Musika

Ahotsaren eta korden arteko enkontru bat

Eñaut Elorrietak eta Alos Quartetek Ahots Kordak proiektua sortu dute elkarrekin, eta azken bi zuzenekoak egingo dituzte martxoan, Bilbon eta Iruñean. Elorrietak azaldu du apustua egin dutela kontzertu urri eta zainduen bidez soinu «organikora» itzultzeko

Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet taldea. AHOTS KORDAK-EK UTZIA
Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet taldea. AHOTS KORDAK-EK UTZIA
edurne begiristain
2026ko martxoaren 5a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguko jasmina bezalaxe, urtarrilean loratu eta martxoan zimelduko da Ahots Kordak proiektua. Eñaut Elorrieta abeslari eta musikariak eta Alos Quartet harizko instrumentu laukoteak —Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Alejandro Saul— elkarlanean ondutako egitasmoak urtarrilaren 3an abiatu zuen bidea, eta bi ikuskizun baino ez zaizkio geratzen helmugara iristeko: martxoaren 11n Bilboko Filarmonika aretoan izango da, Loraldia jaialdian; eta martxoaren 20an, berriz, Iruñeko Civivox Pompelo areto berrian agurtuko dute proiektua. Atzean geratu dira Zornotza (Bizkaia), Gasteiz eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) emanaldiak. «Oso ederra izaten ari da bidaia», aitortu du Elorrietak.

Ahots Kordak zuzeneko ikuskizun bat da, bi elementu sinple eta puru uztartzen dituena: ahotsa eta kordak. Elementu horiek artifiziorik gabe erabiltzea da proiektuaren muina. Ahotsa, biolinak, biola eta biolontxeloa dira lanaren oinarri. Ahotsak gidatzen ditu kordak, kordek babesten dute ahotsa, eta bien arteko topagune moduko bat da proiektua. «Haize kontra doan lan bat da. Kontzeptua oso organikoa da, eta argi genuen oso elementu gutxirekin eta artifiziorik gabe eman nahi genituela kontzertuak», azaldu du Elorrietak. Entsegu lokalean sortzen duten giro bero eta gertukoa aretoetara eramatea izan da erronka, eta formatu sinple baina dotore batekin kontzertu gutxi eta zainduak jo dituzte hala.

«Haize kontra doan lan bat da. Kontzeptua oso organikoa da, eta argi genuen oso elementu gutxirekin eta artifiziorik gabe eman nahi genituela kontzertuak»

EÑAUT ELORRIETAMusikaria

Hasieratik erabaki zuten egitasmoak amaiera zehatza izango zuela. «Marketinak aginduta ezer bukatzen ez den garaiotan, guk argi genuen proiektu hau hasi eta buka egingo zela». Trinkotasun horrek ere eragin du, kantariaren ustez, publikoaren erantzunean. Izan ere, orain arteko saio guztiak arrakastatsuak izan dira, oso, eta denbora gutxian saldu dituzte sarrera guztiak. Bilboko eta Iruñeko ikuskizunetarako ere sarrera gutxi geratzen dira. «Argi genuen kontzertu bereziak izango zirela, baina ez genuen espero jendeak halako babesa ematea».

Hartu-eman trinkoa

Elorrietaren eta Alos Quarteten arteko harremana aspaldikoa da. Ken Zazpiren bigarren diskoan sartu zituzten lehen aldiz kordak musikariek, eta, ordutik, hainbatetan aritu dira batera. «Soka laukote edo boskote formatu hori ikaragarri gustatzen zait», onartu du abeslariak. Hala ere, lehen aldia da zuzeneko proiektu bat elkarrekin ondu dutena.

Fantasia diskoaren bira amaitu eta urte eta erdi ingurura egin zien elkarlanerako eskaintza Elorrietak taldekoei; baiezkoa «berehala» etorri zen, eta lanean hasi ziren. Partiturak partekatzea eta errepertorioa fintzea izan zuten lehen egitekoa. «Lan pilo bat egin dugu; kantu asko baztertu ditugu, eta proiektuaren trinkotasuna, moldaketen kalitatea eta soinua lehenetsi ditugu».

«Soka laukotearen gainean kantatzen dudanean, sentitzen dut edonoiz jaus naitekeela. Oso oreka delikatua da, baina, aldi berean, olatu baten gainean surf egitea bezala da: indarra eta oinarria sentitzen dituzu»

EÑAUT ELORRIETAMusikaria

Elorrietak dioenez, «zorte handia» izan dute proiektura batu diren bidelagunekin ere: Xabi Zeberiok hainbat moldaketa egin ditu —«daukagun moldatzailerik finenetakoa da»—, eta Fernando Velazquezek, Juan Carlos Perezek, Carlos Montfortek eta Angel Unzuk ere beren ekarpenak egin dituzte. Besteak beste, Itoizen kantu baten laukoterako bertsioa landu du Perezek. Entseguetan, Jean Phocas eta beste hainbat musikari ere izan dituzte lagun: «Enkontru gune bat ere izan da proiektua, eta hartu-eman artistikoak garatzeko balio izan digu».

Ikuskizunaren bizkarrezurra Elorrietaren ibilbideko kantuek osatzen dute: Ken Zazpiren garaitik hasi, Deserriko kantak bakarkako lehen lanetik igaro, eta azken urteotako Harian, Irteera argiak eta Fantasia diskoetarainoko piezak ere badira. Baina ez horiek bakarrik: Alos Quarteten zenbait kantu ezagun ere entzun daitezke ikuskizunetan, baita Itoizen bertsioak ere, denak modu sotil eta zainduan emanak.

Kantu ezagunak izanik ere, formatuak beste leku batera eramaten dituela sentitzen du Elorrietak. «Soka laukotearen gainean kantatzen dudanean, sentitzen dut edonoiz jaus naitekeela. Oso oreka delikatua da, baina, aldi berean, olatu baten gainean surf egitea bezala da: indarra eta oinarria sentitzen dituzu». Proiektuan eskutik doaz hauskortasuna eta sendotasuna, eta horrek kantuak ia berriro deskubritzera eraman du, sakonago bizitzera: «Ia-ia berri sentitzen ditut, eta hori oso ederra da».

Euskal Herrian ia ez dago Ahots Kordak proiektuaren antzekorik, baina euskal mugetatik kanpo badira zenbait eredu: Elvis Costelloren The Juliette Letters diskoa eta Silvia Perez Cruzen Entre Cuerdas proiektua ekarri ditu gogora Elorrietak, mirespenez. «Ni maiteminduta naukan formatu bat da».

Proiektuaren inguruko lantaldea zabala da: eszenografia eta argi diseinua Javier Ullaren esku daude —Ken Zazpirekin, Ruper Ordorikarekin eta dantza garaikideko hainbat konpainiarekin lan egindakoa—; soinuaren arduradunak Jean Phocas eta Igor Erzilla dira; eta argazki eta bideo lanak Renata Laszczakek egin ditu.

Iruñean emango diote amaiera Ahots Kordak egitasmoari, eta kontzertu «berezia» espero du Elorrietak. Gainera, hura amaitu ostean, abeslariak geldialdi bat egingo du, kantu berriak sortu eta disko berri bat prestatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.