«Hurrengora arte erranez utzi zuen burdin haria, eta, agindu bezala, itzuli egin da». Horixe oroitu du Estefania de Paz Asin aktoreak, Remigia Etxarreni buruz (Iruñea, 1853-1921). Emakumeentzat etxetik kanpoko mundua debekatua zegoen garaian, «pinpilinpauxa baten gisara hiriko harresiez bertzaldera hegan egin» zuen Etxarrenek: lehen mailako funanbulista izan zen; Mademoiselle Agustini ezizenarekin, hango eta hemengo herritarrak aho zabalik utzi zituen bere oreka ariketekin. «Emakume ausarta eta aitzindaria izan zen; herriz herri ibili zen, munduan barrena, burdin hari baten gainean zerua konkistatzen».
Begietan sumatzen zaio De Paz Asini Etxarrenen bideak «erabat liluratu» egin duela; hainbertze txunditu du, ezen funanbulista oroitzeko erakusketa bat eta antzezlan bat prestatzea erabaki baitu. Apirilaren 11n aurkeztuko du lana aktoreak, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta egun berean inauguratuko du han bost astez ikusgai egonen den erakusketa. Orekaria oroitzeko eta omentzeko lan bat baino gehiago da De Paz Asinek ondu duena. Irailetik ari da Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan Etxarreni buruzko mataza osatzeko aurkitu dituen hariei tiraka, eta, prozesu horretan, aktoreak funanbulua berpiztu egin du: orekariaren rola bere egin du, Etxarren eta garaiko gainerako emakumeak gogora ekartzeko.
Argazkirik ez
Zirku bateko karpa txiki bat prestatu du De Paz Asinek Etxarreni buruzko bere antzezlana herriz herri eramateko. Lantalde oso bat du funanbulistaren unibertsoa irudikatzeko prozesuan laguntzen. Orekariak ustez janzten zuenaren gisako soinekoa ere egin diote aktoreari, haren bidez Iruñeko funanbulista berriz ere hezur-haragizko bilakatzeko.
«Intuizioa, irudimena eta ilusioa» baliatu ditu De Paz Asinek, ez baitu Etxarrenen argazkirik aurkitu. Dauden hutsuneak betetzeko aukerak on egin diola garbi du aktoreak, halere: «Nire Remigia sortu dut». Erakusketak eta antzezlanak izanen dituzten ikusleei ere gauza bera eskatu die: «Nork bere Remigia sor dezala, funanbulistaren omenez».
Iruñean jaio eta hazi zen Remigia Etxarren; burdin hariaren gaineko lanak, baina, herriz herri eraman, eta nomad” bilakatu zuen. «Izar handi bat izan zen», oroitu du De Paz Asinek. Iruñean hasi zuen orekariak burdinaren gaineko bidea. 1882an, sanferminetan, zezen plazako alde batetik bertzera pasatu zen; eta 1883koetan, berriz, Arga zeharkatu zuen, ibaitik hamar metro gora jarritako haritik. «Saski bana jarri zuen oinetan!», erran du De Paz Asinek.
Argako erregina erran zioten egun hartatik aurrera Etxarreni. «Miresmenez egiten zioten so». Istripu batek haritik hamabost metrotik behera bota zuen arte. «Ondarroan [Bizkaia] gertatu zen, 1892an. Ezin izan zuen gehiago harira igo», erran du De Paz Asinek.
Sorterrira itzuli zen Etxarren, eta, loteria saltzen aritu zen bere bizitzako azken txanpan. Funanbulismoak emandako ospea apalduz joan zen, eta ahanzturak hartu zuen, neurri handi batean, loteria saltzaile bihurtutako artista. Arrastoa ez da desagertu, halere. «Yolanda Barcina Iruñeko alkate zeneko garaian sortu zen Caldereria karrikako plazatxoari Remigiaren izena jartzeko mugimendu bat». Karrika lortu zuen orekariak, baina Alde Zaharretik at: Txantrea auzoan.
Etxarrenen memoria lantzeko aukera emanen du De Paz Asinen lanak, apirilean. Erakusketarekin eta antzezlanarekin batera, hitzaldi sorta bat eta haurrentzako tailerrak ere eginen dituzte, Kondestablearen jauregian. Etxarren jaio eta hil zen Alde Zaharrean, alegia; garai batean, teilatuz teilatu ibiltzen ziren katu guztiek Remigia izena zuten auzoan.