'AIZKORAK ETA GUTUNAK'
Idazlea:Â Edorta Jimenez.
Argitaletxea:Â Elkar.
Aurrekoa bezalaxe, emakumezko pertsonaiaren inguruan ardazten da Edorta Jimenezen nobela berria. Aizkorak eta gutunak, biak ala biak izango dira esanguratsuak Bermeoko Almika auzoko Josefa Azketa eta bere alaba Maria Josefaren aurka abiatu den prozesu judizialean. Hilik agertu da Agirretxu baserriko Juan Ormaetxea. Etxe ondoko belardian azaldu da gorpua, lurperatuta, 1828ko irailean. Liburuak kasu osoa berreraikitzen du, gizonaren ustezko itomenaren berri ematen duten gutunetatik hasi eta amaren garrote bidezko exekuzioraino.
Hiru partetan bereizita dago nobela, epilogoarekin batera. Data adierazita dago pasarte bakoitzean, kronika itxura emanez kontakizunari. Hilketaren ikerketaren berri ematen da, pertsonaia ugarirengan fokua jarrita. Juan Jose Barrena apaiza, Jose Azeretxo aguazila, Jose Bizente Aurrekoetxea alkatea eta Pablo Ramon Aurrekoetxea fiskala… luzea da eleberrian agertzen diren pertsonaien zerrenda. Hori hala izanik, kutsu korala du nobelak, eta ama-alabak izanagatik protagonistak, gizartearen mosaikoa eskaintzen dute gainerakoek. Are gehiago nabarmentzen da berau, fokua pasartez pasarte aldatzen denez, kasuaren izaera soziala eta gizartearen barruko interes joko eta botere harremanak azaleratzen baitira horrela. Aurrekoetxea fiskalaren goranahia eta emakumeak leziatzeko gogoa, alkatearen auzia lehenbailehen garbitzeko asmoa edo Tomasa Renteriaren emakumeenganako elkartasuna, horiek eta gehiago azalduko dira kontakizunean. Esan bezala, kasuaren bilakaerak eta horren kontaketa multifokalak gizartearen erretratu zorrotza eskaintzen dute. Pertsonaien karakterizazioan eta eszenetako ñabarduretan antzematen dira, besteak beste, bereizketa sozial gordina, analfabetismoa eta gizarte patriarkala.
Gordina da ama-alaben istorioa, jakingarria oso kasuak ematen duen garaiko gizartearen irudia. Interesgune nagusia den kasuaren garapenaz batera, baina, bigarren mailako pertsonaiak iruditu zaizkit interesgarrienak. Bermeotik Bilborako Errege Bidean handik hona dabiltzan pertsonaia badaezpadakoak, Pedrobaltza eta Kapelaeder; Juan eta Frantzisko Carnero borreroak; lekuko mordoa… Kontakizuna janzten dute horiek guztiek, eta aipagarria da Jimenezek bakoitzaren itxuratzean eta ahotsean egindako lana. Izan ere, Jimenezen estiloa da nobelaren dohain handietako bat, testuari une oro bizirik eusten dion prosa gihartsua. Idazkera gatzbakotik, hizkuntza porlandutik —Iñaki Segurolak esango lukeen legez— guztiz aldendutako apustua dugu Jimenezena. Orobat laburrera jotzen du autoreak eta indar handiagoa ematen dio horrek idazkerari. Azpimarratzekoa da elkarrizketetan hartutako lana, hizkera burokratiko-judizialaren euskaratze ederra eta ekitaldi itxurako eszenak euren laburrean indar doiaz hornitzeko abilidadea. Akaso pertsonaien garapenean gehixeago sakontzea zegoen, emakumezko protagonistetan ez bada —uler liteke horiek gizartearen objektu edo Beste huts gisa aurkezteko nahia—, gainerakoetan, Aurrekoetxea fiskalarekin iradokitzen den bezala, alegia.