Xabier Gantzarain. Kalostra arte eskolako koordinatzailea

«Ahaztu egiten dugu gure izatearen alderdi estetikoa»

Apirilaren 7an hasiko da Kalostra arte eskola esperimentalaren aurreneko ikastaroa. Ikasleen konpromisoa funtsezkoa izango dela nabarmendu du Xabier Gantzarainek.

Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Dena zikintzen ikusteko irrikan» dago Xabier Gantzarain (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975), Kalostra eskolako koordinatzailea. «Ikasleak lanean ikusteko amorratzen nago. Berdin zait zertan. Baina hemen, lanean». Otsailaren 27ra arte dago zabalik Kalostra arte eskola esperimentaleko aurreneko ikastarorako izena emateko epea, eta izena ematen dutenen artean hautatutako hamabost lagunek apirilaren 7an ekingo diote Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuko eraikinean Kalostrari utzi dizkion espazioak erabili eta «zikintzeari». Sei hilabeteko ikastaro bat hasiko dute, aldez aurretik ezarritako programarik gabe eta amaieran titulurik jasotzeko espektatibarik gabe, baina artearen praktikan buru-belarri murgilduta bizi-esperientzia bati ekiteko esperantzan, sei artistak osatzen duten klaustro baten gidaritzapean: Ana Laura Alaez, Jon Mikel Euba, Maria Luisa Fernandez, Asier Mendizabal, Itziar Okariz eta Sergio Prego.

Zer-nolako interesa sortzen ari da Kalostrako aurreneko ikastarorako deialdia?

Jende asko zuzendu da guregana ikastaroaren xehetasunei buruz galdezka. Euskal Herritik nahiz kanpotik idatzi dute; Kataluniatik eta Txiletik, adibidez. Ikastaro luzea da, ahalegin handi bat eskatzen duena, sakrifizio bat. Bereziki inguruan bizi ez direnei, ikastaroak irauten duen bitartean bizitzeko leku bat bilatu beharko dutelako. Baina ez horiei bakarrik; denei eskatuko die inplikazio handia. Xehetasunei buruz galdezka idazten digutenei guk nabarmentzen diegu ikasleen aldetik presentzia eta konpromisoa nahi dugula.

Norentzat dago pentsatua Kalostra?

Ez dakigu oso ondo nor etor daitekeen, edo nork aprobetxa dezakeen ondoen eskola hau. Izan daiteke lanean hasitako artista bat, erakusketak edo dena delakoak egin dituena eta beste artista batzuekin lan egiteko gogoa duena. Baina berez, printzipioz, Arte Ederretako karrera bukatu berri duen jendearentzat dago pentsatua. Artista izan nahi duen jendearentzat, edo artista izate horretan sartuta dabilena baina une jakin batean galduta sentitzen dena, edo erreferentziak falta zaizkiona, edo beste norbaitekin bere lanaz hitz egin beharra sentitzen duena, dituen interesez, dituen kezkez... Dena den, ez da inor baztertzen aldez aurretik.

Aurkezterakoan esan zenuenez, Kalostra ez dago pentsatua artistak buruan duen egitasmo bat gauza dezan.

Aurretik proiektu itxia dakarren artista baino interesgarriagoa zaigu, Kalostrarako, irekita dagoen artista, jasotzera datorrena eta jasotako horrekin berea egiten hasiko dena. Horregatik ez dugu eskatu proiekturik, beste eskola eta gune batzuetan egiten duten bezala. Kalostrara datorren ikaslea klaustroko artistekin eta beste hamalau kiderekin harremanetan lan egitera dator. Ikasketa prozesu kolektiboa interesatzen zaigu batez ere. Gero, ikasketa prozesu kolektibo horrek emaitzak ere eman behar ditu, eta eredu pedagogiko bat finkatu nahi dugu, ikastaro batetik bestera denboran aurrera egin ahala, eskolari berari buruz eta pedagogiari buruz ateratzen diren ondorioak aintzat hartuta.

Diziplinei dagokienez, erabat irekia da deialdia, guztietara dago zabalik. Baina baliteke lekuak muga batzuk izatea. Horma irudiak egin nahi dituen artista baten kasuan, adibidez.

