Idatz iezadazu, mesedez, BERRIAko Lauhazka atalerako iritzi artikulu bat. 4.500 karaktere ingurukoa eta kultur gairen bat jorratzen duena.
Noski! Hona hemen, BERRIAko Lauhazka sailerako 4.500 karaktere inguruko artikulu bat.
Euskal kultura, gaixo terminala?
Artikulu honetan euskarak eta euskal kulturak gaur egun dituen erronkez hitz egin nahiko nuke. Euskara da Euskal Herriko altxor preziatuena eta gure eginkizuna hura babestea da. Zer ginateke gu euskararik gabe? Zer litzateke euskal kulturarik gabeko Euskal Herria? Abestiak zioen bezala, «ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena». Mehatxu asko bizi ditu gaur egun gure herriak, mundu digitala horietako bat izanik. Gizarte geroz eta konplexuago batean bizi gara eta ezinbestekoa da gai horien inguruan hausnartzea.
Hau da Euskal Herriko guraso eta seme-alaba guztiek ikusi nahi dutena: euskaraz bizi den herri zoriontsu bat, zeru urdinaren azpian eta baso berdearen babesean. Horretarako, ezinbestekoa da guztiok aukerak aprobetxatu eta estrategia argi bat partekatzea. Adibidez, mundu digitala aipatu dugu arestian. Batzuek digitalizazioa gure hizkuntza eta kultura txikien mehatxu moduan ikusten dute, baina bada errealitate berri hau baliatu daitekeela uste duenik ere. Ziur aski, egoera berrietara adaptatzen dakienak izango du etorkizun argitsuena eta, beraz, hil ala bizikoa izango da euskararentzat ere mundu berrietara egokitzen jakitea.
Ez dugu katastrofistak izan nahi baina, aditu guztien arabera, bidegurutze baten erdian gaude. Krisi garaietan atzera begiratzea ongi etorri ohi da, ikusteko zer egin den gaizki baina, batez ere, zer egin den ongi. Izan ere, ikerketa guztiek diotenez, mezu negatibo bidez baino askoz ere hobeki kontzientziatzen da mezu positiboen bidez. XX. mendearen bigarren erdian euskal kultura berritzeko olatu handia bizi izan genuen eta mezu apropos ugari jaso ditzakegu ordutik. Ikas dezagun haiengandik, anai-arrebok! Garai hartan, kulturgileek atzerriko aireak ekarri zituzten hona, baina gure herriaren galbahetik pasata, euskaratik eta euskaraz. Ingalaterran The Police egon zen eta Euskal Herriak Hertzainak taldea eman zuen. The Policek kantatzen zuela: Do, Do, Do, Do? Hemen erantzuten genuen:
Da, Da, Da, Da. Urteak ez dira alferrik pasa eta erreferentziak aldatu egin dira, baina gazteekin konektatzeko beharrak zutik darrai. Euskal reggaetoia eta euskal trapa behar ditugu, euskal twerkinga eta euskal perreoa. Bestetik, gaur egun, kultura batek biziraun dezan ezinbestekoak ditu podcastak. Euskarazko podcastak behar ditugu futbolaz, bideojokoez, makillajeaz eta baita padelsurfaz ere. Era berean, ez dezagun sare sozialen garrantzia ahaztu. Gazteak sare sozialetan ibiltzen dira, hortik jasotzen dute munduan gertatzen ari denaren berri. Horregatik, sare sozialak ere euskaraz behar ditugu. Esate baterako, zergatik ez dugu abiarazten euskal streamearrak sortzeko deialdi publiko bat? Edo bestela, tiktokerrak sortzeko diru laguntza lerro bat? Euskara denean egon dadin lan egin behar dugu denok, instituzioetatik hasita herritar xeheetaraino.
Adimen guztiak beharko ditugu parean ditugun erronka erraldoiei ongi erantzuteko. Benetan herri antolatu bat bagina, Euskal Herriko buru argienak bilduta egongo lirateke orain etorkizuneko kultur-gidalerroak ezartzen. Batzorde batean, adibidez. Euskara Batzordea, esate baterako. Edo Kultura Batzordea. Edo Euskara eta Kultura Batzordea. Kultura bizi batek podcastak behar baititu, baina baita batzordeak ere.
Artifizial irudi dakioke norbaiti euskal kultura diru publikoz lagundu behar izatea, pazientea arnasgailuz bizik mantentzeko modu bat, baina zer ez da diru publikoz laguntzen egun? Autoak? Parke eolikoak? Arma-industria? Kultura minorizatuek mota guztietako babesa behar dute bizirik jarraituko badute, nahiz eta horrek ez duen norbanakoaren ardura ezeztatzen. Izan ere, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.
Bidez bidez, mendiz mendi, Euskal Herri berri bat daramagu bihotzean. Orain itsasoa gara, bihar ozeanoa izanen gara. Arbasoen taupada sentitzen dugu azalaren azpian, zainetatik sentitzen dugu igotzen, landareen izerdi freskoa nola. Horratx euskal kulturaren pultsua.
Idatzi, entzun, pentsatu, hitz egin, aditu, amestu eta imajinatu, baina idatzi, entzun, pentsatu, hitz egin, aditu, amestu eta imajinatu euskaraz. Atzokoengandik zein etorriko direnengatik, guztion artean senda dezagun hilurren den gaixo hau.
Zer iruditu zaizu artikulua? Beste ezertan lagun al zaitzaket?
