KRITIKA. Haur eta gazte literatura

Ahalduntzen

'Neska jaiotzea' liburuaren azala.
'Neska jaiotzea' liburuaren azala.
2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

'Neska jaiotzea'

Idazlea: Alice Dussutour. Ilustratzailea: Alice Dussutour. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.

Garai batean, lekuan lekukoa baino ezagutzen ez zenean, emakumeek eme jaiotzeagatik zituzten nekeak eta miseriak bertakoak zirela pentsa zezaketen. Amestu zezaketen bazirela bestelako lurralde eta kulturak, zeintzuetan ar edo eme jaiotzeagatik inor ez zen gutxiesten ezta zapaltzen ere. Ezagutza orokortu denean, azken bazterra arakatu dugun honetan, ordea, badakigu neska jaiotzea erronka handia dela munduaren bira osoan, kultura eta lurralde (ia?) guztietan.

Neska jaiotzea liburua gai hau gazteen artean zabaltzeko baliabidea da. Azalpen liburuen formatuarekin osatutako lan honek munduko kultura eredu desberdinetatik adibideak bildu ditu helburua betetzeko.

Gai zehatzak aukeratu dira, eta formatu berarekin osatu da gai bakoitzaren aurkezpena. Liburuaren egitura borobiltzeko, hitzaurrea, aurkibidea, atze-solasa eta gaietan sakontzeko baliabideak daude.

Liburuaren mamia sei gai hauek dira, hurrenez hurren: hilekoaren tabua, gorputz ez-normatiboak, gizarte patriarkala, ezkontza behartuak, ablazioa eta feminizidioa.

Bai, gai oso hunkigarriak dira, eta berebiziko garrantzia dauka azalpenak emateko moduak. Ez da ahaztu behar nerabeentzako (ere) badela liburu hau.

Gaiaz garbi hitz egiteko eta gordinkeriak saihesteko estrategia izan da neska protagonista bat aukeratzea gai-leku bakoitzean, eta biografia moduko bat eratzea. Halatsu: Nepalgo Kaneilak hilerokoarekin bizi izandako esperientzia kontatzen digu, ingurukoek zer esaten dioten, eta nork eman dion laguntza eta adorea. Segidan, azalpen testu laburren zazpiko sorta bat dago, chaupadi tradizioaren sorrera azaltzen, tabuak zer diren argitzen, hilekoaren azalpen biologikoa ematen, tabuaren aurkako jarrera aldarrikatzen, eta beste.

Bai testu sorta hau, eta bai biografia ere, idazkera oso xehekoak dira, ulerterrazak. Gainera, album ilustratuaren formatutik gertu dagoelako edo, biografiako atala letra larriz idatzita ematen da.

Bada, egituraketa hau (biografia lehenik, azalpen testuak segidan) bost aldiz errepikatzen da, munduko bost lekutako bost pertsonaiekin. Lehena Nepalgo Kaneilaren kasua da, hilerokoaz hitz egiten diguna. Bigarrena Euskal Herriko Elaiaren kasua da, gorputz ez-normatiboez ari dena. Hirugarrena, Afaganistango Mahnoosh eta bertan bizi duten muturreko patriarkatua. Laugarrenik, Kenyako Makenak azaltzen digu nola aurkezten dieten ablazio genitala eta ezkontza behartua euren kultur ondarea balitz bezala. Amaitzeko, bosgarrena, Mexikoko Luisa da, feminizidioaz ari dena.

Esan bezala, argitasunaren eta gordintasunaren arteko oreka bilatzen duten testuak dira, eta egileek asmatu dutela iruditzen zait. Dibulgazio lan txukuna da, irakurle guztientzako eskuragarria, eta honetxegatik, ezinbesteko irakurketa gazte zein helduontzako, neska zein mutil. Liburuaren amaieran Gehiago jakiteko atal jantzi bezain aberatsa dago, film, liburu, elkarte eta bestelako proposamen sorta zabalarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.