Agustin Ibarrolaren bidegurutze artistikoa irudikatzen duten hainbat artelan zaharberritu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Sortzaileak 'Euskadi' instalazioa izan zuen Bilbon, 1979an, eta haren parte izandako 18 margolan berritu ditu erakundeak. Sei areto hartzen dituen erakusketa osatu du haiekin eta artistak instalazioan gehitu zituen beste sei mihiserekin.

Agustin Ibarrolaren 'Euskadi (1977-1979)' horma irudiko koadro bat, Bilboko Arte Ederren Museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Agustin Ibarrolaren 'Euskadi (1977-1979)' horma irudiko koadro bat, Bilboko Arte Ederren Museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 17a
15:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Konstituzioa indarrean sartu zenetik urtebetera eta Euskadiko Autonomia Estatutua abian jarri zutenetik hilabete eskasera, Agustin Ibarrola artistak Euskadi izeneko instalazioa zabaldu zuen Bilboko Arte Ederren Museoan, 1979. urtean. Txomin Badiola artista eta idazleak nabarmendu du datua artistari eskainitako ikerketa lanean; haren hitzetan, bidegurutze historiko eta politiko hark bidegurutze artistiko batean ere kokatu zuelako artista. 27 mihise biltzen zituen guztira bilduma hark, eta elkarren alboan eta elkarren gainean ezarri zituen artistak, harik eta museoko Areto Grisa izenekoaren hormak ia guztiz ezkutatu zituen arte. 

Erakusketa hura «friso narratibo bat» zela esaten zuen Ibarrolak berak, batasun asmo horregatik.Iberdrolaren babespean, erakusketa haren parte izandako 18 artelan zaharberritu ditu orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta ikusgai jarri ditu instalazio hartako beste sei mihiserekin batera. Areto bakarrean eta elkarrekin erakutsi beharrean, ordea, sei aretotan eta solte jarri dituzte ikusgai orain.

Erakusketarekin batera eman dute argitara Badiolak Ibarrolari buruz idatzitako testua biltzen duen koadernoa ere, eta idazleak bi joeraren arteko etengabeko joan-etorrian deskribatzen du artista bertan. «Ibarrolak, bere bizitzan, aurre egin behar izan die bere kontzientzia politikoaren eskaerei —Alderdi Komunistako militantziak bideratuak— eta artearen dedikazio profesionalaren eskakizunei. Batzuetan parekoak eta sarritan gatazkatsuak izanik, nolabait lotuta daude bere ibilbidearen muinean dauden formalismo abstraktuaren eta irudikapen figuratiboaren gaien arteko dilemarekin».

«Ibarrolak, bere bizitzan, aurre egin behar izan die bere kontzientzia politikoaren eskaerei —Alderdi Komunistako militantziak bideratuak— eta artearen dedikazio profesionalaren eskakizunei»

TXOMIN BADIOLAArtista

Baina Badiolak dioenez, tarteka, bi joera horien arteko sintesia ere erdiesten zuen Ibarrolak. Esate baterako, 1956an Parisera bizitzera joan, eta han Pepe Duarte eta Juan Serrano kordobar artistekin osatutako Equipo 57 taldea jarri du Badiolak Ibarrolaren ikerketa formalenen muturretako batean. Eta Estampa Popular taldearekin egindako lana koka daiteke beste muturrean. 

Kontua da, Badiolak Bilboko Arte Ederren Museoko aurkezpenean gogoratu duenez, tarte labur batez Ibarrola aldi berean izan zela bi taldeetako kide, eta hori da haren berezitasunetako bat. «Hainbat urtez, margolariak aurkakotzat jotzen ziren bi jardunbide zituen aldi berean; hots, formalismorik zorrotzena —figurazio kontserbadore eta anekdotikotzat zuena— eta salaketa sozialeko figurazioa —formalismoaren aurka egiten zuena, errealitate sozialetatik ihes egiten zuelako—».

Mugaren ostekoak

Haren margolanetako ikurrek eta irudiek oso testuinguru zehatzari erantzuten ziotela ere aipatu du Badiolak, baina, gogoratu duenez, egoera jakin hori aldaketa betean zegoen 1979an. Eta, testuingurua aldatuta, Ibarrola ere muga moduko batera heldu zela aipatu du. «Diktaduratik demokraziarako urratsa da. Zentralismotik autogobernurakoa. Eta nik zera gehituko nuke: modernitatetik postmodernitaterakoa ere bai». Horregatik, Badiolarentzat ez da harritzekoa Ibarrola bestelako esperientzia plastiko batzuetan murgildu izana 1980tik aurrera.

1979an margolan guztiak elkartuta erakutsi zituzten arren, oraingoan koadroak sakabanatuta zintzilikatu behar izan dituzte. Baina jatorrizko muntatzea nolakoa izan zen irudikatzeko aukera ere eman nahi izan diote bisitariari. Margolanak ez ezik, 1979ko Bilboko erakusketa nolakoa izan zen agertzen duten hainbat argazki ere jarri dituzte horretarako, eta erakusketa hari lotutako informazio gehiago ere bildu eta berreskuratu dute.

Desagertutako hiru margolan

Bilboko Arte Ederren Museoarenak dira 1979ko instalazio haren parte izandako hainbat artelan, Jose de la Mano galeriarenak dira beste batzuk, eta familiarena da beste multzo bat. Eta, horiez gainera, Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren Museoko arte moderno eta garaikideko kontserbatzaileak gogoratu dutenez, erakusketa osatzeko egin dituzten ikerketak gorabehera, badaude oraindik ere desagertuta jarraitzen duten hiru margolan ere.

Irrintzi Ibarrolak eta Jose Ibarrolak ere hartu dute parte erakusketaren aurkezpenean. Ibarrolaren semeak dira biak, eta esker ona adierazi diete erakunde zein zaharberritze lanak egin dituzten profesionalei.

«Oraindik ere Ibarrolaren ibilbide osoa bilduko duen erakusketa antologiko handi hori egitea falta da»

JOSE IBARROLAAgustin Ibarrola artistaren semea

Irrintzi Ibarrolak esan duenez, gainera, Omako basorako bidean irudikatzen du artista 1979ko erakusketa hark. 1983an hasi zen Ibarrola basoan lanean, baina, haren semearen hitzetan, Bilboko Arte Ederren Museorako sortutako instalazioan ere ikus daitezke han landuko zituen elementuetako batzuk. Ikuslea esperientzia piktorikoan murgiltzeko asmoa aipatu du horien artean. Aldaketa horren atarian dago 1979ko Ibarrola, semeen hitzetan, eta, hain zuzen ere, aldaketa horrek eten zuen Bilboko erakusketaren ibilbidea.

Bilbon izan ondoren, Barakaldon (Bizkaia) eta Sestaon (Bizkaia) erakutsi zuten instalazioa, baina berehala artistaren biltokira itzuli ziren margolanak. «Haren kezkak jada beste leku batean zeuden», adierazi du Jose Ibarrolak. Esker onarekin batera, Bilboko Arte Ederren Museoak Ibarrolaren lan osoa hartuko duen erakusketa bat egin beharko lukeela ere gaineratu du hark: «Oraindik ere Ibarrolaren ibilbide osoa bilduko duen erakusketa antologiko handi hori egitea falta da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.