begona del teso
Eppur si muove

Aintza eta aintza gure kondesa eredugarriari

2026ko otsailaren 27a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berlinale aurtengoak 33 milioi euroko aurrekontua izan du. Zakar jo du haizeak bertan, haize politikoak, haize ilunak, loa inoiz hartzen ez duten mamuak berpiztu dituenak. Erdi-erdian eta krudelki harrapatu zuen urakanak Wim Wenders, hitzak erabiltzerakoan eta hausnarketak plazaratzerakoan batere fin ibili ez zen maisu izandakoa. Egiari zor, gustu handiz hauspotu eta okertu zituzten batzuek zorigaiztoko hitz haiek. Nork sinetsiko zinema ez dela afera politikoa esaten duenik? Are gehiago, nork pentsatuko hori bezalako gogoeta petral eta inozoa egin daitekeenik Berlinen?

Tornadoa nondik zetorren ikusita, hamaika lubakitan borroka, barre, amets eta festa egin dugunok nahiago izan genuen polemika hutsaletatik apartatu eta zineman aurkitu gure buru, hezur eta bihotz osasuna babestuko zuen zeluloidea.

Zeluloidea eta zinema bera ondratzen duten sortzaile eta pertsonaiak nahi izan genituen topatu. Gailur ekaiztsu guztien gainetik hegan eginez, mugarik onartzen ez duen jende muturrekoarekin elkartu.

Ez genuen asko ibili behar izan, zeren eta infernu guztiak ezagutu izan dituzten hainbat emakume markaz fuerakok estima handitan duten Erzsébet Báthory de Ecsedekin segituan egin baikenuen topo. Berarekin bai. Anjel Lertxundik karlisten gerratera erakarri zuen Gilles de Raisen beraren herio balentriak erraz asko eta dolurik pe gainditu zituen hiltzaile fina bera.

Erzsébet Báthory de Ecsedek 650 neska gazte torturatu, odolgabetu eta hil egin zituen bere Hungariako gazteluan. Zergatik? Ba al du horrek axolarik? 650 dontzeila akabatzen dituzunean ez duzu zertan zure intentziorik azaldu. Azalpen guztien gainetik egiten duzu hegan, Berlin egunotan aterpe hartu izan duten beleen modura.

Noblea zen. XV. mendeko aristokrata. Hungarian. Erdialdeko Europa ospel eta goibel hartan, non basoak misterio guztien habiak diren. Batzuek nahi zituzten lurrak konkistatu. Besteek ondasunak pilatu. Nahi zuen anaiak anaia tronutik bota. Nahi zuten soldadu nobleek armada turkiarra gailendu...

Bestelakoak ziren Erzsébet Báthory de Ecseden desirak. Gaueko izaki eta ahalmen guztiak menderatu nahi zituen. Nahi zuen edertasun infinitua. Nahi zuen gaztetasun eternala. Bere lurrean hain anitzak ziren banpiroek nola, ederki asko zekien Elisabetak odolean zegoela bizitzaren sekreturik, miraririk handiena. Baita edertasuna ere. Gaurko adituek aurkituko dituzte mila eta bat hitz Bathory anderearen portaera definitzeko, tontamentean mugatzeko. Definizio psikiatrikoek misterioa zapuzten dute baina. Beti. Badakigu sadiko hutsa zela eta, agian masokista ere bai. Miresten dugu bere ondoren etorriko ziren serieko hiltzaile guztien artean andre eta jabe delako.

Ez dugu jakintsurik behar. Sutondoko kontakizunak entzun izan ditugu dardaraz. Alejandra Pizarnikek eta Valentine Penrosek dedikatu zizkioten narrazioak leitu. Hamaika pelikula ikusi. Badugu Erzsébeten berri zehatza, odolaren metalezko gustu gozoaz zipriztindua.

Horrexegatik, gutako askorentzat, Berorren Gorentasunarekin biltzea, non eta Berlinen, plazerik ikaragarrienetarikoa izan zen. Egia esatearren, kasik bakarra. Bere enkontrura joan ginela, borborka sentitu genuen odola zainetan.

Ez zetorren kondesa konpainia hala moduzkoan. Eternitatean deskantsurik izango ez duen bere espirituak hartua zuen Isabelle Hupperten gorputza abegi eta bere zeluloidezko proposamen guztiekin bazterrak nahasi eta haizeak harrotu dituen 83 urteko Ulrike Ottinger sortzailea aukeratu zuen Erzsébetek bere itzuleraren berri emateko.

Erronka egundokoa izanik Ulrikek laguntza eskatu zion nori eta Nobel sariduna den Elfriede Jelineki. Ausarta eta egokia erabakia. Danele Sarriugartek aspaldian kontatu zigun Elfriede traidoretzat dutela askok bere herrialdean, Hitler Sissi bezainbeste maitatzen duen Austria horretan.

Penatu zen duela urte dexente Danele inork ez zuelako eskuratu Jelinek euskarara ekartzeko Arrasaten proposaturiko beka. Eta kontatu zigun Austriako alderdi kontserbadoreenek «Nestbeschmutzerin» izendatu zutela Elfriede. Ez da kariñoz gainezka hitza; literalki, «habia zikintzen duena» esan nahi du.

Pareko zerbitzariak aurkitu zituen bai Bathoryk Berlinalerako: Isabelle, Ottinger, Jelinek. Gehi bere jantzi guztiak sortuko zituen Christina Schafer edo berarentzat artifizio handiko argi barrokoa asmatu zuen Martin Gschlaacht.

Bueltatu zen Elisabeta mundu hilkorrera, fantasiazko fartsa mikatz baten erregina gauekoa. Poztu ginen bere otsein leialak eta alabantzetan hasi. Die Blutgräfin du izenburu filmak eta argi eta garbi erakusten du ekintza guztiak politikoak direla. Bai, gazteen odolean bainatzea ere. Berlinen gertatu zen. Wenders ez omen zen enteratu.

Ulrike Ottinger zuzendariaren 'Die Blutgrafin' filmeko irudi bat.
Ulrike Ottinger zuzendariaren Die Blutgrafin filmeko irudi bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA