1950eko hamarkadaren erdialdean jaio zen pop artearen mugimendua, Ingalaterran, eta berehala zabaldu zen AEBetara. Espresionismo abstraktuari aurre egin nahi zion korronte berritzaile horrek; artea elitismotik aldendu, eta publiko zabalaren eskura jarri nahi zuen. Horretarako, besteak beste, herritarren eguneroko objektuak eta irudiak eraman zituzten sortzaileek beren lanetara.
POP POP POP American Pop Art izenburupean, mugimendu horren adibide diren ehun bat lan nahiz objektu bildu dituzte Donostiako Kubo Kutxa aretoan. Korronte horretako ordezkari nagusi izan ziren bost artistaren lanak dira: Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenbergenak. Sortzaile bakoitzari gune bat eskaini diote erakustaretoan.
Bihar irekiko ditu ateak, eta irailaren 30era bitarte egongo da zabalik erakusketa.