Adinak aurrera egin ahala, atzera egiten dute aurrejuzguek. Batzuen batzuok, kasurako, ikasi egin dugu Espainiako abeslari folklorikoak estimatzen. Euren argi-itzal guztiekin, guztietan. Egia da hainbat Francoren aurrean makurtu zirela. Egia da, halaber, diktadoreak ezarritako erregimenak bere probetxurako erabili zituela, bortitz eta zakar. Eta, nire ustetan, euren erara, euren maneretan emakume potenteak, indar handikoak izan zirela. Baita libreak ere. Frankismoaren kuttunak izateak nahi zuten modura bizitzeko eta bizitzan jokatzeko aukera ematen zien, nire irudiko. Diktadurak erabiliak, bai, ez dizuet ukatuko, baina listoak, azkarrak ziren oso, eta beste inori ematen ez zitzaion libertateaz gozatzen ikasi zuten agudo. Bai sexu kontuetan, bai infernu guztietako atarietan ibili ahal izateko; prezio bat pagatu behar zela onartuz, hori bai. Ez izan dudarik.
Folkloriko haietako batek baino gehiagok dinastia klase handikoak sortu zituzten. Har dezagun etsenplu Lola Flores (bai, badakit, ez da normalean euskal paperetan agertzen den izena). Kataluniak horren maite eta horren bertako jotzen duen runba katalana musika estiloaren sortzaileetako bat izan zen Antonio Gonzalez El Pescailla-rekin ezkonduta, hiru seme-alaba primerakoren ama izan zen. Baita bi antzezle bikainen amona ere. Rosario alaba musikan sartu zen haizete moduan, jendea sor eta lor utziz eta Almodovarren Habla con ella-n parte hartuz. Lolita, berriz, antzinako erako antzerkian murgildu da aditu eta zale guztien onespenarekin. Bilakatu da ijito herriaren aitzindari leiala ere. Bera da Valladolideko zinema jaialdian estreinatu zen Pandaripen dokumentalaren narratzailea. Alfonso Sanchezek egina da, eta ijito herriaren mila urteko historia garratz eta braboa kontatzen da bertan, mendeetan oldartsu oso jokatu duten leinu horretako emakumeak omentzen.

Lolak eta El Pescaillak seme bat ere izan zuten, Antonio, amaren begikoa. Musikaria. Ameriketarako joan-etorrian ibiltzen ziren gurasoak, eta hemen entzuten ez ziren diskoak ekarri zituzten handik. Zaletu zen semea bluesarekin, rockarekin. Tequila bezalako taldeen garaikidea izanik, haiekin partekatu zuen dena. Bai musika bai bizitzarekiko ezinegon existentziala, heroinak horren samur eta prezio altuaren bueltan baretzen zuen hura.
Belaunaldi baten ereserki bihurtu ziren 30 kantu konposatu zituen. Jende askok du oraindik buruan, bihotzean nola, Iruñean eman zuen azken kontzertua. Azkena? Bai, handik gutxira hil egin zen. Nola? Bihotza hautsita. Ama zuen galdu berria, eta gorputzak ezin buelta eman alkoholari eta drogari… Hil zen Antonio, Alba alaba txikia oso txikia zela.
[Antonio Floresek] Belaunaldi baten ereserki bihurtu ziren 30 kantu konposatu zituen. Jende askok du oraindik buruan, bihotzean nola, Iruñean eman zuen azken kontzertua. Azkena? Bai, handik gutxira hil egin zen. Nola? Bihotza hautsita
Alba ere, izebak nola, aktore ona dugu. La casa de papel telesailean egin duen lanak munduan zehar zabaldu ditu bere izena eta figura. Adoretsu defendatzen ditu emakume lesbianen bizitza guztiak, eta musikaria ere bada, Silvia Perez Cruzen konplizea.
Betidanik izan ditu Albak erantzunik gabeko mila galdera aitaren inguruan. Erantzuna bilatu nahian, konfiantza jarri du fidatzeko modukoak diren bi zinemagilerengan; dokumentaletan eskarmentu oparoa duen Elena Molina eta musikarekiko lotura izugarria duen Isaki Lacuesta, La leyenda del viento eta Segundo premio filmen autorea, alegia. Lagunekin, familiarekin sortu dute Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren gure hiriburuetako saloietan den Flores para Antonio lan aparta, zeluloidezko miraria, Esa ambición desmedida edo La guitarra flamenca de Yerai Cortes bezain proposamen gaur egungoa, geratzen zitzaizkigun aurreiritzien azken apurrak ezabatzen dituena.
Musikaz, minez, alegrantziaz eta zinema onez da bildua Durangotik bueltan dastatu beharreko gutizia gazi-gozo hori.