Aitzindaria gogoratzeko

Dorothy Arzner zuzendariari eskainiko diote Donostiako Zinemaldiko aurtengo atzera begirako zikloa

Araitz Muguruza.
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mediku izan nahi zuen Dorothy Arznerrek (San Frantzisko, Kalifornia, 1897 - La Quinta, Kalifornia, 1979), baina asmo horiek berehala alboratu zituen zinemagintzarekin topo egin zuenean. William C. DeMillek, Cecil B. DeMille zinema zuzendariaren anaiak, grabazio estudio bat erakutsi zion, eta txundituta utzi zuten bertako kamera eta fokuen dirdirek. Orduan erabaki zuen zinema zuzendari izatea, eta erabaki hori egia bihurtu arte borrokatu zen. Fashions for Women (1927) izan zen zuzendu zuen lehen filma, eta 1943an First Comes Courage filmatu zuen arte, 23 film inguru zuzendu zituen. Donostiako aurtengo zinemaldian atzera begirako zikloa eskainiko diote, Hollywoodeko urrezko aroko emakumezko zuzendari bakarra izateaz gain garai hartako zinemagintzan nagusi ziren genero rolak zalantzan jarri zituelako, besteak beste.

Zinema zuzendari izan aurretik, ordea, beste hainbat lanbidetan jardun zen Arzner, errodajeen inguruan betiere. Eszenografo aritu zen Players-Lasky estudioan, gerora Paramount izena hartuko zuen estudioan. Gidoiak transkribatzen zituen bertan. Hura izan zen zinema munduanigo zuen lehenengo koska. Bigarrengoa igotzearekin batera, ardurak ere hartuz joan zen Arzner. Filmen sinopsia idazten eta grabazioetako laguntzaile aritu zen. Geroago, muntaketa lanetan hasi zen, eta hura izan zen bere bizitzako giltzarri, ibilbide zinematografikoa ireki baitzion. Guztira, 52 film muntatu zituen, eta horietako batzuetan gidoilari lanak ere egin zituen. Blood and sand (1922) filmaren zati batean hartu zituen zuzendari lanak lehenengo aldiz —muntaketa ere Arznerrek egin zuen— Fred Niblo zuzendariarekin batera.

Lehen filma osorik zuzentzetik urrats batera baino ez zegoen Arzner, baina zail egin zitzaion koska hura igotzea. Paramount estudioak ez zion babesik ematen, ez zion filmak zuzentzen uzten. Horregatik, mehatxu moduko bat egin zion estudioari: baimenik izan ezean, Columbia estudioaren eskaintza onartzeko prest agertu zen, Paramount etxearekin konpetentzia zuzena zuen estudioarena, hain zuzen ere. Izan ere, ordurako ari zen Arznerren izena ospea hartzen. Jaso zuen Paramounten baimena, eta zuzendu zuen bere lehenengo film luzea, 1927an, Fashions for Women. Arrakasta handiko estreinaldia izan zuen gainera, kritika onak jaso zituen. Gerora estudio horretatik aparte egin zituen filmak.

Begirada berria zinemari

Aire berria eraman zuen Hollywoodera. Ordura arte landu ez ziren hainbat gai zinemaratu zituen. Emakumezkoek gizartean zuten egoerari erreparatu, eta ordura arte zuten rola eztabaidan jarri zuen filmen bitartez, Craig's Wife (1936) eta Dance, Girl, Dance (1940) filmetan agertzen den eran. Sexualitateak ere garrantzi handia hartu zuen Arznerren lanetan, eta orduko Hollywood zurrunean homosexualitatea sartzea lortu zuen. Katharine Hepburn eta Rosalind Russell izan ziren zuzendariarekin lan egin zuten aktoreetako batzuk.

Filmetan erakusten zuen begirada Ameriketako Zuzendarien Sindikatura ere eraman zuen. 1933an sartu zen, eta urteetan jardun zuen bertan lanean. Urterik gehienetan emakumezko bakarra izan zen sindikatuan ere. Aitzindaria izanagatik, Arzner ez da beti gogoratu. Mugimendu feminista hasi zen haren lana aldarrikatzen, 60ko hamarkadan. Hainbat omenaldi egin zizkioten Hollywoodera eraman zituen aldaketengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.