Musika

Alan Griffin musikaria hil da

Irlandan jaioa, 1980ko hamarkadan iritsi zen Euskal Herrira alboka eta txirula jotzailea. Alboka eta Aintzina Folk taldeen sortzailea izan zen.

ALAN GRIFFIN
Alan Griffin, 2012ko argazki batean. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2023ko abenduaren 5a
10:20
Entzun

Alan Griffin musikari irlandarra (Ennis, 1952) zendu da, gaur Joxan Goikoetxea haren lagun eta kideak jakinarazi duenez. «Ez adiorik, Alan Griffin. 1952.01.22 - 2023.12.05. Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña», idatzi du Goikoetxeak Facebooken.

Grifin 1984an iritsi zen Donostiara, literatura alorreko doktoretza baten aitzakian, eta orduan hasi zen euskal musikara hurbiltzen eta hura ezagutzen nahiz maitatzen. Berehala lotu zitzaion euskal musikaren eszenari, eta, batik bat, folkaren edo kantagintzaren alorretan mugitzen ziren musikariekin hasi zen kolaborazioak egiten. Esaterako, Txomin Artolaren eta Amaia Zubiriaren Folk-Lore sorta izeneko disko bildumako hiru aleetan parte hartu zuen txirula eta txilibitua joz, 1991n eta 1992an. Gerora, Xabi San Sebastian, Juan Mari Beltran, Joxan Goikoetxea, Gorka Knorr eta Benito Lertxundiren lanetan ere parte hartu zuen.

Beste musikariekin lan egiteaz gain, Griffinek bere proiektuak ere jarri zituen martxan. Hala, 1994an, Alboka taldea sortu zuen Goikoetxearekin, Artolarekin eta Josean Martin-Zarkorekin batera, dantza musika molde akustiko eta instrumentalean emateko, eta Euskal Herriko kantutegiko doinu ezezagunak aurkezteko asmoarekin. Urte hartan bertan kaleratu zuen taldeak bere lehenengo diskoa, Alboka, eta, Euskal Herrian ez ezik, nazioarteko folk zirkuituetan ere izan zuen oihartzuna.  

Bi beso lur (1998) diskoa grabatu zutenerako, Artolak utzia zuen taldea, eta Juan Arriola biolinista sartua zen proiektuan. Disko horretan segitu zuten tradizioan arakatzen, baina pieza berriak ere sortu zituzten propio diskorako, eta Xabi San Sebastianek ahotsak jarri zituen. Orduz geroztik, hark kantatuko zuen Albokaren diskoetan. Lorius (2001) diskoa Madrilgo Resistencia diskoetxeak kaleratu zuen, eta hiru urte geroago iritsiko zen Lau anaiak. Azken lan horretan, besteak beste, Benito Lertxundik parte hartu zuen. Disko hori, hain zuzen ere, mundu mailako folk disko onenan artean aukeratu zuen Folkworld Alemaniako aldizkariak.

 

Albokak ez zuen agurrik esan, baina taldekideak beste proiektu batzuk lantzen hasi ziren, eta hamahiru urte pasatu behar izan ziren berriro elkartu eta disko berri bat grabatzeko: Lurra, ur, haize (2017). Lan hori Griffinek eta Goikoetxeak sortu zuten, baina kolaboratzaile ugari izan zituzten: Juanjo Otxandorena, Xabi San Sebastian, Amets Arzallus, Alex Sardui, Petti, Eñaut Elorrieta, Iosune Marin, Mikel Urdangarin, Peter Maund....

Abesti narratiboak berreskuratzea

2006an beste proiektu bat jarri zuen abian Griffinek: Aintzina. Otxandorena, Arkaitz Miner eta Zigor Sagarna izan zituen lagun proiektu horretan. Euskal kantu narratibo zaharrak berreskuratzea izan zuten helburu Aintzinarekin, baina pieza berriak ere sortu zituzten. Bi disko atera zituzten: Suitian (2009) eta Kosinatik kanberala (2011).

Ikerlaria ere bazen Griffin, eta lan eskerga egin zuen esparru horretan. J.A.M. Osses luthierrarekin, adibidez, Re tonoan zegoen alboka bat sortu zuen, eta 2007an Hernanin (Gipuzkoa) egindako Albokarien topaketan aurkeztu zuen. Era berean, flauta irlandarrari buruzko mintegiak eman zituen, eta Interfolk aldizkarian ere idatzi zuen musika herrikoari buruz.

2016an, Halfway to Hell. Albokarako 33 doinu liburua argitaratu zuen.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.