Norbaitek horma irudiak egin nahi dituela esaten baldin badu, bilatu beharko dugu modu bat horma irudiak egin ditzan. Hemen bertan, edo beste nonbait. Ez dago itxita. Egun, diziplinen arteko banaketa, artearen esparruan batez ere, ez da eraginkorra. Ez dago mugarik. Xehetasunez galdezka idatzi digunetako askok planteatu digute egiten duten horrek lekurik izan dezakeen, eta gure erantzuna beti da aldez aurretik inori ez diogula aterik ixten diziplina jakin bat lantzen duelako.

Definizio eta sailkapenen zehaztasunetik ihes egiten du Kalostrak, arte garaikideak berak bezala. Baina gizartearen eta artearen arteko harremanak ez al ditu zailtzen definizio faltak, mugarik gabeko zabaltasunak?

Nik uste dut gaur egun artearen eta gizartearen artean dagoen distantziak ez duela motibo bakar bat, baina ez zait iruditzen arteak gaur egun edozer bereganatzeko duen ahalmenak sortzen duenik distantzia hori. Ez dakit urrutiramendu hori ez ote den gertatzen gaur egun esparru bakoitza gero eta isolatuagoa dagoelako. Literaturari ere zer ari zaio gertatzen? Irakurle klubak daude, badaude literaturarentzako lekuak, baina literaturak galdu egin du lehen kulturan eta hezkuntzan zeukan zentralitatea. Literaturak badu bere txokoa, baina hor geratu da. Eta arte garaikideari ere hori gertatu zaio. Egoera politikoa beste bat zenean, 1960ko hamarkadan adibidez, ideiak ezin ziren politikoki formulatu eta artearen bidez formulatzen ziren. Baina, gaur egun, politikoki formulatzeko aukera dagoen honetan, badirudi arteak ja ez duela balio horretarako, artea erretiratzen dela zeregin horietatik, bere esparrura, bere txokora. 1990eko hamarkadaren amaieran Euskal Herriko artista askok egin zuten lanak Euskal Herriko herri kulturako elementuekin, baina lan horiek oso nekez gizarteratu ziren. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako arte abstraktua, aldiz, berez hizkuntza artistikoaren aldetik zailagoa izan arren, herriak bereganatu egin zuen, logotipoetan eta bestelako adierazpide askotan ageri den bezala. Beste kontu asko ere aipa daitezke: ekonomiaren aldaketak, arteari egozten zaion kultur industriaren eta turismoaren pizgarri izateko eginbeharra...

Arteari kalte egiten al dio eginbehar hori eransteak?

Kalostraren webgunean diogun bezala, artearen balioa artearen praktika bera da. Praktika horrek ekartzen dituen ideia berrietan dago artearen balioa, sortzen dituen zalantzetan, ematen dituen irudietan... Baina, gaur egun,ematen du horren inguruan sortu dena dela garrantzitsua, eta ez artearen praktika bera. Jorge Oteizak esaten zuen arteak ez duela mundua aldatzen, baina bai arteak aldatu dituen gizonek eta emakumeek. Nik horretan ikusten dut artearen zeregina. Uste dut ahaztu egiten dugula gure izatearen alderdi estetikoa. Ematen du alderdi hori ez dela geure baitakoa. Beste guztia bai: gure identitatea, gure egoera soziala, eta abar... Baina kultura eta artea ez; ematen du horiek kanpoan daudela eta gure esku dagoela horiek hartzea edo ez. Baina hori gezurra da. Kulturak beti egiten gaitu. Ikusten dituzun filmak, entzuten duzun kantuak… Ez bakarrik guk hala nahi dugulako zerbaiten bila jotzen dugunean. Gure izate estetiko hori ukatu egiten dugu, edo ez gara ohartzen horretaz. Ezin da ukatu, adibidez, telebistak guregan duen eragina. Ematen du hori gauza saihetsezin bat dela, eta kultura, aldiz, geuk aukeratutakoa dela. Baina ez da horrela. Dena da bat azkenean.

Lehen ikastaroko klaustroa osatuko duten artistak 1960koeta 1970eko hamarkadetan jaiotakoak dira. Ibilbide oparoa dute eta aitormen handiak jaso dituzte kanpoan, baina haien lana ez da oso ezaguna Euskal Herrian.

