«Bere burua ezkutatzen saiatu arren, lehenago edo geroago, zuzendari batek bere arima biluzten du, eta lehen planoan jartzen du, nahi gabe ere. Norberak egiten duen zinemak norbera ordezkatzen du», adierazi zuen Adolfo Aristarain zinemagile argentinarrak orain dela bi urte, 2024an, Espainiako Zinema Akademiak urrezko domina eman berritan, eta ondo adierazten du zuzendariak bizitza osoan egin zuen zinemaren mamia.
Aristarain zinemagile humanista izan zen, eta gizon nahiz emakumeen istorioak kontatzea zuen helburu, baita zinema egiten ondo pasatzea ere: «Niretzat, zinema egitea oso dibertigarria izan da; izugarri ondo pasatzen dut filmatzen». Jaio zen hirian bertan hil da, Buenos Airesen, 82 urterekin.
Oso gaztetatik kulturarekiko zaletasun handia izan zuen gerora zinemagile izango zenak, eta liburuak eta pelikulak lagun izan zituen. Zinema munduan, teknikari lanak egiten hasi zen, soinuarekin lehendabizi, muntatzearekin ondoren, eta 1960ko hamarkadan zuzendari laguntzaile hasi zen. Espainiara lekualdatu zen urte batzuetarako, eta Mario Camus, Vicente Aranda eta Sergio Leone zinema zuzendariekin egin zuen lan, besteak beste.
1978an zuzendu zuen bere lehenengo filma, Argentinako diktadura garaian: La parte del león. Eta jarraian iritsi ziren haren prestigioa osatu zuten filmak: Tiempo de revancha, Argentinako diktadurari buruzko alegoria bat (1981), eta Últimos dias de la victima (1982).
1992an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Un lugar en el mundo filmarekin, eta oihartzun handia izan zuen han. Film onenarentzako Urrezko Maskorra eskuratu zuen, eta baita kritika bikain ugari ere. Federico Luppi, Cecilia Roth, Jose Sacristan eta Leonor Benedetto ditu protagonista nagusi filmak, eta maitasun eta adiskidetasun istorio bat kontatzen du, baita borrokari eta galtzaileei buruzko kontakizun bat ere.
Filmak arrakasta handia izan zuen, eta hurrengo lanak Espainia eta Argentina artean egin zituen Aristarainek. La ley de la frontera, eta Martin Hache, azken hori berriro ere Luppirekin eta Rothekin.
Hain zuzen ere, Rothek agur esan dio Aristaraini X sare sozialean: «Dena ematen zenuen, Adolfo Aristarain. Zer-nolako hutsa zure absentzia. Zer min ematen duen».