2017an zapaldu zuen oholtza azken aldiz Akelarrek, Hernaniko Oialume Biltokian (Gipuzkoa). Orain, plazak hartu ordez, zinema aretoak hartuko dituzte. 1972an sortu zen taldea, Soraluzen (Gipuzkoa), eta 33 urte eman zituen Euskal Herriko plazarik plaza. Ibilbide luze horretan, hamaika partaide aritu ziren taldean: milaka plazatan jo, eta hamabost disko kaleratu zituzten denera. Euskal Herriko festa egitarauetako izen nagusietako bat izan ziren, Eganekin batera. Ezagunak dira, esaterako, Hotel California eta 1,2,3,4 ispiluen aurrean kantuen bertsioak, bai eta 1982ko Korrikarako sortutako ereserkia ere. Bada, taldeari buruzko dokumental bat ondu dute orain Carlos Iglesias Serrano eta Xabier Zabala Agirrezabala zinema zuzendariek, Akelarre: marearen kontra izenburupean. Lekeitioko Euskal Zine Bileran (Bizkaia) estreinatuko dute filma, etzi, eta, azarotik aurrera, dokumentalak «bira» bat egingo du herriz herri, Akelarrek egin ohi zuen bezalaxe.
«Diktadura amaitu berritan, egoera konplexua zen, eta, euskara hutsean abestuz, plazak jendez lepo izaten zituzten». Hain zuzen ere, trantsizio garai horretan euskara hutsezko emanaldiak egin izanari eman dio garrantzia Iglesias Serranok. Eta, bide batez, bereziki goraipatu du Akelarrek garai hartako kanta ezagunak itzultzen egindako lana. Taldearen kantarik ezagunak dira horren adibide. Hain zuzen ere, Kenny Logginsek Steve Perryrekin batera sortutako Don't Fight It abestia dago Korrikarako egin zuten abestiaren oinarrian, eta Hotel California-k Eagles taldearen izen bereko kantua izan zuen abiapuntu.
Iglesias Serranok gogoratu duenez, duela bizpahiru urte hasi zen dokumentalaren proiektua. Taldeak amaiera on bat merezi zuela sinetsita, Akelarren aritutako bi kidek egin zuten eskaria, zehazki. Iglesias Serranoren lantokira, hau da, Bideografik ekoiztetxera jo zuten horretarako, eta horrela hasi zen bidea. EITBrekin lankidetzan egin dute dokumentala, eta, Iglesiasen hitzetan, oso lagungarria izan zaie hori, besteak beste artxiboko materiala lortzeko. Material horri esker, gainera, filma «osoagoa» da, zuzendariaren esanetan.
«Askok usteko dute filma Akelarreren 33 urteko ibilbidearen bilduma bat izango dela, baina ez da hala. Hori baino gehiago, hurbileko begirada batetik egindako lan bat da»
CARLOS IGLESIAS SERRANO Zinemagilea
85 minutuko lan bat izan da azken emaitza, eta zinemagileak esan du protagonistak «oso gustura» geratu direla. Ikusleei jakinarazi die litekeena dela dokumentalak beren aurreikuspenak «iraultzea»: «Askok usteko dute filma Akelarreren 33 urteko ibilbidearen bilduma bat izango dela, baina ez da hala. Hori baino gehiago, hurbileko begirada batetik egindako lan bat da, eta ikuspuntu emozional ukaezina du». Gaineratu du artxiboko irudien eta taldekideen egungo erretratuen arteko kontrastez betetako dagoela lana. «Erakutsi nahi izan dugu denbora igaro dela. Taldekideak lehen nolakoak ziren erakutsiz, baina baita orain nola dauden eta zertan dabiltzan azalduz ere».
Zuzendariak kontatu duenez, ikuspegi emozional hori lortzeko hainbat musikariren eta musikan espezializatutako zenbait kazetariren adierazpenak bildu dituzte, tartean direla taldeko kide ohi Anje Duhalderenak, Onintza Enbeitarenak, Leire Martinezenak eta Joseina Etxeberriarenak, besteak beste. Eta adituen esanak ez ezik, Akelarrerekin istorio bereziak dituzten jarraitzaileen kontakizunak ere txertatu dituzte.
Lehenengo aretoa: Lekeitio
Ostegunean hasi zen Lekeitioko Euskal Zine Bilera, eta bertan estreinatuko dute lana orain. Igandean. Iglesiasen esanetan, «nahita» aukeratu dute jaialdi hori. Batetik, ekoiztetxeak lotura berezia duelako jaialdi horrekin, eta bestetik, Bizkaiko kostako herri horretan 48 urte daramatzatelako euskara hutsezko filmak eskaintzen. Zuzendariak iragarri du Lekeitioko emanaldian ia taldekide denak egongo direla: «bakanen bat» baino ez da faltako.
Lekeitioko emanaldiaren ostean, dokumentala plazaz plaza eramango dute, taldeak bere musikarekin egiten zuen bezalaxe. Emanaldi sorta horri «bira» deitu diote, beraz. Filmak Aian (Gipuzkoa) hasiko du ibilbide hori, azaroaren 28an. Iglesiasek adierazi duenez, lekua ez dute edonola aukeratu. Izan ere, taldeak lotura estua izan zuen herri horrekin. Azaroaren 29an, berriz, Gatikan (Bizkaia) eta Laudion (Araba) emango dute, eta hilaren azken egunean, Berrobin (Gipuzkoa). Abenduaren lehen hamabostaldian Gipuzkoako eta Bizkaiko hamaika herritan egingo dute akelarrea berriro. Oholtzan egin beharrean, baina, aretoetan.