Estimazio handia dute kanpoan, bai, eta ez bakarrik artista gisa; baita artearen pedagogiaren aldetik ere, zuzendu dituzten tailer eta ikastaroengatik. Baina, hemen, gizartearentzat ezezagunak dira eta erakundeek ere ez diete orain arte dagokien lekua eman. Ez dute bakarkako erakusketarik egin, adibidez, Arte Ederretako museoan, Artiumen edo Koldo Mitxelena Kulturunean, edo agian haietako inork egin badu, salbuespena izango da. Sekulako lanak egin dituzte belaunaldi horretako artistek, bikainak ez bakarrik gustu pertsonalaren ikuspegitik; baita une jakin bateko egoerak eta pentsamenduak, herri baten Zeitgeist-a edo garai bat, oso ondo sinbolizatzen duten lanak direlako ere. Baina ez daude gure imajinarioan. Artista horien lanik gehienak Euskal Herritik kanpo daude: Madrilgo Reina Sofian, MACBAn... Eta lan horiek ez badituzu erosten, gero oso zaila izango da lan horien inguruko errelato bat osatuz joatea. Egunen batean gogoratuko gara horretaz, eta damutuko zaigu.

Belaunaldi hori hurrengo belaunaldiarekin harremanetan izango da Kalostran.

Kalostraren helburuetako bat da belaunaldien arteko harremanak indartzea. Eta ez bakarrik bi belaunaldi horien artekoa. Aurreko belaunaldiko artistak ere ekarri nahi ditugu, dela klaustroko kide izanik ikastaro batzuetan, dela gutxienez artista gonbidatu gisa ekarrita hona. Gutxienez, hiru belaunaldi horien arteko elkarrizketa bat sortzea bete beharreko helburuetako bat da Kalostrarentzat. Dena den, eguneroko martxa normalean ere artistek beti dute harremana beren artean, beren belaunaldikoekin zein beste belaunaldietakoekin.

Programa zehatzik gabeko, notarik gabeko eta titulurik gabeko eskola… Irakasleak ere, nahiz eta ibilbide oparo eta aitortua izan, ez dira oso ezagunak gure gizartean... Gazte batek nekez lasaituko ditu gurasoak Kalostrara datorrela esanda.

Hor arazoa, beti bezala, ez dira gazteak, gurasoak baizik. Lehia gogorra delako, aukerak murritzagoak direlako... ematen du lehen posible ziren gauza batzuk ezinezkoak direla gaur egun, ezin direla egin. Badirudi denak izan behar duela akademikoa, titulu batekin, dena egin behar dela oso modu zehatz batean, modu bakar batean bideratua. Badaude beste modu batzuk ikasteko, titulu bat bilatu gabe. Tituluaren bila joateak eramaten zaitu sistema horrek ezartzen duen eredua onartzera. Nik ere egin nuen master bat, baina masterra egin nuenean askoz gehiago ikasi nuen masterretik kanpora masterrean baino: beste leku batera joan bizitzera, denbora izan irakurtzeko eta erakusketak ikusteko, jendea ezagutu… Esperientzia horrek gehiago erakutsi zidan klaseetan jasotzen genuenak baino. Batek beti ikasten du, eta kasurik gehienetan ikasitakoa hobeto ikasten du, edo ikasitakoa inportanteagoa izaten da berarentzat, ondo pasatzen duenean, gustura dagoenean, gustuko gauzak egiten dituenean, eta ez denean konturatzen ikasten ari dela. Hori da bilatzen dugun eredua. Ikaslea bere gustuko lan bat egiten ari da, gustura dagoen leku batean, bere kideekin, eta konturatu ere egin gabe esperientzia konpartitu horretan ikasiz joango da. Inori ezer kendu gabe, hezkuntza arautuan askotan dagoen arazoa da ikasleak beti duela epe baten barruan amaitu beharreko zereginen bat, eta horretara bideratzen duela ahalegina. Kalostran ez diogu notarik jarriko ikasleari, baina bizitako esperientziak balio izango dio. Balio izango dio artistekin lan egin izanak, kideekin aritu izanak, bere lana garatzeko denbora eta lekua eduki izanak, epe batean lan jakin bat amaitu beharrik gabe, beste denbora batekin eta beste erritmo batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.