Literatura

Aitaren eta aitonaren heriotzetatik abiatuta, lehen poema liburua ondu du Peio Iturraldek

'Denboraren esku urdinak' lana osatu du, eta Susa argitaletxeak eman du argitara. 58 poema bildu ditu, hiru ataletan, eta heriotzaz gain, maitasunaz, politikaz eta bakarrik sentitzeaz idatzi du.

Peio Iturralde, poema liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Peio Iturralde, poema liburua eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko maiatzaren 19a
18:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Omnia sunt communia —euskaraz, dena da denona—. Thomas Murtzer zenaren esaldi horrek laburtzen du Peio Iturralderen lehen poema liburua: Denboraren esku urdinak (Susa). Bi heriotzaren artean idatzitako poemak bildu ditu: aitarena eta aitonarena. Horiek izan ditu ardatz idazketa prozesuan, baina beste hainbat gai ere jorratu ditu 58 poematan; hala nola idazketaz, desiraz, politikaz eta maitasunaz hausnartu du. 

Hiru atal nagusitan banatu ditu poemak: Omnia, Sunt eta Communia. Lehenengoak «gauza guztiei buruz» hitz egiten du, Iturralderen hitzetan. Sunt-ek, berriz, «izatearekin eta ez izatearekin» du zerikusia. Hots, maitasunaz eta heriotzaz mintzatu da, eta Eros eta Thanatos erabili ditu bi kontzeptu horien adierazle gisa. Azkenik, komunitatearen garrantzia azpimarratu du, hortaz hitz egiten baitute azken ataleko poemek: «Komunitateak apur bat itsutu nau, eta islatu nahi izan dut nola ikas daitekeen elkar komunikatzen». Besteak beste, sare horien zaintzatik, maitatzen jakitetik eta maitatzearen «porrotetatik» abiatu da poema horiek idazteko garaian.

Hizkuntzaz ere mintzatu da, eta azaldu du «oso presente» dagoela liburuan: «Askotan esaten da hizkuntza dela idazleen lehengaia. Baina niretzat idaztea ez da hitzekin egiten duzun zerbait, hitzen kontra egiten duzuna baizik». Hortaz, idazketa prozesua hitzekin eduki beharreko dema bat dela esan du, eta gaineratu du hizkuntzaren inguruan lan egitean, hein handi batean, «obsesio» ere bihurtu direla hitzak.

Edizio prozesua

2022tik 2024ra idatzi zituen poemak bildu, eta aukeraketa bat egin du libururako. «Atzera begirako bat egiten dut, eta erabakitzen dut guztietatik zein salbatu», azaldu du. Iturralderen ustez, poesia liburu batek 50 eta 55 poema artean eduki behar ditu, eta horren arabera egin du aukeraketa. Zerrenda horretako asko edizioan aldatu egin direla esan du; beste batzuk, berriz, «oso gutxi». Beste hainbat, ordea, kendu egin ditu, «txantxatik gehiago zutelako»: «Uste dut txantxak ez duela lekurik liburu honetan. Akaso, egunen batean, beste liburu batean sartuko ditugu, baina hemen ez». Ez du uste liburu alaia denik; are, batzuetan tristea ere izan daitekeela adierazi du, baina irakurleak liburua «barretxo batekin» amaitzea gustatuko litzaioke. 

«Ez dut irakurlerik izan; poemak amak irakurtzen zizkidan, baina ez nuen inor gehiago»

PEIO ITURRALDE Idazlea

Orain arte, baina, ezin izan du jakin zer-nolako eragina duten bere poemek irakurleengan. «Ez dut irakurlerik izan; poemak amak irakurtzen zizkidan, baina ez nuen inor gehiago». Hori dela eta, idazketa lana «oso bakartia» izan dela aitortu du, eta behin baino gehiagotan islatu du sentimendu hori poemetan. Liburua osatzean, baina, «jauzi kualitatibo bat» izan du: «Lantalde bat izan dut atzean, editore indartsu bat, eta irakurle oso interesgarriak». Horregatik, uste du besteekin poesia egiteko «gogoa» biltzen duela lanak. Hala ere, gogotsu agertu da irakurleen erantzunak jasotzeko, eta umorez gehitu du kritika txarrak ere jasoko lituzkeela.

Poeta izatea

Liburutik haratago, poesiaz hausnartu nahi izan du idazleak, eta beretzat zer adierazten duen azaleratu: «Poesia ez da publikatzen dena, ez da idazten dena ere. Idazketa baino askoz lehenago hasten da». Idazlearen iritziz, poesia izan daiteke munduari begiratzeko modu «etiko-estetiko bat». Izan ere, poesia «edonoiz» egin daitekeela uste du, eta gero hori hitzetara zein paperera eraman. Sorkuntza prozesu horretan blokeoak edukitzea ohikoa izaten den arren, idazleak argi du poema batek funtzionatzen ez badu «aurrera» egingo duela. 

Eta zer da poeta izatea? Bada, Iturralderen ustez poeta izatea ez da idazten edo publikatzen dena, baizik eta «besteek irakurri nahi dutena». «Izan ere, irakurlerik gabe ez dago idazlerik». Edonola ere, argi utzi nahi izan du ez datorrela «euskal literaturaren historia aldatzeko» asmoz, baina badaki zer sentsazio sorrarazi nahiko lukeen irakurlearengan: «Nire poemaren bat irakurri eta zera esatea: hemen badago zerbait. Alegia, norbaitek gehiago irakurri nahi izatea nire inguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA