Alaine Agirrek irabazi du Joseba Jaka literatur beka berrabiarazia

10.000 euroko laguntza izango du 'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama' proiektua urtebetean burutzeko. Gerediaga elkarteak jaso du, lehenengo aldiz, Ibilbideari Elkar Saria

Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakaria, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria eta Jon Jaka Elkar fundazioko idazkaria, atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Andoain
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ia hamar urteko geldialdiaren ostean, martxan da berriro Elkar Fundazioak antolatzen duen Joseba Jaka literatur beka. Bi urtez behin banatuko dute hemendik aurrera; aurten, nobela edo ipuin sorkuntzarako deialdia egin zuten, eta Alaine Agirre idazlearen Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama proiektua saritzea erabaki dute. Atzo jakinarazi zuten irabazlearen izena, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ekitaldi jendetsuan. 20 urte bete dira aurten Joseba Jaka Elkar etxeko kide zena eta kultur eragilea zendu zela.

Agirrek aurkeztutako laginari merezimendu hauek aitortu dizkio Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok eta Iratxe Retolazak osaturiko epaimahaiak: «Sentimendu eta kezka intimoenak gorpuzteko gaitasuna erakutsi du, nahiz eta askotan zuzenean jorratu ez, baizik sentimenduok gertakarien forman adierazita agertu [...].». Bere lana osatzeko, 10.000 euroko laguntza jasoko du Agirrek, eta urtebeteko epea izango du amaitzeko; lana burutzean Elkar etxeak argitaratuko du.

Joseba Jakaren heriotza gogoratzeaz gain, Elkar taldearentzat ospakizun urtea da aurtengoa. 40 urte dira Donostian Bilintx liburu denda eta Zabaltzen banaketa etxea ireki zituztenetik; eta 20 urte, halaber, Elkar Fundazioa sortu eta garatzen hasi zirela, xede nagusi modura «enpresa eta ekonomia euskal kulturaren zerbitzura jartzea» izanik. Horregatik, aurten lehendabizikoz, Ibilbideari Elkar Saria ere banatu dute, eta Gerediaga elkarteari eman diote, «50 urtez Durangoko Azoka antolatzen egindako lanagatik». Nere Mujikak jaso zuen saria, Joxemari Sors eta Jon Jaka Elkar Fundazioko lehendakariaren eta idazkariaren eskutik. «Erakutsi dute gai direla sortzearekin batera urte luzez hobetuz eusteko, euskal kulturari ikusgarritasunik handiena ematen dion ekimena eratuz eta urteetan zabaldu, indartu eta egokituz, euskal letren azoka nazionala egiteko, gaur egun erreferente bakar dena, beharrezkoa eta ezinbestekoa», nabarmendu zuen Jakak. Sari hau urterokoa izango da, eta urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea du helburu. Aitorpen honek ez du diru saririk izango, Gotzon Huegun artegileak egindako ikurra baizik.

Joxemari Sorsek itxi zuen ekitaldia, eta, besteak beste, euskal industria sendoa lortzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen. «Egitura sendoak falta zaizkigu, euskal industria sendo eta eraginkorra dugu eskas. Hori lortzeko guztion lankidetzaren beharrean gaude, gizarte, enpresa eta instituzio; denen artean kultur politika sendo bat eraiki behar dugu».

Sari eta bekaren ekitaldira jende asko bildu zen. Han ziren, Elkar taldeko kideez gain, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua, Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, Paul Bilbao Kontseiluko zuzendaria, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Joan Mari Torrealdai zuzendari ohia eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, besteren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.