«Aurten disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia eta afektuen sareetan jarri dugu arreta, egitura tradizionaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu ahal izateko». Urtez urte, LGTBI koletiboaren bizipenak, aldarriak eta memoria bistaratzen ditu Zinegoak Bilboko LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, eta haren zuzendari Alaitz Arenzanak zehaztutako alde hori izango da aurtengo edizioaren ardatza: «Erresistentziarako, afektuetarako eta aniztasuna onartzeko guneak dituzten egiturei begiratzea». Astelehenean hasiko da jaialdia ofizialki, hilaren 30era bitarte, baina dagoeneko hainbat saio martxan dira, 3, 2, 1... Zinegoak! izenpean. Denera, 50 jardueratik gora izango dira hamar egunez, hiriko zortzi tokitan.
Arriaga antzokiko ohiko inaugurazio gala izango da jaialdiko lehen geldiune handietako bat. Esanezin taldeak eta Aner Peritz bertsolariak hartuko dute parte aurten, eta Sara Fantovaren Jone, batzuetan filma ere proiektatuko dute bertan, zinemagilearen opera prima. Han jasoko du, halaber, ibilbide luzeko Zero Chou zuzendari taiwanarrak aurtengo ohorezko saria. Herrialde horretako queer zinemaren eta LGTBI eskubideen aldeko aktibismoaren erreferenteetako bat da Chou, eta haren lanaren atzera begirako bat ere ikusi ahal izango da aurten Zinegoak-en.
Maitasuna, abusuak, topaketak
Film luzeen sail ofizialean, hamabost film izango dira lehian denera, eta jaialdiaren ohiko hiru sailetan erakutsiko dituzte: fikzio lanen atalean (Fik), dokumentalei eskainitakoan (Dok) eta narratiba berrietan (Krak). Brasildik, Indiatik, Argentinatik, Kolonbiatik, AEBetatik, Kroaziatik eta Norvegiatik helduko dira istorioak, besteak beste; eta amatasun prozesuetako zailtasunak (Der Wunsch), sexu topaketa onartu, kontziente eta kolektiboak (Truth or Dare), haurren kontrako abusuen gainean osatutako kontakizunak (La photo retrouvée) eta ekologo transgenero baten ikerketak (Brigitte, planeta B) bistaratuko ditu, besteak beste.
Sail Ofizialean lehian izango diren film laburrak, berriz, 30 izango dira, eta, ohiko zikloez gain —Haurtzaroa eta Nerabezaroa, eta Emakume zuzendariak—, hiru ziklo berri izango ditu aurten jaialdiak: Maitasun Sareak, Erresistentzia Eremuak eta Geroa Oroimenetik. Euskal Herrian ekoitzitako sei film erakutsiko dituzte bertan: ¿Dónde estás? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodriguez Fernandez), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Ines Landea, Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Saez Perez).
Haur transak bereziki presente egongo dira aurten: batetik, Avenida Beira-Mar filma erakutsiko dute Sail Ofizialean; bestetik, ZiNaizen sariak banatzeko gala egingo dute bihar, larunbata.
«Izatea iraultza bat da»
Aurkezpenekin lagunduta egongo diren emanaldi berezi batzuk ere antolatu ditu jaialdiak; Izatea iraultza bat da proiekzioa, kasurako, 1970eko afektu sare ez-normatiboen bilaketa erakutsiko duena, queer zinematik berreskuratu eta zaharberritutako filmetan oinarrituta. Baina, zinemaz beste eginda, arte eszenikoetara ere helduko da aurten ere Zinegoak, eta datorren ostegunean, ekainaren 26an, intersexualitateaz diharduen antzezlan bat ikusi ahalko da Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri kulturgunean: Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo.
Halaber, ZG Pro indarra hartuz doa urtez urte, zinema industriako profesionalei bideratutako atala. Ekainaren 27an eta 28an, eskola magistralak, garapen bidean dauden proiektuen aurkezpenak eta bestelako saioak egingo dituzte, eta, besteak beste, David Velduquek, Gabriela Wienerrek, Tatiana Romerok eta Emilio Papamijak hartuko dute parte.
ZG Hedapena programari esker, Hego Euskal Herriko hainbat herritara zabalduko da Zinegoak-en jarduna egunotan. Zehazki, 50 udalerritara iritsiko dira jaialdiak Bilbon erakutsiko dituen hainbat film.
