Artozkiko artelanak

AGIRIA

2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Garikoitz Berasaluze idazleak idatzitako testuak 41 artista eta eragileren babesa jaso du. Tartean dira Artezki erakusketan parte hartutako zenbait sortzaile, pilotari ohi batzuk, zenbait musikari, Txalaparta argitaletxea eta Agoizko elkarte batzuk. Hona hemen testua:

Artozkira ez da gutunik heltzen; oroimena eta duintasuna

Artozkira ez da gutunik heltzen. Ur azpian daude postontzi guztiak. Baita telefonoak ere. Baina hogei urte eta gero hango zenbakien dei galduak ditugu oraindik. Izan ere, memoriak bere bidean segitzen du. Ez dugu ahaztu gertatutakoa, eta ez dugu ahaztu nahi. Gure oroitzapenak, itsas galeretako oholak bezala, ez dira urtegi hondoan ezabatzen.

Hogei urte igaro dira garai hartako Nafarroako Gobernuak bidalitako hondeamakinek Itoitz, Ezkai, Nagore, Muniain, Gorritz, Artzi, Orbaitz eta Artozki eraitsi zituztenetik. Itoizko urtegiaren ur azpian geratzera kondenatu zituzten etxeak eta herriak suntsitu zituzten, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek eta haien deialdiari erantzun zioten bateko eta besteko lagunek herriak defendatu zituzten bitartean. Artozki izan zen azkena. Herria husteko eta botatzeko eguna heltzean, Artozkik beste 16 gau eta egun eman baitzituen bizirik.

Iraila zen, munduaren nekea hostoetan, maite izan genituen gauzek zentzua galdu zutenean. Izan ere, herri bat desagertzea baino gehiago zegoen jokoan herri hartan, Irati ibaiaren magalean. Ezkila isilarazi nahi zuten. Baratzeak, pentzeak, labore-lurrak eta mahastiak urperatu, errotarekin batera. Sukaldeak betiko itzali. Herritarrak erbesteratu. Sustraiak ito.

Baita mundu berri baten aldarria ere. Hura bihurtu baitzen Artozki: basakeriari aurre egiteko esperantza. Elkartasuna, mendekuaren gainetik. Duintasuna. Ama Lurraren taupada, porlanaren aurrean. Sormena, suntsiketa eragotzi nahian. Bizitzaren edertasuna, azken hatsaren atarian.

Horregatik erantzun genion Artozki defendatzeko deiari eta gonbidapenari. Zubia baitzen Artozki. Mundu berri baterako zubia. Gure koloreak, hitzak eta akordeak eskaini genizkion. Artea. Suntsiketa eragotzi nahi izan zuen ekimena bihurtu zen Artezki, erresistentziaren estetika, eta koadroak, eskulturak, liburuak eta abestiak utzi genituen herrian, etxeak eta eraikinak babestuko zituztelakoan hondeamakinak iristen zirenean. Utopian sinetsi eta ibili egin ginen. Ederra izan zen. Zerua ilun, soineko beltz, baina Artozki hain eder.

Herria eraitsi zuten egunean, ordea, gure lanak eraman zituen poliziak. Lapurtu egin zituzten koadroak eta eskulturak. Ez dugu bahiketa haren irudirik ikusi hogei urtean. Baina orain, ustekabean, berreskuratu egin ditugu haietako batzuk. Herria hondatzen eta hondoratzen baldin bazuten artelanak ere ur azpian geratzeko baldintzapean eman genituen, baina mendekua gure lanetaraino ere iritsi zen, eta ilunpean eduki dituzte orain arte.

Hogei urte geroago, koadroa amaitu gabe dago. Artozkira ez da gutunik heltzen, baina amets egiten segitzen dugu. Berreskuratu ditugu kolore batzuk. Ezkil gabeko elizaren hondakinek ur azpian jarraituko dute. Beste teilatu batzuetan gabiltza orain. Baina memoriak bere bidea egin dezan eskatu nahi dugu. Suntsitu eta desagerrarazi zituzten herrien oroimena aldarrikatzearekin batera, oraindik bahituta dituen lanak itzultzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Bailara oso baten duintasuna eta bestelako mundu baten aldeko ametsa islatu zituen borroka baten ondarea diren heinean, gure lanek aitortza, egia eta argia merezi dute. Guztiak itzultzea eta desagerrarazitako herrien memoria bilduko duen gune duin eta iraunkorrean lekua izatea eskatzen dugu.

ATXIKIMENDUAK

Txiki Agirre Keixeta, Iñigo Altolagirre, Jose Ramon Anda Goikoetxea, Faustino Aranzabal Salegi, Allende Arnaitz, Koldo Arnanz Zufiaurre, Iker Basterretxea, Gari Berasaluze, Jabi Bergara, Javier Campo Amoros, Josetxo Crespo, Gonzalo Etxeberria, Patxi Eugi, Gari Garaialde, Juan Gorriti, Ander Hormazuri Alkiza, Patxi Huarte Aleman, Hurto Taldea, Joseba Lekuona Iaben, Iolanda Markiaran, Peio Martinez de Eulate, Anton Mendizabal, Luis Morea, Xabier Morras, Ana Mugeta Ripodas, Jabier Muguruza, Fermin Muguruza, Iñaki Olazabal, Juanjo Oses, Dora Salazar, Pablo Sanchez Quiza, Barbara Stammel, Gorka Torra Roca, Txalaparta argitaletxea, Asisko Urmeneta, Beatriz de la Vega, Juan Luis Zabala, Enrike Zelaia, Usoa Zumeta, Agoizko Kirol Elkartea, Agoizko erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.