bat daude, baina ez dira gureak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.