joan shelley
'Real Warmth'
No Quarter Records
Â
Izan zitekeen country kantaririk ingelesena, edo ingeles kantaririk countryena. Batak edo besteak balio lezake, edozein modutara, AEBetako kantautorerik interesgarrienetakoa den Joan Shelleyz hitz egiteko. Are gehiago, 1960ko hamarkadako folk-rock ingelesari dion estimazio nabarmenak egiten du bereziki erakargarri Louisvillekoaren musika eta, batez ere, nola erabiltzen dituen eragin horiek ohikotik aparteko country-folk proposamen pertsonal eta kitzikagarria diskoz disko gauzatzeko. Hamargarrena du Real Warmth hau eta bere nortasunari eustea beste bide egokirik ez dagoela ebatzita, beste kantu-sorta bikain bat luzatu digu: balada akustiko ederrez eta psikodelia ukitua duten kantu konplexuagoez betetakoa.
Egia da, eta haren kantaera goraipatzeko modua ere bada, ez dela erokeria handiegia Sandy Denny zenaren oinordeko gisara aurkeztea Kentuckykoa, eta jakin hori dela, nire ustetan, emakumezko folk kantari batez adierazi daitekeen lausengurik handienetakoa. Espanturik gabe, hain lasai, hain gozo, hain sarkor kantatzen du. Melodiak ere laztantzen dituela dirudi, eta horretarako ez du ahalegin berezirik egin behar, ez du xuxurlatu behar, ez dio sekula kantatzeari uzten. Horren adibide ugari daude Toronton hainbat musikarien laguntzaz grabatutako lan honetan: For When You Can't Sleep, Everybody, Give It Up, It's Too Much edota The Orchard ederrak. Country aldera lerratzen diren kantu melodikoak dira, eta kantaria baladista ikaragarria dela adierazten dute, berriro ere.
Diskoa, ordea, beste modu batean hasten da; Fairport Convention talde ingeles aitzindariaren errepertoriotik aterea dirudien Here in the High and Low kantuak irekitzen baitu. Richard Thompsonek berberak sina lezakeen kantu bat. Ildo berekoak dira Field Guide to Wild Life, Wooden Boat eta Ever Entwine. Kantu hauetan melodiak jostalariagoak dira, eta nabarmena da taldearen ekarpena, esan bezala, psikodelia ukitu batzuk barne. Kantu enigmatikoagoak dira eta Shelleyren alde ausarta erakusten dute. Diskoa ixteko, berriz, ereserki bat; Who Do You Want Checking in on You eta gitarra akustikoaren laguntza soilez burututako The Hum datoz, hori kantu puska!
Shelley anderearen disko bati eska diezazkiokegun ezaugarri guztiak ditu Real Warmth honek, eta alde horretatik hura ezagutzen dutenen gogoa asetzeko modukoa da. Ezagutzen ez dutenek, berriz, agian ahalegin txiki bat egin beharko dute, ez baita haren diskorik irisgarriena. Baina ahaleginak merezi du, egun entzun daitekeen folk kantaririk onenetakoarekin topo egingo baitute.