Akira Toriyama 'Dragoi bola'-ren sortzailea hil da

Martxoaren 1ean hil zen manga eta anime sortzailea, 68 urterekin. Haren ekoiztetxe Bird Studiosek eman du heriotzaren berri, sare sozialetan.

JAPAN AKIRA TORIYAMA OBIT
'Dragoi bola'-ren sortzaile Akira Toriyama, artxiboko irudi batean. EFE
Uxue Rey Gorraiz - Garbine Ubeda
2024ko martxoaren 8a
09:45
Entzun

Azkeneraino aritu da lanean, sortu eta sortu, Akira Toriyama manga sortzailea. «Gogoz beterik» aritu da, artistaren ekoiztetxeak –Bird Studios– zabaldu duen oharraren arabera, «hil den artean». Emandako informazioaren arabera, martxoaren 1ean hil zen Toriyama, 68 urterekin, buruko isuri larri baten ondorioz. Heriotzaren berri emateko ez ezik, sortzaileak utzitako ondarea goraipatzeko baliatu du komunikatua ekoiztetxeak: «Mundu osora ekarritako artelanen balioa», besteak beste. Batik bat, Dragoi bola sortzeagatik da ezagun Toriyama, eta, besteak beste horregatik, ezin ukatuzkoa da ezin konta ahala herritarrengan utzi duen arrastoa.

Publikoak zion estimuaren jakitun, orain bakarrik eman dute heriotzaren berri, hileta familian eta lagunartean egin ahal izateko.

Nagoyan (Japonia) jaio zen Toriyama, 1955ean, eta gazte-gazte zelarik erakutsi zuen marrazketa zuela pasio. Dragoi bola sortu eta hark arrakasta izan aurretik, beste lan esanguratsu ugari ere egin zituen sortzaileak. Izatez, 1978an ekin zion ibilbide profesionalari, marrazkigile gisara, Wonder Islanden. 1984an sortu zuen Dragoi bola-ren unibertsoa, Son Goku pertsonaia nagusi. Hura sortu zuenetik, mota guztietako produktu komertzialak atera dira, hala nola serieak, filmak, panpinak eta bideojokoak, manga komikiez gainera. Dragoi bola-k belaunaldiz belaunaldi kateatu ditu irakurle eta ikus-entzule gazteak, baita euskaraz ere, 1991n ETB1 Dragoi bola  ematen hasi zenetik —ondoren heldu zen Dragoi bola Z, animearen bigarren zatia—. Toriyamak 1995ean eman zion amaia serieari, azkenik.

Hala eta guztiz ere, Toriyamak sutsuki segitu zuen sortzen. Baita aitortza jasotzen ere, sorterrian eta nazioartean. Komikigintzaren urrezko aroko erreferente nagusietako bat da, askoren irudiko, eta, esate baterako, Arte eta Letretako Frantziako Ordenako zaldun izendatu zuten 2019an, ibilbidea omentzeko. Bird Studios ekoiztetxeak adierazi duenez, sortzaileak hainbat proiektu zituen oraindik ere esku artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.