Zinema estreinaldiak

Adostasunaren ertzak

Argazki zuzendaritzagatik ezaguna da Molly Manning Walker zinemagilea, eta bere lehen film luzea idatzi eta zuzendu du: 'How to Have Sex'. Lehen sexu harremanak bizitzen ari diren hiru neska gazteren kontakizuna da.

'How to Have Sex' filmaren fotograma bat.
'How to Have Sex' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Tara, Skye eta Em neska gazteek azterketak amaitu dituzte, eta, emaitzarik ez badakite ere, askatasun apur hori ospatzeko, oporretan joango dira Kretako Malia herrira, festa giroagatik ezaguna. Maletan sartu dituzte neonezko koloreak dituzten bikiniak, soineko estuak eta distiraz betetako makillajea, eta astea hondartzaren eta festaren artean banatzeko asmoa dute. Lagun minak dira hirurak, baina urduri daude etorkizunak zer ekarriko ote dien; unibertsitatera joateko ordua gertu dute, eta elkarren laguntasun dinamika kolokan jar liteke. Bidaia ospakizun bat da, baina baita hiruren arteko harremana zaindu eta babesteko aitzakia bat ere.

Festa giro horren erdian dago Tara, taldeko lotsatiena, isilena. Ez du oraindik sexu harremanik izan, eta, lagunen eta gizartearen presioek bultzatuta, bidaia honetan sexu harremanak izatera eramango dute. Esperientzia ez da, ordea, espero bezalakoa izango, eta, gozamenik bilatu gabe gainetik kendu nahi duen zama bat bada ere, Tarak gertatu denarekin nahastuta amaituko du.

Molly Manning Walker britainiarra argazki zuzendari gisa hasi zen zinemaren munduan. Zenbait film labur, telesail eta musika bideotan argazkia landu ondoren, iazko Sundance jaialdian saritu zuten Skrapper film hartako argazki zuzendaria izan zen, bere lagun Charlotte Reganen gidaritzapean. Idatzi eta zuzendu zuen Good Thanks, You? film laburrean sexu abusu baten biktimak jasaten zuen autoritateen jazarpena kontatu zuen, bere bizi esperientzian oinarritutako kontakizuna; eta How to Have Sex lehen film luzean, berriz, berak eta bere inguruko emakumeek bizi izandako gertakizunetan inspiratu da Manning Walker. Cannesko jaialdian filmik onenaren Un Certain Regard saria jaso zuen.

Izenburu egokiak —hau da, How to Not Have Sex-ek— filmean ikusiko dena gehiegi aurreratuko lukeela aitortuta, zinemagile ingelesak elkarrizketa bat hasi nahi du bere lehen film luzearekin; berak, gaztea zenean, izan ez zuen elkarrizketa hori. Sexu heziketa on bat ez izateak dakartzan abusu egoerak, gizartearen espektatibek, maskulinitate toxikoak eta lagunen presioak bultzatzen duten sexu harremanak izateko era arazotsua, eta adostasuna ulertzeko era binarioegia; baiezko edo ezezko soil batean oinarritutakoa. Horretarako, Manning Walker filmaren tonuarekin jolastuko da, eta, nerabeen aldartearekin gertatzen den bezala, filmaren umorea ere aldatzen joango da: dibertigarritik seriora, estimulatzailetik kezkagarrira, zirraratik ohikotasunera. Nerabe izatea zer den era sentikor eta bihozbera batean erretratatuko du, pertsonaiak epaitu gabe, eta klixeetan oinarritzen ez den kontakizunaren bidez; eta, arruntak, hutsalak diren eszenen eta berebizikoak diruditen horien artean nabigatuz, isiltasunetan eta behatutako uneetan eraikiko du filma.

'How to have sex'

Zuzendaria: Molly Manning Walker. Gidoilaria: Molly Manning Walker. Aktoreak: Mia McKenna-Bruce, Enva Lewis, Lara Peake. Argazkia: Nicolas Canniccioni. Musika: James Jacob. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: Martxoaren 15ean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_13693829) (/EZEZAGUNA) hotel
The Hotel Royal filmaren fotograma bat.

'The Hotel Royal'

Hanna eta Liv bi lagun estatubatuar dira, eta Australian zehar bidaiatzen ari dira. Dirurik gabe geratu ondoren, Livek Hanna konbentzituko du aldi baterako lan bat onartzeko The Royal Hotel izeneko pub baten barraren atzean, Outbacken kokatutako meatzari herri batean. Tabernako jabeak, Billyk, eta herriko talde batek Australiako alkoholaren kulturan murgilaraziko dituzte, baina, laster, Hanna eta Liv kontrolagaitza zaien egoera kezkagarri batean harrapatuta geldituko dira.

Zuzendaria: Kitty Green. Gidoilaria: Kitty Green, Oscar Redding. Aktoreak: Julia Garner, Jessica Henwick, Hugo Weaving. Argazkia: Michael Latham. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2023. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Australia.

'Radical'

Benetako istorio batean oinarrituta, maisu baten istorioa kontatzen du, ustelkeriaz eta indarkeriaz betetako Mexikoko hiri mugaldeko batekoa bera: ikasleen jakin-mina eta potentziala desblokeatzeko asmoz, irakasleak metodo erradikal berri bat probatuko du.

Zuzendaria: Margarethe von Trotta. Gidoilaria: Christopher Zalla. Artikulua: Joshua Davis. Aktoreak: Eugenio Derbez, Daniel Haddad, Jennifer Trejo. Argazkia: Mateo Londono. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 127 min. Herrialdea: Mexiko.

'The Iron Claw'

1980ko hamarkadaren hasieran borroka libre profesionalaren mundu lehiakorrean arrastoa utzi zuten Von Erich anaien bizitzan oinarritua da. Tragediaren eta garaipenaren bidez, aita eta entrenatzaile nagusiaren itzalpean, Von Erich anaiek hilezkortasuna bilatuko dute kirolaren jokalekurik garrantzitsuenean.

Zuzendaria: Sean Durkin. Gidoilaria: Sean Durkin. Aktoreak: Zac Efron, Jeremy Allen White, Harris Dickinson. Argazkia: Matyas Erdely. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 130 min. Herrialdea: Erresuma Batua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.